Larunbatean izango dira azoka berezia eta isats lehiaketa

Aitor Arroyo Askarai

Iazko azokaren une bat, Erreboteko plazan. IÑIGO TERRADILLOS

Irailaren 12an egingo dute Villabonan 31. Azoka Berezia eta isats gisatuaren lehiaketa. Amaitutakoan bazkari irekia egingo dute isats gisatuarekin.

Larunbatean 31. Azoka Berezia eta isats gisatu lehiaketa egingo dituzte Villabonako Erreboteko plazan. Aurten 41 postuk osatuko dute merkatua, eta 14:00ak arte eskainiko dituzte produktuak. Euskal Herri osotik bertaratuko dira ekoizleak zein artisauak, eta «gustu guztientzako eskaintza» ziurtatzen saiatu dira antolatzaileak.

Azokan «gero eta postu gehiago» izaten dituztela kontatu du Irrintzi Elkarteko zuzendaritza taldeko Lorena Medranok: «Iaz 36 postu izan genituen, eta aurten bost gehiago etorriko dira. Azokan denetik izango da: janaria eta edaria, artisauen produktuak, baserrietako barazkiak, bodegak ere etortzen dira, Ipar Euskal Herriko ekoizleak ere izaten dira, jostailuak, arropa…». 

Bederatzi lehiakide

Isats gisatu lehiaketa urtero arrakastatsua izaten dela aurreratu du Medranok, eta aurten bederatzi lehiakidek hartuko dutela parte: «Herriko elkarteekin hitz egiten dugu, eta baita kirol taldeekin ere. Horiez gain, aurten Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo elkarteek ere hartuko dute parte». Talde bakoitzak bina ordezkari izaten ditu, eta prestatutakoan epaimahaikideek dastatu eta balorazioa egiten dute.

Isats gisatu lehiaketa amaitutakoan bazkaria egiten dute merkatari guztientzat, eta hitzordua irekia izaten da nahi duenarentzat ere: «Isatsa izango da bigarren platera, eta aurten lehenengo platera potxak izango dira». Antolakuntzako kideak adierazi du aztertzen ari direla etorkizunean lehiaketa ere irekia izatea: «Egun polita izaten da eta jendeak ondo pasatzen du. Lehiaketa irekia izateko aukera aztertzen ari gara, baina oraindik ez dugu aldatu». 

Boluntarioen lana

Irrintzi Elkarteko kideek antolatzen dituzte bi ekimenak, eta «lan handia» eskatzen duela aitortu du Medranok: «Egunean bertan egiteko asko izaten dira: plaza prestatu, postuak muntatzen lagundu... Eta aurretik ere baimen eta tramite asko egin behar dira». 

Urtez urte aldatu egiten omen da boluntarioen kopurua, eta «errelebo falta» sumatzen du antolakuntzako kideak: «Moldatzen gara, baina faltan sumatzen dugu jende gehiagok laguntzea. Helduenak nekatuta daude, eta jendeak ez badu erreleboa hartzen...». Dena den, egunari begira baikor hitz egin du: «Isats gisatuaren lehiaketarako isatsa lortzea ere ez da beti erraza izaten. Moldatu gara, eta egun polita izango da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!