Joxe Antonio Jauregi omendu dute Villabonan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 16a

Herriak eta Behar Zana Pilota Elkarteak urteetan egindako lana aitortu dio Joxan Jauregiri; dozenaka lagun bildu dira Bear Zana pilotalekuan egindako ekitaldian, eta dantza, bertsoak, oroigarriak eta hitzaldi hunkigarriak izan dira.

Behar Zana Pilota Elkarteak, Amasa-Villabonako Udalak eta Oinkari dantza taldeak antolatuta, omenaldia egin diote Joxe Antonio Jauregi Iruretagoiena herritarrari. Aitor Landa pilota elkarteko kideak gidatu du ekitaldia, eta adierazi du «bere bizitzaren zati handi bat modu ixil eta esku zabalean euskal pilotari eta Behar Zana Elkarteari eskaintzeagatik» omendu dutela Jauregi. «Eguneroko lana, konpromisoa, ilusioa eta pilotarekiko maitasuna izan dira zure nortasunaren parte. Behar Zanaren arimetako bat izan zara, eta Villabonako pilotaren historia ulertzeko ezinbesteko pertsona».

Landak nabarmendu du kluba aurrera ateratzeko eta euskal pilota sustatzeko, bereziki, errebotea eta joko garbia, «hasieratik lan eta dedikazio paregabea» erakutsi duela Jauregik. «Iparraldearen eta hegoaldearen arteko zubi izan zara urte askotan, bi aldeetako pilotazale eta kluben arteko harremana bizirik mantendu duzulako. Zu bezalako pertsonei esker, galtzeko arriskuan zeuden modalitate historikoek bizirik jarraitu dute belaunaldiz belaunaldi», gaineratu du.

Jauregik, ordea, ez zuen iraganera bakarrik begiratu. Etorkizunera begiratzeko gaitasuna ere izan zuen. «1980ko hamarkadaren amaieran, zure eskutik, esku pilota eta beste zenbait modalitate indartzen hasi zen Behar Zana, eta denborarekin, Euskal Herriko klub handienetako bat bihurtu zen», esan dio Landak.

2004an, Behar Zanako ohorezko bazkide izendatu zuten, Euskal Pilotaren historiari buruzko hainbat argitalpenetan parte hartu du, eta beste esperientzia askoren artean, 1990an Kuban jokatu ziren Munduko Txapelketara joan zen Euskal selekzioarekin; Joko Garbiko ordezkaritzaren arduradunetako bat izan zen. Landak esan du «askotan» aitortu dutela Jauregi, bere ibilbidea «ez delako makala». «Baina, aitortzarik handiena ez dago plaka edo omenaldietan, herriaren errespetuan eta maitasunean baizik. Behar Zanak, zure etxeak, omenaldi hau zor dizu, benetan merezi duzulako. Gaur egun, Behar Zana Euskal Herrian erreferentziazko elkartea bada, zu bezalako pertsonek urte askotan egindako lanari esker da. Hau guztia zure ondarearen parte da», gaineratu du.

Behar Zana elkarteko bazkide, lagun eta herritarrez gain, Euskal Herriko zenbait pilota elkarteetako kideak izan dira omenaldian; aurretik, gainera, errebote partida jokatu dute. Hazparneko Noizbait taldeko kideek koadro bat oparitu diote Jauregiri. Aurrez, Amasa-Villabonako Udalaren izenean, Beatriz Unzue alkateak oroigarri bat eman dio, eta Behar Zana Pilota Elkartearen partetik bi oroigarri jaso ditu: lehena, elkarteko lehendakari Aitor Setienek eman dio; bigarrena, berriz, Iñaki Lizaso klubeko ordezkariak eta Iñaki Otaegi errebote saileko arduradunak eman die.

Aurrez, Beñat Iguaran herritarrak pare bat bertso kantatu dizkio Jauregiri eta Oinkari dantza taldeko zenbait dantzarik agurra, fandangoa, arin-arina eta pilotari lotutako koreografiarekin prestatutako dantza bat dantzatu dituzte.

Baina omenaldiaren bukaeran, familia argazkia atera aurretik, heldu da unerik hunkigarriena. Gillen Zaldunbide (Pagola, Zuberoa, 1946) Angeluko Hardoitarrak taldeko kide eta Jauregiren lagun minak oso hitz politak esan dizkio omenduari, eta amaieran, hunkituta besarkatu du. «Hegoa eta iparra elkartu ditu, pilota maite baitzuen».

Erlazionatuak

Herriaren aitortza, ekitaldi hunkigarria

Josu Artutxa Dorronsoro mai 16, 19:02 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!