Zazpi Iturri, kluben arteko txapelketatik at

Ataria 2014ko abenduaren 31

Irribarria eta Legorburu, finalaurrekoetan. JUAN ANTONIO

Galdakaoko Adiskide elkarteak kanporatu du; Aurrera Saiazek jokatuko du bizkaitarren aurka finalerdian.

Kluben arteko nazio mailako txapelketa azken txanpara iritsi da, eta tamalez ez da bertan izango Amezketako Zazpi Iturri taldea. Asteburuan Galdakaoko Adiskide taldearen aurka galdu ondoren txapelketatik kanpo geratu da, eta bizkaitarrek jokatuko dute finalerdia, urtarrilaren 2an, Tolosako Aurrera Saiz elkartearen aurka.

Zazpi Iturri kanpoan geratzea ez zen esperotako emaitza, baina Adiskide elkarteko pilotariak gogotsu aritu ziren eta norgehiagoka eraman zuten. Lehenengo partida Amezketakoentzat izan zen, Irribarriak 18-13 irabazi baitzion Legorbururi, lau t’erdikoan. Bigarren partidan maila handiko jokoa ikusi zen, eta Adiskideko Atutxak 18-16 irabazi zion buruz burukoa Zazpi Iturriko Erostarberi. Hirugarren partidan, binakakoan, Adiskideko Elezkano-Galartza bikoteak 22-13 irabazi zion Zazpi Iturriko Labaka-Santxez bikoteari.

Finalerdiak, urtarrilak 2 eta 4ean
Final laurdenak bukatuta, finalerdien txanda izango da, eta aste honetan jokatuko dira biak, Amezketako Larrunarri frontoian eta 17:00etan hasita. Etzi, urtarrilaren 2an, Tolosako Aurrera Saiaz eta Galdakaoko Adiskide ariko dira nor baino nor. Aurrera Saiazetik ondorengo pilotariek parte hartzea aurreikusten da: lau t’erdian, Arteaga; buruz burukoan, Urretabizkaia; eta binakakoan Labaka-Arratibel. Adiskideren partetik Zazpi Iturrikoen aritutakoak izango direla kantxan aurreikusten da.

Beste finalerdia urtarrilaren 4ean izango da, eta Berako Bortziriak elkartea eta Usurbil ariko dira elkarren aurka. Bortziriak elkartetik, lau t’erdian Mitxelena, buruz burukoan Olaizola, eta binakakoan Errandonea-Martinezek jokatuko dute. Usurbiletik lau t’erdian Urbieta, buruz burukoan Santxo, eta binakakoan Quina-Gorrotxategi ariko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!