Gutuna: "Desobedientziaren bidea aspaldi ireki zen herri honetan"

Irati Mujika, Idoya Iragorri, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou 2013ko urriaren 23a

2009ko azaroaren 24an, goizaldeko ordu txikitan Guardia Zibila eta Polizia Nazionalak 34 gazte independentista atxilotu gintuzten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Lege antiterroristaren itzalean inkomunikatu eta torturatu gintuzten Madrileko txakurtegietan eta Marlaskaren aginduz espetxeratuak izan ginen gehienak.

Hilabete batzuk beranduago, torturatik ihes egitea lortu zuten 5 gazte atxilotu zituzten Lapurdin eta beste 3 Italian. Euroaginduak aplikatuz Espainiaratu eta espetxeratuak izan ziren hauek ere.
Segiko kide izateaz akusatu gintuzten guztiok, justizia espainiarrak terrorista izendatutako gazte antolakundea. Espetxean urtebete eta bi artean igaro genituen eta milaka eurotako fidantzak ordaindu ondoren baldintzapeko askatasunean aurkitzen gara guztiok: aldioro epaile baten aurrean aurkezteko betebeharrarekin eta askok Espainiar estatutik ateratzea galarazita dugu.
Aste honetan hasi da Madrilen 40 gazterenen aurkako epaiketa, bakoitzak 6 urteko espetxe zigor eskaera dugularik. Audientzia Nazionalak ez du zilegitasunik euskal herritarrak epaitzeko, salbuespen neurrietan oinarrituta baitago. Behin eta berriz, torturapean lortutako testigantzekin zigortu baititu militante euskaldunak.
Egoera honen aurrean planto egin dugu: ez diegu erraztasunik emango gazte independentistak bidegabeki zigortzeko, ez diegu erraztasunik emango konpromisoa espetxeratzeko, ez diegu erraztasunik emango hurrengo belaunaldiak errepresioaren bidez baldintzatzeko.
Euskal Herri askea dugu amets, independentea, sozialista, feminista eta euskalduna. Borroka honetan murgildu ginenetik, argi genuen errepresioaren atzaparrak hurbil izango genituela, baina  gu espetxeratzeak ez du gure militantzia indartu baino egin. Konpromiso honek bultzatu gaitu erabaki hau hartzera. Argi dugu gure militantzian eragina izango duela, baina ezinbestekotzat jo dugu une honetan guztia baldintzatzea aurrerapausoak eman ahal izateko. Gure etorkizunaren jabe izateko modu bakarra baitugu: antolatzea, borrokatzea eta eguneroko garaipen txikiez askatasunean bizitzea.Desobedientziaren bidea aspaldi ireki zen herri honetan, inposatutako lege eta zigorrei aurre egiteko. Guk bide horretan beste urrats bat eman nahi dugu, baina gure ekimenak ezinbestean herritarren babesa, parte hartzea eta kolaborazioa behar du. Gurekin batera lanera gonbidatzen zaituztegu dinamika honek fruituak eman ditzan. Herri bat paren izanik soilik lortuko dugu lotuta gaituzten estatuak mugiaraztea eta horretarako lehen zita urriaren 26an, larunbatean, dugu Bilbon.

Animo eta kalean ikusiko gara!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!