Moda Biziz ekimena tokiko merkataritzaren erakusleiho bihurtuko da

Ataria 2026ko maiatzaren 18a

Txistulari plazan egingo dute moda desfilea ostegunean 19:00etatik aurrera, eta Zigor DZ, Oier Laborde zein Oizeder Mayo ariko dira bertan.

Eguberrietako edizioak izandako arrakastaren ondoren, Villabona modaz jantziko dute bertako merkatariek ostegunean, maiatzaren 21ean, 19:00etan, Txistulari plazan. Saltokiek udaberri-uda sasoiko bildumak aurkeztuko dituzte Moda Biziz desfilean.

Herritar guztiei irekitako pasarela izango dela azaldu du Oria merkatari elkarteko Miren Lopez de Munian Txapartegik: «Desfileak tokiko denden lana eta sormena erakutsiko ditu, eta Villabonak eskaintzen duen modaren aniztasuna gertutik ezagutzeko aukera emango du».

Honako establezimenduek hartuko dute parte Moda Biziz ekimenean: Titare, Amane, Kaori Faktoria & Amlu Studio, Gema Loradenda, Eizmendi Anaiak eta Duna Oinetako eta Osagarriak. Gainera, Eizmendi eta Hamabost ile-apaindegiek ere parte hartuko dute.

Oria merkatari elkarteak eskerrak eman dizkie parte hartuko duten establezimenduei, laguntzaileei, modeloei, boluntarioei eta ekimena posible egiten duten pertsona zein erakundeei.

Ekitaldia osatzeko, DJ saioa eta dantza emanaldia izango dira Txistulari plazan; Zigor DZ eta Oier Laborde arduratuko dira horretaz. Saioa aurkezten, berriz, Oizeder Mayo ariko da. «Ez dugu nahi Moda Biziz pasarela hutsa izatea; ikuskizunari giro berezia emango dioten artistak izango ditugu bertan».

Lopez de Munianek azpimarratu du desfilea ez dela ekitaldi komertzial hutsa izango: «Kaleetan mugimendua sortzeko, herritarren eta merkatarien arteko harremanak sendotzeko eta merkataritza txikiak herriko bizitzan duen garrantzia aldarrikatzeko modu bat ere bada».

Osteguneko ekitaldian, joera eta bilduma berriak modu gertuko eta irisgarrian aurkeztuko dizkiete herritarrei. Dendariek gogorarazi dute, gainera, tokiko merkataritzan kalitatea, aholkularitza pertsonalizatua eta arreta zuzena aurki daitezkeela.

«Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu desfileaz eta giroaz gozatzera, eta tokiko merkataritzaren alde egiten jarraitzera; tokiko merkataritza mugitzen denean, herria ere bizirik dago», nabarmendu du Lopez de Munianek, merkatarien izenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!