Asteburu honetan Flors al Mercat azoka berezian parte hartuko du Virgina Ameztoy Lopez-Montenegrok (Amasa-Villabona, 1972) eta harako bidaia prestatzen ari dela hitz egin du Ataria-rekin. Azoka espezializatua da eta, modu batera edo bestera, landareekin lan egiten duten artisauak izango dira Bartzelonako Poble-sec auzoan egingo den azokan. Tindu naturalarekin tindatutako txapelak eta jantziak eramango ditu Ameztoyk.
Noiz erabaki zenuen estanpazio eta tindatze lanetan hastea?
Txikitan Villabonako ikastolan aritu nintzen, baina gero, behin nerabezarora iritsita, ez nuen inon motibaziorik topatzen. Nik banuen loturatxo bat serigrafiarekin, Etxe-Ondo txirrindulari markako arropak gure etxean egiten zituztelako. Horregatik edo, serigrafia ikastaro batean eman nuen izena 17 urterekin Artelekun, ireki berria zela. Manolo Bello izan nuen irakasle eta ikastaro hartan nirekin elkartu ziren Maria Cueto, Pedro Amunarriz eta Oier Villar bezalako artistak. Asko gozatu nuen uda hartan. Behin hori eginda, gurasoek Londresera joatera animatu ninduten.
Zer topatu zenuen Londresen?
Gauza asko. Sekulako arte eskolak ezagutu nituen han. Mundu oso bat zabaldu zitzaidan hara bidaiatu nuenean eta gogoratzen dut guztia zela oso dinamikoa. Iritsi eta unibertsitaterako sarbidea prestatzeko ikastaroa egin nuen, artean ingelesa ez nuelako erabat menderatzen. Hala ere, bidea asko erraztu zidatela esan beharra daukat, portfolio bat prestatu eta nire lantxoak eskola ezberdinetan aurkezteko aukera eman zidatelako. Unibertsitatean diseinu ikasketak egin nituen eta fakultatean estanpazio eta serigrafia departamenduan aritu nintzen; estudioan egiten genuen lana eta eskultura, argazkilaritza eta pintura oinarri hartuta diseinu bat sortu eta handik oihalera pasatzen genuen; prozesu guztia gure esku geratzen zen, hutsetik abiatzen ginen. Oso estanpazio teknika egokiak ezagutu nituen. Gozamena izan zen niretzako, ikaragarri motibagarria.
Gustatu eta han egin zenuen hamarkada bat.
Bai. Gure ikasketek aukera ematen zuten ehun diseinuan lan egiteko —ordenagailu bidez eta—, baina nik artisau erara aritzea hobetsi nuen. Dena den, proposatzen zidaten guztia iruditzen zitzaidan interesgarria. Ikaskide izandako bi lagunekin eskola aldamenean abandonatutako serigrafia tailertxo bat berreskuratu nuen. Etxe handi bateko jardin batean zegoen, sasiz beteta, eta guk dena txukundu eta egokitu genuen. Londresen dinamika egokia zegoen horretarako eta erraz irekitzen zizkizuten ateak dendetan, nahiz eta zure lana ezagutu ez. Azoketan parte hartu eta diseinatzaile interesgarri asko ezagutu nituen bolada hartan.
Zer-nolako lanak egiten zenituzten serigrafia tailerrean?
Bilduma txikiak eta bereziak egiten genituen, oso modu artisauan, fularrak eta bestelako apaingarriak. Denbora batera nire kideek utzi egin zuten tailerra eta nire kabuz jarraitzea erabaki nuen. Bolada batean artilearekin egin nuen lan eta oso ondo joan zitzaidan. Dendatxo bat ere izan nuen Camdenen eta asko ikasi nuen, eskolan erakusten ez dizkizuten produkzioaren eta salmentaren aldeak ezagutu bainituen han. Ongi etorri zitzaidan.
Zergatik erabaki zenuen Londrestik itzultzea?
Gehienbat nire aitaren —Bixente Ameztoyren— egoeragatik, ordurako pattal zebilen. Hona etorri eta aldaketa handia izan zen niretzako, bestelakoa baita hemen aritzeko modua. Iruran tailer batean aritu nintzen hasieran eta museoetako dendetan ere hasi nintzen nire lanak saltzen.
Aldi berean hasi zinen tailerrak eskaintzen?
Bai. Balentziaga museoa zabaltzear zela estanpazioaren inguruko tailer bat egiteko aukera proposatu nien eta baiezkoa eman zidaten. Une horretan beste bide bat zabaldu zitzaidan nire ibilbidean eta ordudanik horretan nabil. Gehienbat estanpazio teknikak erakusten ditut. Askotariko jendea etortzen da saio hauetara eta horrekin izugarri gozatzen dut.
Tindatzea eta oihal gaineko estanpazioa. Horiek dira zure espezialitateak?
Bai. Horretan hasi nintzen, baina duela sei bat urte erabateko aldaketa egin nuen. Ordura arte tindu sintetikoarekin aritzen nintzen eta, gero, estanpazioa egiten nuen serigrafiarekin. Horretan aritzen nintzen, harik eta, trantsizio bat egin nuen arte tindu naturaletara. Aspalditik zetorkidan kezka zen eta salto egitea erabaki nuen. Inflexio puntu bat izan zen eta nire lan egiteko moduari buelta bat eman nion. Bidea ederra izan da.
Tindu naturalak zergatik?
Arrazoi askogatik. Lehendabizi osasunagatik. Nik erabiltzen nituen tinduak oso kutsakorrak ziren. Tailer askotan umeekin egiten nuen lana eta heziketa ikuspegitik ere horrek ezinegona eragiten zidan. Behin mundu horretan sartuta ikusi nuen informazio asko zegoela gaiaren inguruan. Probatzen hasi eta momentu batean beharra sortu zitzaidan horrela lan egiteko. Tinduaren historia liluragarria da, benetan.
Nondik ateratzen dira tindu naturalak?
Landareetatik, intsektuetatik eta baita mineraletatik ere. Arroketatik ateratzen diren koloreak oso politak dira, beroak. Oihalak ezin dira horiekin tindatu, baina sortu ditzakezu arte ederretarako materialak horrekin, akuarelak adibidez. Txikitako oroitzapena ere gordetzen dut, aitarekin Leitzaranera errekara joan eta nola ibiltzen ginen arrokak lurraren kontra kolpatuz koloreak ateratzen. Orain nik familiarekin berdina egiten dut: aurrekoan Zelatunera joan ginen eta han ibili nintzen harriak biltzen.
Zein intsektutatik atera daiteke kolorea?
Kotxinilatik, adibidez. Arrosa kolorea lortzen da intsektu hori erabilita; Hego Ameriketatik dator eta, gaur egun, Kanariar Uharteetan hazten dute, besteak beste. Kosmetika-industrian asko erabiltzen dute eta baita janaria tindatzeko ere. Nopal kaktusean hazten da eta emeek karmina jariatzen dute. Badago beste intsektu bat kolore gorria lortzeko, Indiako lacca izenekoa, eta kolore purpura, berriz, itsasoko molusku batetik eskuratzen dugu. Gogoan dut Marokora joaten zenean nola ekartzen zidan aitak purpura kolorea ontzi batean.
Tindua lortu ahal izateko landareak hemen gertu lortu daitezke?
Bai. Ni beti nabil ikasten. Landareen mundua ikaragarri zabala da. Aurretik esperientzia handirik ez nuen eta, beraz, ikasteko bide luzea daukat aurretik.
Oihalarekin ere neurri bereko ahalegina egin duzu?
Tindu naturalak erabiltzen dituenak derrigorrez erabili behar ditu oihal naturalak. Oihal sintetikoak ez dira bateragarriak tindu naturalekin. Zetak, lihoak, artilea, kotoia eta horrelakoak erabiltzen ditut. Nik nire obsesioa daukat oihalekin, diferenteak probatzea gustatzen zait. Nire hornitzaileek oso oihal ederrak dauzkate eta plazera eragiten dit ikusteak tindatzerakoan nola aldatzen diren emaitzak oihal batetik bestera.
Zuk baduzu oihal gustukorik?
Zaila da esaten. Baina belusa asko gustatzen zait, askotan erabili izan dut. Agian Ingalaterrako eragina izango da, batek daki, baina han asko baliatzen dute. Belusak distira ematen du eta kolorea hartzeko modu berezia du; janzteko ere oso atsegina da.
Eta kolore gustukorik?
Denborarekin geroz eta kolore gehiago gustatzen zaizkit eta orain, landareekin lanean hasi naizela, esan dezaket denak gustatzen zaizkidala. Denak iruditzen zaizkit ederrak. Zabaldu egin zait koloreekiko lehen nuen begirada. Izugarri gozatzen dut koloreak sortzen. Estimulatzailea da niretzat.
Jendeak Euskal Herrian janzterakoan baliatzen al ditu koloreak?
Egia esan nahikoa berdintsu joaten da jendea hemen. Pertsona batzuk koloreekin sentsibleagoak dira eta atzematen da janzterakoan garrantzia ematen diotela koloreari. Nabari zaie kolore eder bat daramatenean, nola gozatzen duten hura soinean eramanda. Esango nuke bakoitzak baduela bere kolore-hizkuntza. Nik askotan erreparatzen diot horri.
Abenduan Senegalera egin zenuena zer izan zen, kolore berrien bila eginiko bidaia bat?
Neurri batean bai. Lagun baten bitartez kultura-murgiltze bidaiak antolatzen dituzten bi nesken berri izan nuen; artistak gonbidatzen dituzte formazio bat egiteko munduko beste tokiren batera. Aldi berean, bertako artisauekin harremanetan egon eta haiengandik ikasteko aukera ematen dizute. Duela bi urte izan nuen proposamen honen berri, baina gauzak poliki hartzekoa naiz ni, eta azkenean, iaz animatu nintzen. Maddi Trutxuelo andoaindarra etorri zen nirekin batera. Ekol Senegal elkartekoek Casamancen dituzte proiektuak eta han dagoen natura zoragarria da, batez ere, tindu naturalei dagokionez. Hango landareekin lan egiteko eta esperimentatzeko aukera izan nuen.
Bertakoek zer-nolako eskulangintza egiten dute?
Hango emakumeek oihalekin egiten dute lan eta haiekin zenbait gauza egiteko aukera izan nuen. Truke interesgarria izan da, liluragarria. Hainbat teknika erabiltzen dituzte, tai-dai izenekoa adibidez, baina euren eremura eman dute eta ukitu afrikarra eman diote. Hango emakumeak oso gogorrak dira, ederrak eta maitekorrak. Familia osoaren zaintza euren esku geratzen da, baina hala ere, ez dute ikasteko aukera alferrik galtzen ezta gauzak egiteko grina albo batera uzten. Bidaian hazia jarri genuen, eta honek guztiak jarraipena izango duela iruditzen zait. Kultura zabaltzeko eta eskaintzeko Ekol Senegal elkartekoekin lankidetzan jarraituko dugu.
Zer-nolako ekoizpena egiten duzu zuk?
Ekoizpen txikiak egiten ditut: fularrak, zapiak eta zetazko, artilezko edo belusezko apaingarriak. Gehienbat hori eta gero asko gustatzen zait vintage arropa erostea eta tindatzea. Estanpazio botanikoa ere egiten dut eta serigrafia ere bai.
Eta orain Elosegiko txapelak tindatzen dituzu.
Bai. Oso ilusionatuta nago proiektu horrekin. Zurian erosten ditut eta tindu naturalekin tindatzen ditut, mimosarekin, indigoarekin eta bestelako landareekin. Oso politak geratzen dira eta niri goxoki bat iruditzen zait lan hau egitea. Aspalditik datorkit txapelekiko joera hori: Balentziaga museoan proposatu nuen lehenengo ikastaroa feltrozko txapelen ingurukoa izan zen. Eskuz egiten genituen eta harrera oso ona izan zuten. Txapel bat egiteak, ordea, denbora eskatzen du eta horregatik Elosegirekin harremanetan jarrita, haienak erabiltzen ditut orain.
Eskulangintzako lana sakrifikatua da?
Bai. Ordutegirik ez da izaten gure ofizioan, ahalik eta gehiena eskaini behar izaten zaio. Tailer txiki bat daukat Sacemgo lantegia zeneko horretan, udalak utzita baina lekua txiki geratu zait. Kazola geroz eta handiagoak erabiltzen ditut landareetatik tinduak ateratzeko eta ez daukat espazio nahikorik. Beti ekoizpen txikiak izaten dira baina baldintza egokietan aritzeko tokia behar dut, piezak banaka-banaka egin nahi ez baditut behintzat. Orain etxean tindatzen hasi naiz, baina ez da toki erosoa niretzat. Espazio baten bila nabil, han nire lan guztiak egin ahal izateko.
Balioa ematen al dio jendeak eskulangintzari?
Badago jendea balioa ematen diona, baina horretarako dinamika bat sustatu behar da, jendea ez baita egun batetik bestera iritsiko gure lanari balioa ematera. Gaur egungo kontsumo ohiturak berrikusi beharko genituzke eta artisau lanaren atzean zenbat lan dagoen ikusarazi. Orain, adibidez, artilearekin lana egiten hasita dago jende gaztea eta horrek asko poztu nau. Kontzientzia hartzen hasita gaudela dirudi eta artisau bezala lan egiteko interesa agertzen dutela geroz eta gazte gehiagok. Formazio handirik ez dago baina ikusten da badagoela segida.
«Artisau bezala lan egiteko interesa agertzen dute geroz eta gazte gehiagok, poztekoa da»
Zu ere elkarlanean aritu izan zara herriko beste artisauekin.
Bai. Buruan nerabilen horrelako zerbait egitea eta Etxeondo Fest izenekoa antolatu genuen 2022an. Niri hemengo azokak oso gogorrak egiten zaizkit, kalean edo frontoietan egiten direnak. Ez dira toki aproposak gure lanak inguratzeko. Nik uste dut guk egiten dugun lana, nolabait, leku batekin indartu behar dela. Eszenarioa oso garrantzitsua da niretzat. Demagun oihal ederrak egiten dituzula eta bat-batean pilotaleku batean sartzen zaituzte: giro hotza, iluna, argi artifizialarekin... Behar horri jarraika bururatu zitzaidan gure etxe ondoko parkea baliatzea azoka egiteko. Elkartu ginen zenbait artisau eta oso jai polita atera zen.
«Hemengo azokak oso gogorrak egiten zaikizt, ez dira aproposak gure lanak inguratzeko»
Zure bizilekua ere baliatu duzu erakusketak eta azokak antolatzeko.
Bai. Eguberrietan egin nuen beste erakusketa bat hemen Etxe-Ondon. Nire lanak erakusten ditut eta baita aitaren artelan batzuk ere. Oso informala izaten da, jendea etorri eta salda bat ateratzen diet, arratsalde pasa polita izaten da. Beti artista bat gonbidatzen dut, eta aurreko abendukoan, Artelekun ezagutu nuen Ibon Mainar gonbidatu nuen, margolaria. Beti aberasten du beste artistekiko elkarlanak. Buruan daukadan proiektua ateratzen bada —tailer-galeria modukoa izango da— eta beste artistei txoko bat egingo dute bertan.
Tailerrak ere eskaintzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai. Duela bi uda hasi nintzen etxean tailerrak eskaintzen. Balentziagan egiten dut lan baina han programazio oso zurruna da, ordutegi bati jarraitu behar izaten diot. Gustura nabil han, baina beste bide bat ere zabaldu nahi nuen eta hemen hasi nintzen tailerrak ematen. Etxean dauzkat ezkaratza, jardina, etxe barruko espazioa... disfrutatzeko tokia izan daitekeela iruditu zait. Etortzen den jendea gero bazkaltzen geratzen da eta topatzeko gune bat bihurtzen dira tailerrak. Oso modu lasaian egiten dugu lan. Maiatzetik aurrera hasiko naiz tindaketa eta estanpazio teknikak erakusten Etxe-Ondon. Parte hartu nahi dutenek virginia.ameztoy@gmail.com helbidera idatzi dezake, edo bestela Virginiameztoy.com webgunean edo nire Instagram profilean izango du informazio guztia.
Etxe-Ondok ematen du horretarako aukera. Zer-nolako historia du eraikin honek?
Luzea. Etxe honetan Ameztoy familiak 300 urte daramatza. Enpresa munduan ibili izan dira nire aurrekoak, Bergarako kotoi-fabrikan eta garaiko oihal-industrietan ere bai. Uste dut hortik ere badatorkidala zaletasuna, nahiz eta historia hori guztia behin oihalekin hasi eta gero jakin.
Etxe-Ondo ondarea da, zaindu beharrekoa. Karga suposatzen al du horrek zuentzat?
Bai, batzuetan zaila egiten zaigu. Ez naiz ni bakarrik bizi etxean, zati ezberdinetan banatuta baitaukagu, baina dena den, mantenu handia eskatzen du egiturak berak, etxeak urte asko baitauzka. Gainera ez da nahi bezainbeste laguntza egoten horretarako. Arazo handia daukagu usoekin, adibidez, aspalditik kendu nahi ditugu eta ez dakigu nola. Buruhausteak bai, baina, hala ere, beste alde batetik begiratuta, espazio zoragarri bat daukagu.
Nola gogoratzen duzu aita?
Egunero akordatzen naiz harekin. Oso gazte joan zen, 55 urterekin. Faltan sumatzen dut, hutsune handia utzi zidan. Gizon ausarta izan zen eta beti arriskatzen zuen. Argi zuen bere bizi-filosofia. Ez zitzaion zirkuituetan sartuta egotea gustatzen eta bere erritmoan egiten zuen lan. Zaila da hori gaur egungo munduan eta hor egoten zen ama hori guztia kudeatu nahian. Falta denez geroztik ere, gogo betez arduratu da ama aitaren lana kontserbatzen eta ezagutarazten.
Zuk aitaren antza baduzu?
Gauza batzuk sentitzeko moduan, segur aski. Zorte handia izan dut gurasoekin: asko ikusi eta ikasi dut eta asko bizi izan dut haiekin. Ez naiz ume arrunt bat izan. Bi mundu bizi izan nituen, bat Etxe-Ondokoa, liluragarria, eta bestea kalekoa. Kontraste handia zen bi munduen artekoa. Askotariko jendea etortzen zen etxera, artista asko, eta horrek guztiak egin nau naizen bezalakoa. Zortea izan dut bizitzan.
Zein aholku ematen zizkizun aitak?
Arriskatu egin behar nuela esaten zidan aitak. Erosotasunean ez jausteko, pasioa mantentzeko. Londresera ikastera joateko gomendioa ere gurasoek egin zidaten eta joan izan ziren ni bisitatzera. Aitarekin museora artelanak begiratzea gozamena zen; ez zizun azalpen handirik emango, baina bere begirada konpartitzen zizun. Esperientzia oso zirraragarri bihurtzen zen harekin koadro bat begiratzea.
Bixente Ameztoyren obra non dago gaur egun?
Bilduma pribatuetan gehienbat, guk zerbait mantentzen dugu baina oso gutxi. Duela bost urte, pandemiaren aurretxoan bere atzerabegirakoa antolatu genuen Bilboko Arte Ederren museoan. Paradoxikoa izan zen. Bere koadroetan ohartarazten zuen pandemia bezalako zerbait etor zitekeela eta arlo askotatik aztertu zuen gizakiaren eta naturaren arteko harremana bere koadroetan. Museoaren atarian kartel handi bat jarri zuten, Zumetaren koadro bat, non aita agertzen den barre-murritza egiten eta ahoa eskuarekin estaltzen. Pandemia osoan gutaz barrezka aritu izan balitz bezala. Ama eta biak barre asko egin genuen horren kontura. Pentsatzen hasita berezia izan zen: behin ere elkartu gabeko obrek hainbat hilabete eman zituzten museoko areto hartan, bakar-bakarrik.
Zure aitaren lana dibulgatzeko eta zabaltzeko ardura sentitzen al duzu?
Modu batera bai. Guk etxean ez dugu haren lan original asko. Obra grafiko apur bat, baina besterik ez. Aitaren ilustrazio batzuk edo kartel batzuk erreproduzitzeko aukera aztertzen ari naiz. Kalitatezkoak izango lirateke, zeren aitak hori asko zaintzen zuen, katalogoak-eta berak diseinatzen zituen. Ez zen inorekin fidatzen. Egitekotan, aitaren kartelak erreproduzituko nituzke txukun-txukun, guri daukagun gutxia saltzeak pena ematen baitigu.