Baimen eskaera berri bat egin dute Ezkeltzu inguruan parke eoliko bat eraikitzeko

Tolosaldeko Ataria

Bi haize-errota aurreikusten dituzte eta poligonoak Aia, Usurbil eta Zizurkilgo lurrak hartuko lituzke.

Alerion Spain SL enpresak aldez aurreko administrazio-baimena eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, 9,9 MW potentzia gordina duen parke eolikoa eraikitzeko, Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udal-mugarteak hartzen dituen eremuan. Bi haize-aerosorgailu aurreikusten dituzte.

Parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehia-eskabidea aurkeztu ahal izango dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta hogei eguneko epean.

Bigarren eskaera

Ez da lehen aldia, Zizurkilgo Ezkeltzu inguruan poligono eoliko bat eraikitzeko egitasmoa aurkezten dutena. 2022an Green Capital Development enpresak eskatu zuen aurretiazko baimena. Orduko hartan, 200 metroko altuera zuten lau aerosorgailu eraiki nahi zituzten.

Andatza-Ezkeltzu Bizirik herri plataforma sortu zen egitasmoaren aurka egiteko eta bide luzearen ondoren, Zizurkilgo udalak jakinarazi zuen Green Capital enpresak bertan behera uzten zuela Ezkeltzuko parke eolikoa egiteko proiektua. Espainiako Aire Segurtasuneko Agentziaren (AESA) irizpen teknikoak erabakigarriak izan ziren kasu hartan; aire segurtasunari zegozkion arazoak argudiatu zituen orduan enpresak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!