Egurrezko hagak ditu oinarri Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak elkarlanean sortutako ikuskizun berriak: Makil hotsak. Hainbat makil dantza uztartuta osatu dute pieza eta, tradizioa berrasmatzetik abiatuta, gerrari ezetz esan eta kolektibitatea, auzolana eta intsumisioa aldarrikatzen dituzte. Kimua laborategi batean sortu bazuten ere, Villabonan gorpuztu eta entseatu dute; eta, hain zuzen, herri horretan interpretatuko dute igande honetan.
Aipatu bezala, Euskal Herriko hainbat makil dantza aztertu dituzte lana sortzeko, eta Agurtzane Intxaurraga zuzendariak kontatu du «esanahiak uztartu» dituztela: «Santa Ageda bezperan makilekin lurra jotzen da, hain zuzen, natura esnarazteko. Makilek, ordea, gerra eta borroka ere adierazten dituzte elkarren kontra jotzen direnean. Bi esanahi horiek landu ditugu elkarrekin. Eta zer kontatzeko? Lurrari bai, gerrari ez. Horren sinple eta garbi».
Hari berari tiraka azaldu du gaur egungo garai «asaldatu, beliko eta ilunei» artearen bidez erantzuteko beharretik sortu dela ikuskizuna, eta erreferentzia gisa hartu dute 1990eko hamarkadako intsumisio mugimendua: «Garai hartan desobedientzia zibilaren bidez soldaduska amaitzea lortu zuten. Norabide horretan gure aletxoa jarri nahi izan dugu: hortaz hitz egin, eta dantzatu».
Makilen arteko dantza
Bi alditan sortu dute arte ikuskizuna: lehenik, iazko ekainetik abendura «laborategia osatu» eta elkarlanean aritu zen Intxaurraga Led Silhouette konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez sortzaileekin. Taldearekin Euskal Herriko hainbat makil dantza aztertu eta ikasi zituzten, horien artean, Lesakakoa, Zuberoakoa, Otsagabiakoa eta Bizkaikoak.
Ikasteko ariketatik harago, ordea, bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta makilekin esperimentatzen ere aritu dira: «Makila gogorra da, zurruna. Ez da tolesten, jo egiten du, hotsa ateratzen du... Entsegu batzuetatik buruko minez ere itzuli gara etxera, ganbaran makilen burrunba ikaragarria zelako».
Otsailean, bigarren fasean, hasi zen Intxaurraga dramaturgia lantzen, eta martxotik aurrera «ikuskizuna buruan zutela» burutu zuten sormen prozesua. Zuzendariak kontatu du aldi horretan batu zirela taldera Maialen Mariezkurrena eta Eneko Gil dantzariak: «Koreografien hezurdura nik osatu nuen, eta haiek aritu dira mugimenduak garbitzen, zehazten...». Dantzarien lanarekin batera goraipatu du Intxaurragak Garazi Navas musikariaren egitekoa ere: «Oso garrantzitsua izan da Navasen lana. Euskal Herriko abangoardiako musikari gazte onenetakoa da. Esperimentazioa gustatzen zaio, eta nik uste ematen diola ikuskizunari garaikidea baino gehiago, abangoardia ukitu bat».
Lankidetza oinarri
Talde zabala osatu dute, eta Intxaurragak azaldu du bakoitzak bere estiloa eta lan egiteko modua eraman dituela prozesura: «Erronka izan da. Led Silhouettek bere estiloa dauka, Enekok ere berea; Maialen Mariezkurrena ez nuen ezagutzen, belaunaldi berri batekoa da; eta Garazi Navasekin ere lehen aldia zen».
Hain zuzen, obra berrian ere zuzeneko musikaren aldeko hautua berretsi du Intxaurragak: «Itsasoaren emazteak egin genuenetik uste dut beti mantendu dugula zuzeneko musika ikuskizunetan. Egia da ekonomikoki garestiagoa dela, baina oholtza gainean ematen duen freskotasuna eta inprobisatzeko gaitasuna ezin da ezerekin ordezkatu». Zentzu horretan, «marka bat» sortu dutelakoan dago: «Nik uste publikoak Hikaren eta Oinkariren arteko lan berria entzuten duenean, zuzeneko musika duen zerbait espero duela».
Hari horri tiraka jo zuen Garazi Navas musikariarengana, eta neurri batean «apustu pertsonala» izan zela kontatu du: «Pentsa daiteke akordeoi bakarrarekin biluzi samar geratuko litzatekeela oholtza —eta nik ere izan ditut zalantzak—, baina Garazik sekulako trebezia du akordeoiarekin». Intxaurragaren hitzetan musikaz harago eramaten du akordeoia Navasek, eta hark lortzen dituen soinuek «gerra testuinguruan» murgiltzen dute ikus-entzulea: «Perkusioa egiten du eskura dituen baliabideekin, eta sekulako trebezia du kantua eta koruak menperatzeko».
Dena dela, bata bestearen neurrira moldatzea ere egokitu zaiela azaldu du zuzendariak: «Esperimentazioa du gustuko Garazik, eta bi norabideko ariketa egin behar izan dugu. Berak zenbait kanta modu tradizionalagoan jotzea onartu du, eta guk ere apustu egin dugu berak erritmo tradizional horiek hausteko, moldatzeko, konfort zonatik ateratzeko eta beste eremu batzuetara eramateko». Emaitzarekin biak ala biak gogobeteta daudela nabarmendu du, eta ikuskizunari «balioa» lankidetza horrek ematen diolakoan dago. Hain zuzen lankidetza horren ildotik osatu dituzte Santa Ageda doinuarentzako hitz berriak Intxaurragak eta Miren Agur Meabe idazleak elkarlanean, eta uztartu dituzten arte diziplina guztiei erreparatuta, ikuskizunari etiketarik ez jartzea garrantzitsua iruditzen zaio zuzendariari: «Beti esaten dut arte eszenikoen ikuskizun bat dela. Hainbat diziplina uztartu ditugu, eta ez dago muga zehatzik horien artean».
Agurtzane Intxaurraga: «Hainbat arte diziplina uztartu ditugu, eta ez dago muga zehatzik horien artean»
Motzak eta luzeak
Makil dantzetan, oro har, mota bakarreko makilak erabiltzen badira ere, ikuskizun bakarrean uztartu dituzte makila motzak eta luzeak: «Esanahi sinbolikoarekin egin dugu lan, eta esperimentazioa ere bilatu dugu. Lurra lantzeko tresna izan daitezke, eta horrela aitzurrak, eskuareak, sardea... Edo izan daiteke bi garai edo bizimodu ezberdintzeko baliabide ere».
Eta irudimena lanabes, metaforarako tresna emankor izan dute makila: «Gogoan nuen irudi bat: nire izeba Miren 90. hamarkadan zientoka porru landatzen aritzen zenekoa. Garai berean, neurri berean eramaten zituzten zientoka gazte soldaduskara ere. Makila txiki horiek izebaren porruak ere bihurtzen dira, une batean». Halaber, makila luzeak hesi bihurtzen dira beste momentu batean: «Europan eta munduan jendea banatzeko eta batetik bestera igarotzea eragozteko eraikitako milaka kilometroko hesi ere bihurtzen dira. Esanahia aldatzen dugu, eta hori da polita: jendearen irudimena piztea eta gurekin bidaiatzera gonbidatzea».
Sinbologia, ordea, ez da makiletan amaitzen. «Memoria zein ondare historikoa uztartzen ditu ikuskizunak, eta jantzietan islatzen da hori ere», horrela azaldu du Intxaurragak jantzien abiapuntua, eta nabarmendu Xabi Mujikak diseinatu dituela. Traje zuri-beltza soinean dutela hasten da ikuskizuna, hain zuzen, traje horiekin irudikatzen direlako askotan «mundua gidatzen duten gizon boteredunak», eta, emanaldiak aurrera egin ahala, lur koloreko jantzietara egiten dute interpreteek. Bi erregistro horien artean, berriz, Intxaurragaren pertsonaiak sortzen du kontrastea: «Naturaren indarra ordezkatzen du, eta nolabait idi proben iruditegitik ere edaten du. Edonola ere, oso pertsonaia koloretsua da, hain zuzen, adierazteko gerrari ezetz esaten diogula, eta kolorez betetako mundu bat irudikatzen dugula».
Aldarrikapen mezua
Aurreko ikuskizunean sortzaile gazteei eman zien ahotsa Intxauarragak, eta kasu honetan gaia «behar pertsonal batetik» landu duela azaldu du: «Guztioi eragin digu Palestinako genozidioak, eta duela bi urte batera landu nituen ikuskizun batean Gerra Zibila eta Palestinako sarraskia. Gaur egungo testuinguru gordina ere arduraz bizi dut, eta pieza berrian zeri buruz aritu hausnartzerakoan beti itzultzen nintzen leku berera».
Zentzu horretan aipatu ditu inperialismoa, eskuin muturraren gorakada eta planetaren suntsipena, eta ikuskizun berria sortzeko laborategian gerrari buruz idazteko eskatu zien lankideei: «Urruneko eta gertuko gerra agertu ziren; kolektiboak eta norberarenak. Hasieran hitz potoloa zen gerra, eta pixkanaka bertan murgiltzen joan ziren». Zuzendariarentzat, hala ere, abiapuntua argia izan da: «Zerbait oihukatu behar nuela sentitzen nuen. Nire orro partikularra atera behar nuela egoera politiko honen kontra».
Ikuskizuna publiko jakin bati bideratuta sortu ote duten galdetuta, berriz, batik bat gazteei eta helduei zuzenduta dagoela erantzun du: «Mundu hau kolorez irudikatzeko gaitasuna duen edonori zuzenduta dago, baina batez ere, gazteei eta helduei. Helduek bizitako garai baten isla topatuko dute; eta gazteek, berriz, garai bateko mugimendu zibil baten berri izango dute».
Villabonako emanaldiaren inguruan aipatu du «ilusioz eta gogotsu» daudela ikuskizuna prestatu duten lekuan aurkezteko: «Villabona beti da berezia, eta kasu honetan are gehiago, prestatu dugun leku berean egingo dugulako. Urduritasun puntu bat sumatzen dut taldean, eta hori positiboa izango delakoan nago». Hari berari tiraka kontatu du herritarren parte hartzea ere sustatzen dutela ikuskizun honekin: «Tokian tokiko abesbatzak animatzen ditugu abestiak prestatu eta emanaldian parte hartzera. Ukitu garrantzitsua dela uste dut, eta bertaratzen direnek ere abesteko aukera izango dute, esku orriak ere banatuko ditugulako abestien hitzekin». Alboan izango dituzte, hortaz, Villabonako abesbatzakoak, eta obra berria ikustera gerturatzen den oro.