Astelehenean Oliten izan zineten Aspeko pilotariak. Zer moduzko eguna izan zen?
Goizean elkartu, argazki batzuk atera, eta bazkaldu egin genuen. Giro ona egon zen gure artean, eta finaleko biharamuna kentzeko egun polita izan zen.
Bestelako biharamuna izateko aukera ere izan zenuen larunbat gauean, Amezketan.
Frontoian nahiko gaizki pasa nuen, eta triste antzean irten nintzen Atanotik. Herrira joan eta horrenbeste jenderekin afaria, gero. Horrek asko lagundu zidan; poz handia eman zidaten.
Finala galdu ala irabazi, gauza bat argi geratu da: herritarrengan zuek ere poz handia sortu duzuela.
Duela gutxi debutatu genuen, eta jendearengan piztu dugun ilusioa oso gauza polita da. Guri ere asko erakutsi digu frontoira horrenbeste jende gerturatzeak. Oso gauza polita izan da.
Finalari bueltak eman al dizkiozu egun hauetan?
Egia esan, ez asko. Oso gaizki jokatu nuen, eta pena handia ematen dit gainera; lehen finala horrela jokatzeak. Argi daukat, ordea, egunak eta egunak daudela, eta batzuetan oso ondo prestatuta joaten zarenean horrelako gauzak gertatzen direla. Beste batean, hain ongi prestatu gabe joan eta partida ona jokatzen duzu. Aspaldi ez nintzen hain ondo prestatu, eta jokatu nuen bezala jokatzeak ematen dit pena. Hurrengo batean izango da.
Txapelketa osoa baloratzen hasten bagara, zer esan gutxi dago: maila bikaina erakutsi duzu.
Hasi aurretik horrelako txapelketa egitea sinatuko nukeen. Asko ikasi dut, eta horrekin geratzen naiz.
Profesionaletako lehen finala izan da. Gauza asko berriak izango ziren zuretzat, finalaren atariko presioa, komunikabideak, jendea...
Dena izan da berria. Aurreko astean horrenbeste elkarrizketa eta hainbeste gauza... pilota aukeraketa egunean bertan, zenbat komunikabide? Gauza berria izan da, eta ongi etortzen da mundu hori nolakoa den pixka bat ezagutzeko. Azken finean, gauzak ondo egiten baldin badira hori hor egongo da beti, eta konturatzeko balio izan du. Egia da ez dela erabat erosoa, baina kirolaren parte da, eta guk ere ematen jakin beharra daukagu.
Oliten egon zara pilotari beteranoekin. Zer esan zizuten?
Batekin eta bestearekin hitz egiteko aukera izan nuen. Irujo adibidez segidan etorri zitzaidan, eta lasai egoteko esan zidan, horrelakoak gertatzen direla eta. Urte gehiago daramatzaten pilotariek antzekoak esateak asko laguntzen dizu, eta baita poza eman ere.
Larunbatean Iruñeko Labriteko harmailetan egongo al zara?
Bai. Ea partida ona egiten duen Saralegik, eta irabazteko aukera duen. Herri guztia poztuko ginateke. Orain denoi bera babestea tokatzen zaigu, eta galdu ala irabazi, berarekin ospatzea.
Ondoren etorriko da binakako txapelketa. Lehen mailakoan jokatzeko esperantzarik bai?
Enpresak ez du oraindik ezer esan. Pare bat aste gelditzen dira horretarako, eta lasai hartu beharra daukat, partidetan maila ona erakutsiz, baina jakitun 18 urte ditudala. Beste batzuk denbora gehiago daramate, eta normalena eurak sartzea izango litzateke. Nik ez daukat presarik. Hala eta guztiz ere, jokatzeak ez jokatzeak baina ilusio gehiago egiten dizu.
Igandean Retegi Biren aurka jokatuko duzu Eibarren?
Binakako txapelketan sartzeko hautagaietako bat da, beraz, zentzu horretan aurkari zuzena. Partida polita eta garrantzitsua izango da.