Eskualdeko finala izango da lau t'erdian, hurrengo larunbatean

Asier Imaz 2014ko aza. 16a, 17:35

Iñaki Artolak Ricoren aurka jokatu du gaur Atanon. Errioxarrak zuntz haustura izan du, eta partida bertan behera geratu da 10-3 alegiarra nagusi zenean. Lehenengo mailako txapelketan Olaetxearen ibilbidea, aldiz, amaitu da, Aimar Olaizolak Ezkurdiari irabazi baitio. 

Ordura arte nagusi izan da alegiarra. Jokaldi bikainak burutu ditu eta tanto bukaera ederrak eskaini. Ricok ezin izan du ezertxo ere egin jokaldi askotan, eta gainera, akats ugari egin ditu. Ondorioz, hasieratik Artolak markagailuan lortu duen aldea handia izan da. 3-10ekoarekin aldagelara alde egin du errioxarrak, eta ez da berriro irten kantxara. "Zapore gazi-gozoa dut, baina pozik nago" aitortu dio Artolak ATARIA-ri. 

Iñaki Artolaren hitzak, gaur, partidaren ostean:

Atzo, berriz, Altuna III.ak Victorri irabazi zion Iruñeko Labriten, eta finalerako txartela lortu zuen. Gaur Artolak gauza bera egin du bigarren finalerdia pasata. Finala hasiera batean bi aste barru jokatzekoa zen, baina hurrengo larunbatean izango da azkenean. Bi pilotalekuk dute aukera partida horretarako: Tolosako Beotibarrek edo Donostiako Atanok. Hala ere, protagonistek esan dutenez, badirudi Donostian jokatzeko probabilitatea handiagoa da. 

Jokin Altunaren hitzak, gaur, Atano III.a pilotalekuan:

Lau t'erdiko promozioko txapelketan Altuna III.ak eta Artolak jokatuko duten bigarren partida izango da finalekoa. Txapelketaren lehen partidan, ligaxkakoan, biek elkarren aurka jokatu zuten Alegian. Orduan, etxeko pilotariak irabazi zuen lehia: 22-11.

Lehen mailako txapelketan, berriz, ostiralean zehaztu zen Saralegik aurrera egingo duela eta final aurrekoak jokatuko dituela. Mikel Olaetxeak, aldiz, ez du bertan izaterik izango, Aimar Olaizolak Ezkurdiari irabazi baitio. Ez da partida ona izan, huts askokoa, baina Goizuetakoak ez du barkatu, eta bera izango da Saralegiren aurka arituko dena final aurrekoan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!