Amasamendi Bizirik Taldeak prentsaurrekoa eskaini du gaur Amasan, Amasamendi inguruan aurreikusitako makroeolikoen proiektuaren aurka duten jarrera berresteko eta Amasa-Villabonako Udalari proiektua behin betiko baztertzeko eskatzeko. Taldearen esanetan, Aldundiaren ingurumen-txostenak babestutako espezieengan izan ditzakeen ondorioak agerian utzi ditu, eta horrek udal ordezkarien kezka piztu du.
Hala ere, Amasamendi Bizirikeko kideek gogorarazi dute hasieratik salatu dituztela tamaina horretako azpiegitura batek ingurumenean izango lituzkeen ondorioak. Taldearen arabera, joan den uztailean bildutako 1.548 sinadurek erakusten dute herritarren zati handi batek proiektuaren aurkako jarrera duela.
Prentsaurrekoan, udalaren azken adierazpenak ere izan dituzte hizpide. Amasamendi Bizirik Taldeko kideek ondorengoa azaldu dute: «Herritarron presioaren eraginez ate joka ditugun hauteskundeetara begira udalak bere posizioa zuritzeko izan dezakeen asmoa antzeman daiteke adierazpen hauetan. Gaur gaurkoz proiektuarekiko zalantzati aurkeztu dira, baina orain, Eusko Jaurlaritzak ingurumen aldetik egingarria dela 'frogatzen' badu, berriz ere proiektua bultzatzeko asmoa izatea ez dugu ulertzen».
Amasamendi Bizirik Taldeak zalantzan jarri du, halaber, orain arte enpresekin izandako harremanek Amasa-Villabonarentzat onura zehatzik ekarri dutenik. Taldearen arabera, enpresa sustatzaileek egindako promesek ez dute bermerik, eta etorkizunean proiektua beste enpresa baten esku geratuko balitz, adostutako baldintzak bertan behera gera litezke.
Makroproiektu energetikoen inguruko ikuspegi zabalagoa ere plazaratu dute. Taldearen arabera, energia berriztagarrien hedapena ezin da biodibertsitatearen galeraren, mendien industrializazioaren edo basoen suntsiketaren kontura egin. Horren harira, «trantsizio berdearen» diskurtsoa erabili arren, makroproiektu askok interes ekonomiko pribatuak lehenesten dituztela salatu dute.
Amasamendi Bizirikek nazioarteko erakunde zientifikoen datuak ere aipatu ditu, klima-krisiaren eta egungo eredu ekonomikoaren arteko lotura azpimarratzeko. Taldearen esanetan, azken urteotan energia berriztagarrien instalazioak ugaritu diren arren, berotegi-efektuko gasen emisioek gorantz jarraitzen dute, eta horrek erakusten du arazoaren muina ez dela teknologia faltan bakarrik bilatu behar.
Azkenik, taldeak adierazi du mobilizatzen eta presio egiten jarraituko duela Amasamendiko makroeolikoen proiektua geldiarazi arte. Udalak proiektua baztertzeko pausorik ematen ez duen bitartean eta enpresek baimenak lortzeko aukera zabalik mantentzen duten heinean, herritarren antolakuntza eta jarduera indartuko dituztela nabarmendu dute. «Ez dugu onartuko gure mendiak eta ingurunea interes ekonomiko pribatuen mesedetan suntsitzea», adierazi dute amaieran.
Prentsaurreko osoa, bideoan.