Lan molde pausatu, arretatsu eta nekeza zen Vicente Ameztoi Olasagastirena (Donostia, 1946 – Villabona-Amasa, 2001). Ez zuen nolanahi margotzen, ez zernahirekin ere, eta are gutxiago edozertaz. Ondu nahi zuen artelan bakoitzak denbora eta ardura eskatzen zioten, eta azken muturreraino jarraitzen zion egindako pauso bakoitzaren emaitzari, haren unibertsoari zentzua ematen zioten elementuak eta ideologia baliatuz beti, orobat begetazioa. Garai hartako joera abstraktutik urrun, arte figuratibo oso xehea landu zuen. Ez zen, hortaz, artista oparoa izan. Alta, pintore garaikide estimatuenetako bat da, eta publiko zabal batek ezagutzen ditu haren lan sonatuenak.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.
ATARIAk Virginia alaba elkarrizketatu zuen iaz, eta aitaren inguruan hitz egin zuen. Gizon ausarta izan zela esan zuen, «ez zitzaion zirkuituetan sartuta egotea gustatzen eta bere erritmoan egiten zuen lan. Zaila da hori gaur egungo munduan eta hor egoten zen ama hori guztia kudeatu nahian. Falta denez geroztik ere, gogo betez arduratu da ama aitaren lana kontserbatzen eta ezagutarazten». Bere lana gehienbat bilduma pribatuetan dagoela gehitu zuen: «Guk zerbait mantentzen dugu baina oso gutxi. Duela bost urte, pandemiaren aurretxoan bere atzerabegirakoa antolatu genuen Bilboko Arte Ederren museoan. Paradoxikoa izan zen. Bere koadroetan ohartarazten zuen pandemia bezalako zerbait etor zitekeela eta arlo askotatik aztertu zuen gizakiaren eta naturaren arteko harremana bere koadroetan. Museoaren atarian kartel handi bat jarri zuten, Zumetaren koadro bat, non aita agertzen den barre-murritza egiten eta ahoa eskuarekin estaltzen. Pandemia osoan gutaz barrezka aritu izan balitz bezala. Ama eta biak barre asko egin genuen horren kontura. Pentsatzen hasita berezia izan zen: behin ere elkartu gabeko obrek hainbat hilabete eman zituzten museoko areto hartan, bakar-bakarrik».