Amezketako udalbatzak aho batez onartu ditu 2014rako aurrekontuak. Bilduren 6 hautetsik, eta Amezketa Elkarlanean taldeko bakarrak, zenbakiak aurrera atera zituzten baiezko botoarekin. Milioi bat eta 131 mila euro. Iazkoekin alderatuta, 22 mila euro gehiago. Zenbaki horietan, inbertsioetarako erabiliko dituzten 40.000 euro azpimarratu behar dira. 2009an Gipuzkoako Foru Aldundiak uste baino diru gutxiago bildu zuen, eta ondorioz, udalak jasotakoaren zati bat itzuli beharrean aurkitu ziren. Hiru zatitan itzuli du diru hori Amezketak, eta iaz amaitu zuen ordainketa.
Xatur Zabala Bilduko zinegotziaren esanetan, diru hori herri txiki batentzat asko da, eta itzuli beharraren edo inbertsioetara erabiltzeko aukeraren arteko aldea, handia. Alde horretatik eta orokorrean, udal ordezkariak gustura daude iragan astean onartutako zenbakiekin.
Inbertsioen atalean ondorengo proiektuak nabarmendu ditu Zabalak: «Baserri bide bat berritzeko aukera izango dugu aurten, baita ur ornidura berritzekoa ere». Horrez gain, pilotalekuaren pintaketa dago inbertsioen zerrendan. Guztira 220.000 euro bideratuko dituzte atal horretara.
Zorpetze mailari dagokionez, sarreren %75aren azpitik egon beharra daukate udalek, eta Amezketak baldintza hori betetzen duela esan du Bilduko zinegotziak.
Azkenik, Fernandoren Urtea aipatu behar da, aurrekontuetan ere isla duelako urteurrenak. Udalak kultur ekitaldietarako, beraz, nabarmen handitu du bere ekarpena.
Zenbakiak atalez atal eta xehetasun handiagoarekin ezagutu nahi dituenak, udaletxera joateko aukera dauka, bertan eskaintzen baitute informazio guzti hori.
2014ko aurrekontuak
GASTUEN EGOERAOperazio korronteak
· Pertsonalaren lansaria 300.308 euro
· Ondasun arrunten eta zerbitzu gastuak 337.444 euro
· Finantza gastuak 6.150 euro
· Transferentzia arruntak 184.964 euro
Kapital eragiketak
· Inbertsio errealak 220.286 euro
· Kapital transferentziak 18.400 euro
· Pasibo finantzieroak 63.990 euro
GUZTIRA 1.131.542 euro
SARREREN EGOERA
Operazio korronteak
· Zuzeneko zergak 162.375 euro
· Zeharkako zergak 6.000 euro
· Tasak eta bestelako sarrerak 239.320 euro
· Transferentzia arruntak 602.000 euro
· Ondareen sarrerak 31.036 euro
Kapital eragiketak
· Inbertsio errealak 0 euro
· Kapital transferentziak 90.811 euro
· Pasibo finantzieroak 0 euro
GUZTIRA 1.131.542 euro