4.200 alegazio Amasamendiko proiektu eolikoaren aurka

Tolosaldeko Ataria

Amasamendi Bizirik taldeak udalari proiektua geldiarazteko dituen eskumen guztiak baliatzeko eskatu dio, eta mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du.

Amasamendiko proiektu eolikoaren aurkako 4.200 alegazio aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzan, herritarren eta hainbat eragileren izenean. Azaroaren 27ra arte Amasamendi Bizirik taldeak informazio eman eta alegazioak sinatzeko postuak jarri ditu Amasa-Villabonan, Urnietan, Andoainen, Hernanin eta inguruko herrietan.

Premier ESPF Renovables enpresak Amasamendin bi aerosorgailu eta goi-tentsioko linea bat jartzeko asmoa du, eta horretarako Amasa inguruan bideak zabaltzeko lanak egin beharko lituzke. Egitasmoak biodibertsitatean, bereziki babestutako hegazti eta saguzarrengan, eragingo lituzkeen kalteak «onartezinak» direla uste du Amasamendi Bizirik taldeak.

Herritarren aurkakotasuna agerian geratu dela esan du plataformak, 2025eko udan bildu zituzten 1.548 sinadurek erakusten dutenez. Orain, proiektuari aurkeztutako 4.200 alegazioak, berriz, herritarren antolakuntzari esker lortu direla azpimarratu dute.

Udalarentzat eskabideak

Amasamendi Bizirik taldeak udalari koherentziaz jokatzea eta dituen eskumen guztiez baliatzea eskatu dio, proiektu eolikoa atzera botatzeko. Horretarako eskabide formal bat eta txosten juridikoa bidali dizkio Amasa-Villabonako Udalari. Txostenean diote Amasamendiko proiektua zuzenbidearen aurkakoa dela, eta udalari baimenik ez ematea eskatzen diote, horretarako udalak dituen eskumenak eta toki-erakundeen parte hartzea baliatuta.

Parke eolikoa ez dago aurreikusita Tolosaldeko Lurralde Plan Partzialean (LPP), ezta Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (LPS) ere. Beraz, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako aurreikuspenen aurkakoa dela ondorioztatzen du Amasamendi Bizirik taldeak; zuzenbidearen aurkakoa, alegia.

Gainera, proiektuaren aurkariek nabarmendu dute Villabonari dagokion eremuko Lurralde Plan Partzialak instalazio eolikoak jartzeko lurzoruak erreserbatzen ez baditu, plan bereziek ere ezingo luketela halakorik egin. Legez kanpokoa litzatekeela esan dute.

Hain zuzen, lurralde antolamenduari eta haren araubide juridikoari buruzko kontsiderazioetan oinarrituta, udalak proiektuaren aurka egin beharko lukeela berretsi du Amasamendi Bizirikek, eta horretarako, toki-erakundeek prozeduran parte hartzeko eta haien adostasuna adierazteko duten aukera baliatu beharko luke –Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 11. artikulua–. Beste eskakizun bat ere egin dio udalari: proiektuaren bideragarritasunari buruzko txosten juridiko eta tekniko guztiak herritarren eskura jartzeko.

Eusko Jaurlaritzan alegazioak aurkeztu ondoren, plataformako kideek esan dute udalak orain arte ez duela argi adierazi zeintzuk diren proiektua geldiarazteko dituen eskumen propioak. «Anbiguotasunez» jokatu izana egotzi diote. «Ezin da gehiago erdibideko diskurtsoen atzean ezkutatu. Momentuak jarrera politiko argia eta konpromisoa eskatzen ditu».

Amasamendiko proiektua gelditzeko dituen baliabide juridikoak eta hirigintza mailako tresnak «modu irmoan» baliatu ditzala exijitu diote udalari.

Borrokan segitzeko deia

Amasamendi Bizirik taldeak esan du mobilizazioekin jarraituko duela proiektua behin-betiko gelditu arte, eta gogoan hartu dute Zizurkil, Aia eta Usurbilgo lurretan bi aerosorgailu jartzeko aurreikusten duten proiektua ere. Azaroaren 5ean argitaratu zuten proiektua egiteko baimen eskaera Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

«Argitalpen berri honek erakusten du finantza-funtsek eta multinazionalek gure mendiak industrializatzeko eta trantsizio energetiko faltsuaren izenean etekin pribatuak handitzeko asmoa dutela», azaldu du taldeak. Argi utzi dute ez dutela onartuko, ez Amasamendin ez  inon, natura eta ingurunea suntsituko duen proiekturik. Antolatzen, saretzen eta lurraren defentsan borrokan jarraituko dutela jakinarazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!