Fikzioak errealitatea imita dezake, baina zer gertatzen da fikziozko istorio batek benetako pertsona baten bizitza zehatz-mehatz islatzen duenean? Galdera horretatik abiatzen da Tartean konpainiaren antzezlan berria: Kandida. Etxegabetzearen auzia eta elkartasunaren mugak ardatz dituen proposamen eszenikoa da, eta igandean Villabonako Gurea antzokian izango da ikusgai, 19:30ean. Dagoeneko sarrerak salgai dira Gurea Antzokiko webgunean.
Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako lanean, Klara Balzes idazle gazteak bere lehen eleberria argitaratu berri du: Kandida. Nobela etxegabetutako emakume bati buruzkoa da, eta fikziozko protagonistak Manuela izeneko benetako emakume batean du jatorria. Klarak boluntario-lanetan ezagutu zuen Manuela, etxegabetuen aldeko elkarte batean, baina denborarekin haren arrastoa galdu zuen.
Eleberriaren aurkezpenaren gauean, ordea, Manuela Klararen etxeko atean agertuko da. Bi urte baino gehiago igaro dira elkar ikusi gabe, eta emakumeak eskaera zehatz bat egingo dio idazleari: bere eleberriko protagonistari eskainitako harrera bera eskaintzea, alegia, bere etxean hartzea. Abiapuntu horretatik, lanak fikzioaren eta benetako bizitzaren arteko talka jartzen du agerian, baita literaturaren, erantzukizunaren eta gizarte-konpromisoaren inguruko hainbat galdera ere. Izan ere, pertsonaia bati etxea eskaintzea erraza izan daiteke paperean; askoz zailagoa, ordea, benetako pertsona batek atea jotzen duenean.
Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez dira aktore protagonistak. Musikaz Adrian Garcia de los Ojos arduratu da, eta eszenografia eta jantzien diseinua Ikerne Gimenezek eta Igone Tesok egin dituzte.
Kandida antzezlanak, horrela, etxegabetzea ikuspegi gizatiar batetik lantzen du, eta ikusleari bere buruari galdera deseroso bat egiteko gonbita egiten dio: «Zer egingo genuke fikzioan hain erraz defendatzen dugun elkartasuna gure eguneroko bizitzan gauzatzeko eskatuko baligute?».