Finala atzeratu egingo dute

Asier Imaz 2015ko urt. 8a, 08:06

Euskal Herriko Elkarteen Arteko Lehen Txapelketa Amezketan jokatzen ari dira. Finala igande honetan zen, baina antolatzaileek atzeratzea erabaki dute, eta hilaren 18an jokatuko da.

Horretarako arrazoi nagusia finalerdien atzerapena izan da. Bortziriak eta Usurbil aurreko asteburuan neurtzekoak ziren, baina lau t’erdiko partida jokatu ondoren, buruz-burukoa eta binakakoa bertan behera geratu ziren, pilotalekuak hezetasun arazoak zituelako. Falta diren bi partidak gaur jokatuko dituzte gipuzkoarrek eta nafarrek.


Atzerapen horrek finala prestatzeko egun gutxi utzi dizkie antolatzaileei. Erabakia hartu aurretik, ordea, hiru elkarterekin hitz egin behar zuten: finalean dagoen Galdakaorekin, eta egoteko aukerak dituzten Usurbil eta Bortziriakekin. Guztien onespena jaso ondoren, finala urtarrilaren 18an jokatzea erabaki zuten.


Gaur, azken finalerdia
Bortziria 1-0 aurreratu zitzaion Usurbilen aurreko igandean, lau t’erdian Errandoneak 18-10 irabazi baitzion Quinari. Gaur, beste bi partidak jokatuko dira, Amezketan, 19:00etatik aurrera.


Buruz burukoan Xabier Santxok bere elkarteari lehen puntua eman nahiko dio. Aurkaria, ordea, Jon Olaizola izango da; frontoi osoko espezialista handia. Santxok pilota atzean jartzeko indarra du bi eskuekin, eta tantoa amaitzen ere abila da. Olaizola lesakarrak bolea bortitza du, eta defentsatik erasora pasatzeko ez du arazorik izaten. Tantoa amaitzerakoan ere erraztasun handia du, edozein unetan dejada edo bi pareta egiteko gaitasuna izaki. Partida gogorra aurreikusten da.


Hirugarren partidan, Elola-Gorrotxategi usurbildarrek Mitxelena-Martinez beratarren aurka jokatuko dute. Jakituria eta ausardia aurrez aurre. Finalerako txartela partida horretan erabakiko bada, ikusleak ederki gozatzeko aukera izango du, bi bikoteen maila altuari, puntuaren garrantzia gehituko baitzaio. Finalerdi ikusgarria aurreikusten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!