Eneko Ugartemendia Parra txirrindulari amasarrak ez du berehalakoan ahaztuko uztailaren 24an, Santiago egunaren bezperan, gertatutakoa. Junior mailako Iruñerriko Itzuliko txapeldunaren maillota jantzi zuen. GTO Garaje Tolosa - Danena taldeko txirrindulariak garaipen handia lortu zuen Nafarroako hiriburuan.
Uztailaren 21etik 24ra jokatu zen lasterketa, eta lau etapatan aurreko postuetan helmugaratu zen Ugartemendia. Lehen etapan bosgarren izan zen, bigarrenean hamaikagarren, hirugarrenean zazpigarren, eta laugarren eta azkenekoan garaipena eskuratu zuen.
Zaldi Zuriaren Txokoan amaitu zen azken etapa esprintean erabaki zen, eta Ugartemendia izan zen azkarrena. Helmugan, «etapa gogorra» izan zela adierazi zuen amasarrak. «Gaur ilusio handia nuen Iruñean irabazteko». Ugartemendiak lehen aldiz irabazi du egun bat baino gehiagoko itzuli bat. «Talde guztiak lan handia egin du lau etapetan. Oso pozik nago lortutako emaitzarekin».
Lau egunetako denborak batuta, sailkapen nagusian onena izan zen amasarra. Zazpi segundoko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Eritz Atxegari (Ampo Goierriko TB), eta hamar segundokoa hirugarren izan zen Santiago Delgado kolonbiarrari (Purito Cycling Team). Ugartemendia, gainera, Erregulartasunaren sailkapeneko onena izan zen.
Amasarrarena ez zen GTO Garaje Tolosa - Danena taldeak lortu zuen garaipen bakarra izan. Undianon hasi eta amaitu zen hirugarren etapan, Luca Martinez txirrindulari nafarrak lortu zuen garaipena. Bezperan, etapa irabaztetik gertu egon zen; bigarren izan zen. Sailkapen nagusian seigarren izan zen, eta nafar onenaren saria irabazi zuen.
Euskal hiri buruzagiko lasterketa proba gogokoenetako bat bilakatu da eskualdeko taldearentzat. Ugartemendiarena laugarren garaipena izan da. Iaz, Eñaut Urkaregi larrauldarrak irabazi zuen mutiletan; nesketan, berriz, Irati Aranguren usurbildarrak. Arangurenek, gainera, 2024an ere lortu zuen garaipena.
Argazkiak: Martin Early.