Amasa-Villabonako Udalak adinekoei zuzendutako doako arreta zerbitzu berria jarriko du martxan urriaren 2an. Adinpoz izeneko zerbitzua astearte eta ostiral goizetan, 10:00etatik 13:00etara, eta asteazken arratsaldeetan, 15:30etik 18:30era, eskainiko dute, Salbadora jubilatuen etxean (Aldude kalea, 3).
Zerbitzuaren helburua da adinekoek autonomia mantentzeko behar duten laguntza jasotzea eta, aldi berean, bakardade egoerak saihestea eta beste pertsonekin harremanak sustatzea. Horretarako, erabiltzaile bakoitzaren egoera, beharrak, motibazioak eta gustuak hartuko dituzte kontuan, eta saioak pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokituko dituzte. Hala, Adinpoz pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduan oinarrituko da, esku-hartze indibidualizatua eskainiz.
Programaren barruan, hezitzaile profesional batek antolatu eta gidatutako hainbat jarduera egingo dituzte: gimnasia egokitua, ibilaldiak, erlaxazio ariketak, estimulazio kognitiboa, eskulanak, irakurketa, kultura orokorra, jolasak, musika eta teknologia berrien erabilera, besteak beste. Jarduerak parte-hartzaileen ezaugarrietara eta interesetara egokituko dira.
Horrez gain, urtean zehar beste hainbat ekintza ere antolatuko dituzte, Amasa-Villabonako komunitatearekin lotura sustatzeko: hitzaldiak eta informazio saioak, tailerrak, belaunaldien arteko ekintzak, irteerak eta bisita kulturalak, besteak beste. Modu horretan, eguneroko jardueretatik harago, herriko bizitza sozialean parte hartzeko aukera ere eskaini nahi dute.
Izen ematea, irailaren 14tik aurrera
Adinpoz zerbitzuan parte hartu nahi dutenek irailaren 14tik aurrera eman ahal izango dute izena. Horretarako, Herritarren Arreta Zerbitzura (HAZ) edo Salbadora jubilatuen elkartera jo beharko dute. Zerbitzua doakoa izango da.
Izen-emateen kopuruaren arabera osatuko dituzte taldeak, eta horren arabera erabakiko dute izena emateko aukera denboran mantendu edo ez. Dena den, udalak adierazi du ahaleginak egingo dituela zerbitzuan parte hartu nahi duten adineko guztiek horretarako aukera izan dezaten.
Adinpoz zerbitzuaren funtzionamendua ezagutzeko, gainera, bi saio ireki antolatu dituzte: irailaren 29an, 13:30ean, eta irailaren 30ean, 15:30ean. Interesa duten herriko adineko guztiek izango dute saioetara joateko aukera, zerbitzuaren inguruko informazioa jasotzeko eta zalantzak argitzeko. Aurkezpen saioetan, izena eman duten adinekoek elkar ezagutzeko aukera izango dute, baita zerbitzua kudeatuko duen hezitzailea eta jubilatu elkartearen lokala ezagutzeko ere.
Amasa-Villabonako Udalak 14.980 euroko kontratua sinatu du Lahar Elkargoarekin zerbitzua martxan jarri eta lehen ikasturtean, 2026ko irailetik 2027ko ekainera, kudeatzeko. Lahar Elkargoak esperientzia du adinekoen arretan, eta sektoreko hainbat zerbitzu kudeatzen ditu Gipuzkoan. 2027an, berriz, zerbitzuaren kudeaketa esleipen publikora aterako du udalak.
Udalak adinekoak animatu ditu doako zerbitzu publiko berria baliatzera. Horretarako, triptiko bat argitaratu du. «Adinpoz zerbitzuak astean hiru egunez zereginak izateko aukera eskainiko du, pertsona berriak ezagutzeko, lagunekin egoteko, berriketan edo gauzak egiten aritzeko eta, azken finean, sozializatzeko eta ondo pasatzeko aukera bikaina emango du», azaldu du Beatriz Unzue alkateak.