Ekaitz Saralegi: "Ea gogoa eta ilusioarekin aurrera egiterik daukadan"

Asier Imaz 2014ko aza. 28a, 10:51

Lau T’erdiko Txapelketaren bigarren finalerdia bihar jokatuko da Iruñean, 16:45ean hasiko den jaialdian. Nafarroako hiriburuan, Ekaitz Saralegi (Amezketa, 1979) eta Aimar Olaizola ariko dira lehian, Irujoren aurka jokatzeko irrikaz.

Iazko finalerdiak errepikatu dira aurtengo txapelketan.
Sinatuko nuen hasi aurretik berriro ere Aimarren aurka jokatzea finalerdietan. Horrela tokatu da, eta ea nola ateratzen den oraingoan.

Iaz gerra eman zenuen, nahiz eta bukaeran galdu.  
Ea bihar bukaera desberdina izaten den. Esperantza hor dago, nahiz eta zorte txar dezenterekin nabilen azken aldian. Hiru aste hauetan nahiko geldi egon naiz behatzeko arazoarekin. Ahalik eta hobekien prestatzen ibili naiz, baina ez nago onenean. Hala eta guztiz ere, horrelako partida bat jokatzeko gogoa eta ilusioa daukat, eta ea horrela aurrera egitea lortzen dudan.

Zer moduz daukazu behatza?
Astelehenean eman nion indartsu pilotari, eta hobekuntza nabaritu nuen. Ea horrela jarraitzen duen.

Babesen bat jarriko al duzu?
Oraindik behatzak mina ematen du, eta kaputxa berezi batekin ari naiz babesten. Punta gogorra dauka, eta nahiz eta zati horrekin jo, ondo babesten du. Kaputxa horrekin jokatuko dut Labriten.

Pilotari norabidea emateko garaian, nabarituko da.
Horrelako gauza batekin jokatzen duzunean, beti nabaritzen da. Zerbait desberdina da, eta horretara ohitzea besterik ez zait gelditzen. Aste guztian horretan aritu naiz.

Iruñean izango da finala. Zer moduzko pilotalekua iruditzen zaizu?
Ederra. Han jokatzera ohituta gaude, eta jendearentzat ere toki goxoa gelditzen da. Aimarren kontra niretzat frontoi guztiak dira gogorrak, beraz, alde horretatik ez dago aitzakirik.

Eta pilota aukeraketa ondoren, gustura?
Gustura. Berak aurretik aukeratu ditu, eta gero probatzerakoan, asko gustatu zaizkit. Aukeratzen lehena izango banintza, agian, horiek hartuko nituen.

Txapelketan Olaizola II.a ez da gustura ikusi bere buruarekin.
Bere taldeko lehen postuan sailkatuta sartu da finalerdietan. Partidetan gora beherak izan ditu, baina pertsona da, eta horretarako eskubidea baduela uste dut. Urte osoan ondo aritzen den pilotaria da, eta aurkari oso gogorra. Nire ustez bi enpresetan dagoen pilotaririk onena da.  

Nola jokatuko duzu bere aurka?
Nire ustez partidan berak esaten du zein joko egin behar den. Etxetik ideia batekin joaten zarenean, gero batzuetan erabat desberdin jokatzen duzu. Partida nola hasten den ere garrantzitsua da; aurretik hasi eta hori mantentzen saiatzea.

Larunbatean Atanon egon zinen finala ikusten. Jokin Altunari animoak eman ondoren, Artolarekin txantxetan ibili zinen; «lau t’erdiko bi txapeldunak» esananaz. Polita izango litzateke.
Momentuko bromak izan ziren. Artola laguna dut, baita Jokin ere. Bati zorionak eman nizkion, eta besteari, munduko animorik handienak. Herri inguruan bi pilotari handi ditugu, eta izango dira. Jokinek eta Iñakik txapela asko ekarriko dituztelakoan nago, eta biei, bihotz-bihotzez zorterik onena opa diet.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!