Behar Zana elkartea hainbat txapelketa antolatzen ari da, eta pilotaren inguruko ibai horiek guztiak santiotan itsasoratuko dira, Villabonako jaietan jokatuko baitira finalak. Santio Txapelketa 2026 XIV. Antton Pebet Oroimenezkoa da martxan dagoen lehiaketetako bat. Gizonezkoen afizionatu mailako pilotari onenak ari dira lehian, eta aste honetan final zortzirenetako partidak jokatzen ari dira, eta baita aurreratutako final-laurdenetako bat ere. Emakumezkoen elite mailako txapelketa datorren astean hasiko da. Partida guztiak Villabonako Bearzana pilotalekuan jokatzen ari dira.
Gizonezkoen txapelketan astearte eta ostegunetan jokatzen ari dira partidak. Astearteko jardunaldian, final-zortzirenetan, Murua eta Irazustabarrena bikoak (Intxurre) 10-22 galdu zuen Nazabal-Balerdi bikoaren (Larraun-Oberena) aurka, eta Egiguren-Bernaola bikoak (Ilunpe-Lea Ibarra) irabazi egin zion 22-7 Astiz-Elizegi bikoari (Larraun-Behar Zana).
Gaurko jaialdian hiru partida jokatuko dira. Lehenengoa final-zortzirenei dagokiena, Zestau-Santesteban (Behar Zana-Irurtzun) eta Beitia-Garañoren (Joko Alai-Larraun) artekoa. Bigarrena final-laurdenetakoa da, Igoa-Arbizu (Irurtzun) eta Anso-Alduntzinen (Zugarralde) artekoa. Eta hirugarrena final-zortzirenetakoa, Irribarria-Aizpuru (Tolosa) eta Lizeaga-Aranguren (Mundarro-Eple) bikoteek jokatuko dutena. Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta sarrera doan da.
Guztira 156 pilotarik parte hartuko dute txapelketan: 61 bikote gizonezkoetan eta 6 bikote emakumezkoetan. «Gizonezkoetan azken txanpan sartuta gaude», esan du Iñaki Lizaso Behar Zana elkarteko kideak. «Maila handiko txapelketa da, eta beste txapelketa batzuetan finalak jokatu izan dituzten batzuk kaleratuta daude». Bearzana frontoian pilotari onenak ikusi daitezkeela nabarmendu du: «Txapelketa erakargarria da, ondo antolatuta dagoela sentitzen dute, puntuagarria da Euskadiko Pilota Federazioko eliteko txapelketetarako, sari onak dituzte... Txapelketak izen ona hartu du urteen poderioz, eta ezustekoak izateko aukera ematen du: bikote asko sartzen ditugu, halako eskailera moduko bat sortzen da, eta batzuetan sorpresak izaten dira fase batetik bestera». Bestalde, Hego Euskal Herri guztiko eta Errioxako pilotariak parte hartzen ari direla ere nabarmendu du.
Final-laurdenak datorren astean jokatuko dira, uztailaren 7an eta 9an, gero finalerdiak uztailaren 16an izango dira, eta finala uztailaren 26an. Hain justu emakumezkoen elite mailako finala ere egun horretan jokatuko da. Bi final horiek ETB2 kanaletik zuzenean emango dira, eta 11:00etan hasiko da emanaldia.
Emakumezkoetan sei bikote ariko dira lehian, eta datorren astean final-laurdenak jokatuko dira. Uztailaren 8an, asteazkenez, jokatuko dira bi partida 18:30etik aurrera: Sagardui-Erasun (Umore Ona-Behar Zana) eta Galdos-Mendizabalen (Lea Ibarra-Gazteleku) artekoa, eta Ruiz de Infante-Gaminde (Txumuluxueta-Lea Ibarra) eta Arrizabalaga-Bertizen (Lea Ibarra-Erreka) artekoa. Aurten txapelketa berezia egin nahi izan dute, eta finalerdietan zain egongo diren bi bikoteak bi aurrelariz osatuta daude: Zabaleta-Laia Salsamendi eta Aldai-Etxegarai. «Saltsa pixka bat sortu nahi genuen, eta beraiek begi onez ikusi dute horrela osatzea txapelketa», esan du Lizasok. Uztailaren 15ean 18:30ean jokatuko dira finalerdiak. «Pilotari onenak daude ere emakumezkoen txapelketan».
Txapelketa herrikoiak
Santio jaien inguruan beste bost txapelketa antolatu ditu Behar Zanak, baina emakumeen gomazko paletakoan ez du inork izena eman, eta lau lehiaketa daude beraz jokoan. Olaederrako pilotalekuan jokatzen dira horietatik hiru: hamabi pilotari animatu dira eskuz banaka pilota goxoarekin gizonezkoetan eta bost emakumezkoetan, eta 22 pilotari ari dira frontenisean banaka. Bestalde, bederatzi bikote ari dira gomazko paletako binakakoan Bearzana pilotalekuan. «Badira txapelketa batzuk, eta parte hartzea txukuna da. Eliteko txapelketak antolatzen ditugu eta aldi berean txapelketa herrikoiak antolatzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu», esan du Lizasok.
Hori horrela, egunero daude partidak bai Olaederra kiroldegiko pilotalekuan bai Bearzanan. Olaederrakoan, 18:00etatik aurrera, eskuzkoak astearte eta ostegunetan jokatzen dira, eta frontenisekoak astelehen, asteazken eta ostiraletan. Gomazko paletakoak astelehen, asteazken eta ostiraletan izaten dira Bearzanan. Finalei dagokienez, Olaederrako frontoiko final guztiak uztailaren 27an jokatuko dira, eta gomazko paletaren finala uztailaren 26an izango da, 10:00etan hasita, Pebet Oroimenezkoaren bi finalen aurretik. Beharzana.eus webgunean dago txapelketen informazioa, bai elite mailako Pebet Oroimenezkoarena, eta baita herrikoienak ere.
Lehiaketez gain, Behar Zana elkartea pilota sustatzen ere ari da haurren artean. Hain justu, Pilota Campusa antolatu du seigarren urtez, eta bertan ari dira parte hartzen 120 haur eta 18 teknikari. Bihar bukatuko da egitasmoa. «Bederatzi espazio ari gara erabiltzen, bailarako frontoi ugari, bestela ezin delako horrelako ekimena aurrera atera», esan du Lizasok. «Oso pozik gaude egitasmo honekin».
Argazkietan: Urruzola eta Elizalde, Azketari irabazita, final laurdenetan ariko dira datorren astean. KARLIS