Etxegabetzea, zaurgarritasuna eta etxebizitzaren arazoa ardatz hartuta, Tartean konpainiak kaleratu berri duen Kandida obraren protagonistetako bat da Miren Gaztañaga (Irun, 1979). Hain justu, etxegabetua izan den Manuelaren papera antzeztuko du, eta, besteak beste, antzezlanaren sorkuntza-prozesuaz aritu da.
Etxegabetzea da lanaren gai nagusietako bat. Nola landu duzue errealitate gogor hori eszenatokian?
Oso interesgarria da, zeren Patxok [Telleriak], obra hau idatzi zuenean, autorearen figura lehen planoan jarri zuen. Nola? Kasu honetan, Klarak bere ideietatik edo ideologiatik abiatuta istorio bat idatzi zuen, baina gero ikusten da bizitzan hartzen dituen erabakiak askoz egoistagoak izan daitezkeela, idatzitakoaren mailan ez daudelako edo beste lehentasun batzuk dituelako. Orduan, horrek bere elkartasunarekin talka egiten du, baita Klarak liburu horretan sortu duen irudiarekin ere.
Bestalde, Manuela da etxegabetua izan den emakumea obran, baina Klarak idatzitako istorioan, berriz, Kandida bezala ezagutzen dugu. Patxok [Telleriak] umorearen bidez kontatu du emakume horren bizitza, baina Manuelaren istorioak gordintasun handia ere badu. Madrilen Mari Carmen etxegabetu zutena baino lehenago hasi ginen obra honekin, eta, gainera, Mari Carmenen irratiko adierazpen baten pasartea ere sartu dugu.
Manuelaren papera interpretatu duzu. Nola egin duzu pertsonaia eraikitzeko prozesua?
Erronka handia izan da, batez ere antzezlanaren kodea naturalista delako. 60 urteko emakume bat antzeztu behar nuen, endekapen-egoeran dagoena, alkoholismo-puntu bat ere baduena, eta bere istorioak gordintasun handia du. Orduan, eztabaida hori askotan izan nuen Patxorekin, nire pertsonaia ez dagoelako kode naturalista batean. Azkenean, pertsonaia eraiki baten bidez, kode horrekin elkarbizitzen saiatzen ari naiz. Hori eraikitzen aritu naiz, estiloari begira gehiegizko esajerazioak saihestuz. Baina beti ikasten dugu prozesuetatik, eta sorkuntza-prozesua oso polita izan da.
Antzezlanak une gogorrak eta biziak ditu. Nola kudeatzen dituzue horrelakoak?
Pertsonaia nondik datorren ulertzea garrantzitsua dela uste dut, baita haren istorioa zein den jakitea ere. Nire kasuan, Manuelak oso argi uzten du zer familia mota izan duen, zeri egin behar izan dion aurre eta nolako bizitza izan duen. Orduan, aktore gisa, zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta errazagoa da haren buruan eta gorputzean sartzea.
Zergatik da gaur egun beharrezkoa Kandida bezalako istorio bat taularatzea?
Manuela, adibidez, oso pertsonaia zaurgarria da, eta gaur egungo gizartean Manuela asko daude. Horrelako pertsonei ahotsa ematearekin gauza garrantzitsu bat egiten ari garela uste dut; izan ere, egun, tamalez, pil-pilean dagoen gatazka bat jartzen ari gara taula gainean: etxebizitza.