Nazio bat, pilotan

Asier Imaz 2014ko abe. 11a, 08:00

Euskal Herriko Elkarteen Arteko Nazio Mailako I. Txapelketa antolatu dute Amezketan. Zeresan handia sortu zuen esku pilota txapelketa da, osagai interesgarri ugari dituelako. 

Lau t’erdian, buruz buru eta binaka jokatuko dira kanporaketak. Banakako lehiak 18ra izango dira, eta  binakakoa 22ra. Bi partida irabazten dituen elkarteak aurrera egingo du. Adina ez da muga izango. Lehen edizioa proba bat izango da, eta hurrengo urtetik aurrera, inskripzioa librea izango da, hau da, nahi duen elkarteak parte hartu ahalko du. Aurten, partida guztiak Amezketan izango dira, baina hurrengo urtean kanporaketak joan-etorrikoak izango dira, eta azken partidak herri batean jokatuko dira.

Abenduaren 14an, igande honetan, 17:00etan hasiko dira lehen kanporaketak. Ondoren, hilaren 20an eta 21ean, eta 28an jokatuko dira beste final laurdenak. Urtarrilaren 2an eta 4an, finalerdien txanda izango da; finala, urtarrilaren 11n izango da. Larrunarri pilotalekuan, 17:00etan hasiko dira txapelketako partida guztiak. Lehia, Aurrera Saiazek eta Huartek irekiko dute.

Euskal Herriko ordezkaritza zabalak parte hartuko du lehen edizioan.

Sari oso potoloak
Txapelketaren irabazleak 3.000 euroko saria izango du. Horrez gain, dietak ordainduko zaizkio elkarte bakoitzari. Irabazleak, beraz, 4.000 euro inguru lortuko ditu. Xalton Zabala Zazpi Iturriko arduradunaren esanetan, elkarte baten urte osoko aurrekontua da dirutza hori.

Igandean Amezketan hasiko den txapelketak, beraz, ikusmina sortu du elkarteen artean. Orain, zaletuen babesa falta da.

Adiskide
Galdakao, bizkaia
• 1975. urtean sortu zuten pilota elkartea.
• Egun, eskola mailako 31 pilotari dituzte, eta 20 federatu. Guztira, beraz, 51. 

Aurrera Saiaz
Bidania-Goiatz, Gipuzkoa
• 1993. urtean sortu zuten elkartea.
• Egun, 28 pilotari federaturekin egiten dute lan. • Luis Galarraga da arduraduna.

Bortziriak
Bera, Nafarroa
• Bost elkarteren batura da, eta 2002an sortu zuten. Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza eta Etxalarko elkarteak ordezkatzen ditu.
• Egun, 25 pilotari federatu dituzte.

 

Huarte
Nafarroa
• 1991. urtean sortu zuten elkartea.
• Egun, eskola mailako 14 pilotari dituzte, eta federatuak 45.
• Faborito papera jarri diote.

Iparralde
Ipar Euskal Herria
• Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan hautaketa egin ondoren, lau pilotarirekin etorriko dira Amezketara: Xabi Mendy, Ion Iturbe, Andoni Mendy eta Bisintxo Bilbo.

Usurbil
Gipuzkoa
• 1964. urtean sortu zuten elkartea.
• Eskola mailako 36 pilotari dituzte egun, eta 28 federatu. Guztira, beraz, 64.

Zaramaga
Gasteiz, Araba
• 1986. urtean sortu zuten elkartea.
• Egun, eskola mailako 34 pilotarirekin egiten dute lan, eta 28 federaturekin.

Zazpi Iturri
Amezketa, Gipuzkoa
• 1975. urtean sortu zuten elkartea.
• Eskola mailako 16 pilotari dituzte, eta 18 federatu.
• Xalton Zabala da arduraduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!