Ahotsak sendo eta  gogoa bero

Jon Miranda Labaien 2026ko apirilaren 23a

Eresargi abesbatzak 40. urteurrena ospatzeko kantu ekitaldia egingo du larunbatean Gurea antzokian.

Arrakasta baten emaitza da Eresargi abesbatza. 1985eko Eguberrietan, jende askok erantzun zion Villabonako kaleetan kantatzeko deiari, eta parte hartu zutenetako batzuek ekin zioten taldea sortzeari. 20 bat gaztek hasitakoak lau hamarkadako bidea egin du, eta larunbatean ospatuko dute denek elkarrekin: Gurea zinema aretoan, 19:00etan, hasiko da emanaldia. 

«Lehenengo urte haietan polit kantatu nahi genuen», gogoratu dute taldeko hasierako kideek. Garai hartan, Tolosan Hodeiertz abesbatza ere sortu berria zen, eta Eresargikoek esan dute garrantzi handia ematen ziotela orduan teknikari. Horrela inguratu zituzten ahots teknika lantzeko lehenengo irakasleak; Ana Elorza, Iagoba Fabrike eta Izaskun Arruabarrena, esate baterako. 

1986an abesbatzako kideek ateratako argazkia. ERESARGI

Aurreneko urteetan, abeslari aldaketa handia izan zuen abesbatzak, gazte askok utzi, eta, pixkana-pixkana, jende helduagoa sartu zen taldean. Bolada horrekin akordatuta, taldekideek oroitu dute Errenteriako Gabonetako Lehiaketara aurkezten zirenekoa, nahiz eta lehiatzea ez da behin ere izan haien helburu nagusia.  

Azkeneko 15 urteetan bizi izan du Villabonako abesbatzak garairik egonkorrena. «Partaideek erabateko konpromisoa agertu dute taldearekiko eta horrek errepertorioa zailtzeko aukera eman dio zuzendariari. Gure kontzertuetan exijentzia handiko obrak kantatzen ditugu gaur egun». Kideek aitortu dute lagun kuadrilla osatzen dutela, asko disfrutatzen dutela kantuan, eta euren helburua entzulea gozaraztea dela. 

2010etik hona egin dituzte arrakasta handieneko ekitaldiak. Aritu izan dira beste hainbat abesbatzarekin elkartrukean eta kolaborazioak egin dituzte Euskal Herriko sona handiko musikariekin, hala nola Mikel Urdangarinekin, Gontzal Mendibilekin, Benito Lertxundirekin, Juantxo Zeberiorekin, edo Migel Zeberiorekin Urmugan.

Iragana eta oraina

Osasuntsu dago Eresargi gaur egun, eta indar horrekin ekin zion duela urtebete inguru 40. urteurrenaren ospakizuna antolatzeari. Larunbatean, Gurea zinema aretoan, 19:00etan hasiko da ikuskizuna. Kantu ekitaldia izango da alde batetik, eta obra guztiak Et Incarnatus orkestraz lagunduta emango dituzte. «Emaitza ikusgarria da. Eskakizun handiko proiektua da guretzat, lan handia ekarri digu, eta astero egin behar izan diugu entseguak Migel Zeberiorekin batera. Eskerrak eman nahi dizkiogu, asko inplikatu baita gurekin», esan dute abesbatzakoek. 

Duela sei hilabete hasi zituzten larunbateko emanaldia prestatzeko entseguak. Astean pare bat aldiz egiten dituzte, bakoitza bi ordu ingurukoa. Folklore anglosaxoian eta euskal folklorean oinarritutako errepertorioa prestatu dute, eta kantu gehienak Eresargik 40 urte hauetan kantatutakoak dira. 

Iragana eta oraina elkartu nahi dituzte larunbateko saioan: alde batetik, korutik pasa diren abeslari ohiei luzatu diete kontzertuan parte hartzeko gonbita, eta 25 inguruk eman dute baiezkoa; bestetik, berriz, bi obra interpretatuko ditu Eresargi Gazte abesbatzak, atzetik datorren «odol berria» irudikatzeko. 

Gaur egun, 26 lagunek osatzen dute Eresargi abesbatza, eta kideek aitortu dute, parte hartzaileen adina «altu samarra» dela, batez bestekoa 60-70 urte ingurukoa. Lan handia egiten dute erreleboa bermatzeko eta gazteak erakartzeko, Eresargi Gaztea abesbatzaren bitartez.

«Asko gozatu dugu kantu ekitaldia prestatzen, eta espero dugu bertaratzen diren ikusleek ere guk bezainbeste gozatzea», esan dute Eresargiko arduradunek. 

Ez dira kantuak bakarrik izango, abesbatzakoek 20 minutuko dokumentala prestatu dute 40 urteko ibilbidea jasoz, eta larunbateko saioan emango dute lehenengo aldiz. «Villabonako historian grabatuta geratuko den zerbait egin nahi genuen, eta horregatik jarri ginen harremanetan Ff Films ekoiztetxekoekin. Hasieratik murgildu ziren proiektuan, eta detaile guztiak zaindu zituzten. Lan bikaina egin dute». 

Bi ordutik beherako emanaldia izango dela kalkulatu dute Eresargiko kideek. Sarrera gutxi batzuk geratzen dira oraindik, eta joan nahi dutenek lehenbailehen abesbatzako kideekin harremanetan jarri beharko dute. 

Emanaldiaren ostean afaria egingo dute ospakizunekin jarraitzeko, eta dagoeneko 60 pertsona baino gehiagok eman dute izena. «Taldeak izugarrizko lana egin du dena antolatzen, ilusio handiarekin gaude, eta seguru gaude guztia ongi aterako dela», esan dute bukatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!