ELKARRIZKETA

«Jendearekin egoteko momentu hauek aprobetxatu egin behar dira»

Jon Miranda Labaien 2026ko apirilaren 23a

Bittori Tapia eta Gemma Ugartemendia Eresargi abesbatzan aritu ziren bere garaian. Larunbateko emanaldian parte hartuko dute.

Abesbatzan aritutako ia 25 lagunek kantatuko dute larunbatean eta horietako bi dira Tapia eta Ugartemendia. Abeslari ohiek bi pieza kantatuko dituzte: Zazpiak oihal batetik, eta Eresargiren ereserkia, Dulce despertar, Oihana Iguaranek euskaratua.

Zein garaitan parte hartu zenuten Eresargin?

Bittori Tapia: Ni 2003ko udaberrian hasi nintzen. Etxean aitona-amonak izan nituen, eta haiek hil zirenean, denbora libre askorekin geratu nintzen. Abestea asko gustatzen zait, eta orduan eman nuen izena. Gero, beste hainbat gauzetan hasi eta azkenerako astirik gabe geratu nintzen. Pena handiarekin, baina  utzi egin behar izan nuen.

Gema Ugartemendia: Ni Bittori baino beranduxeago hasi nintzen, eta Eresargin urte batzuk eman nituen, Donostiara bizitzera joan nintzen arte. Juan Mari Iparragirre zuzendaria eta beste hainbat lagun ezagutzen nituen, eta horregatik animatu nintzen.

Nolako esperientzia izan zen zuentzat?

Tapia: Asko ikasi nuen: nola abestu, nola ahoskatu behar genuen erakutsi ziguten. Oso aberatsa izan zen.

Ugartemendia: Oso atsegina izan zen esperientzia, talde giroa ederra baita Eresargin. Nahiz eta musika ikasketarik ez eduki, beste trikimailu batzuez baliatu ginen kantatzen ikasteko. Ahotsa proiektatzen, eztarriarekin abestu beharrean diafragma erabiltzen erakutsi ziguten. Irakasle izan naiz, eta nire lanbiderako baliagarria izan zait abesbatzan ikasitakoa. Behin ere ez dut eztarriko minik izan, eta, neurri batean, horri esker izan da.

Zergatik erabaki duzue urteurreneko ekitaldian parte hartzea?

Tapia: Ilusioa egin zidan proposamenak. Horrenbeste urte pasa eta gurekin gogoratzeak poza ematen du. Urteotan ez dut harremana galdu, baina aberasgarria da berriro elkartu eta kantatzea. Jendearekin egoteko momentu hauek aprobetxatu egin behar dira.

Ugartemendia: Niretzat izugarrizko ilusioa izan da. Berriro etxera bueltatzeko aitzakia. Jendearekin lotura mantentzeko modu bat izan da larunbateko kontzertuaren prestaketa.

Praktikatu ezean, kantatzea ahaztu egiten zaio bati?

Ugartemendia: Ikasitakoa berriro praktikan jartzerakoan, ahaztuta daukan hori oroitzen du ahotsak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!