Kale Berriko uholdeei konponbidea emateko proiektua abiatu dute

Ataria 2026ko uztailaren 7a

Oria ibaia bere bidetik ez ateratzeko 1,20 metro inguruko altuera eta 100 metro inguruko luzera izango dituen horma eraikiko dute. Ura Agentziak aginduta hasi dira proiektua idazten.

Ura Agentziak Sestra ingeniaritza eta arkitektura enpresa kontratatu du Oria ibaia bere ubidetik ez ateratzeko proiektua idazteko. Agentziaren aurreikuspenen arabera, proiektua azarorako prest egongo da, eta, ondoren, obrak esleitzeko prozesuari ekingo dio.

Asmo horren berri iazko abenduaren 24an egindako bileran eman zion Ura Agentziak Amasa-Villabonako Udalari. Oria ibaia bere ubidetik ez ateratzeko 1,20 metro inguruko altuera eta 100 metro inguruko luzera izango dituen horma eraikiko dute. Horrez gain, euri-urak biltzen dituzten hodiak ere egokituko dituzte, gainezka egin ez dezaten eta, ibaiaren ur-maila handia denean ere, ura ibaira bideratu ahal izateko.

Azken urteetan, Oria ibaiak bi aldiz gainezka egin du Kale Berriaren hasierako zatian: 2021eko abenduan eta 2024ko otsailean. Uholdeek kalte handiak eragin zituzten inguruko etxabe eta garajeetan, eta putzu handiak sortu ziren errepidean. Errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa denez, proiektua Bide Azpiegituretako Sailarekin elkarlanean eta koordinatuta garatuko dute.

Udalak eta Ura Agentziak 2024an egin zuten egoerari irtenbidea emateko lehen bilera. Orduan, agentziak uholde-arriskua murrizteko lanak bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuen. Harrezkero, ordea, udalak ez zuen proiektuaren inguruko berririk jaso, joan den ekainaren 24an egindako bilerara arte.

Udalak ontzat jo du Ura Agentziaren pausoa, eta espero du lan horiei esker uholdeek eragindako kalteei behin betiko amaiera ematea. Era berean, datozen hilabeteetan proiektuaren garapenaren jarraipen zorrotza egingo duela jakinarazi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!