Hartubola ezagutzera emateko saioa Olaederran

Ataria 2026ko apirilaren 14a

Kirol hamabostaldiaren barruan, adin gabeko kirol hau ezagutzera emateko saioa egingo dute 11:30etik aurrera Olaederra kiroldegian.

Amasa-Villabonan antolatu duten Kirol hamabostaldiaren helburuetako bat da kirola adin guztietako herritarrentzat irisgarri egitea. Asmo horrekin, ostegunean, apirilaren 16an, hartubol izeneko adin guztietarako kirolaren erakustaldia egingo dute Hernaniko taldeko ordezkariek, 11:30ean, Olaederra kiroldegian.

Boleibolaren antzeko kirola da, baina baloia jo beharrean, jokalariek elkarri pasatzen diote sarearen gainetik bota aurretik. Hernaniko taldeko Eusebio Lizarazu eta Jabier Arraztiok azaldu dute kirol honek XIX. mendearen bukaeran AEBn duela jatorria. Sortu zen New Orleanseko eskolaren izenez bataiatu zuten kirola hasieran –Newcomb–, eta Hego Amerikako beste herrialdeetara zabaldu ahala newcom edo cachibol izenak hartu ditu. Euskal Herrian, hartubol bezala izendatu dute Hernaniko taldekoek.

Hernaniko KEk proposatuta egin zuten proba 2021eko uztailean. Goiz Eguzki erretiratu elkarteko dozena bat lagunek agertu zuten interesa ikusita, urte hartako irailetik aurrera taldea osatzea erabaki zuten. Ordutik, udal kiroldegian praktikatzen dute hartubola, astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara.

Aitzindariak izan dira hernaniarrak kirol hau Euskal Herrian praktikatzen. Lizarazu Hernani KEko boleibol entrenatzailea izan da eta haren eskutik abiatu du bidea herriko hartubol taldeak. Laugarren denboraldia abiatu dute eta taldea izugarri hazi da: «Ia 50 lagun aritzen gara; gazteenak 63 urte edukiko ditu eta zaharrenak, berriz, 88 urte».

Lizarazuren esanetan, hartubola praktikatzera animatzen diren hamar lagunetatik zortzi emakumeak dira: «Behin ere kirola egin gabekoak dira, edo baloi bat ukitu gabekoak. Jarduera fisiko ohikoenak paseatzea, martxa nordikoa, pilates, mantentze-gimnasia, yoga eta horrelakoak izaten dira. Hartubolak beste urrats bat emateko aukera ematen du, adin guztietara egokitutako kirola baita».

Adinik gabeko kirola

Onura fisiko eta emozionalak dituen kirol kolektiboa dela diote: «Jarduera fisikoa sustatu, gizarte harremanak erraztu, dibertitu eta sistema immunologikoa hobetzen du. Erabilera terapeutikoa ere badu, gaitasun fisikoak eta mentalak indartzeko, eta artritisak eragindako hezurren zurruntasuna eta ahultasuna arintzeko balio du. Errehabilitazio fisiko eta mentalerako terapia gisa ere erabil daiteke, baita adingabe autistentzako edo arazo fisiko edo mentalak dituztenentzako ariketa gisa ere».

Indar handia hartu du hartubolak Hernanin. Iazko denboraldian, Madrilen egindako estatu mailako topaketetan hartu zuten parte, eta, Hernanin bertan, Hartu Kalea proiektua bultzatu dute; udalak sustatu duen Auzozaintza proiektuan ere parte hartzen dute, eta maiz egiten dituzte belaunaldiarteko topaketak.

Aurtengo denboraldia ere beteta datorkie: Kataluniaren eta Euskadiren arteko topaketak egingo dituzte maiatzaren 4tik 10era Herrialde Katalanetan; eta, estatu mailako bigarren topaketa Hernanin egingo dute ekainaren 13 eta 14an. «Iazko giroak eskatzen zuen segida ematea horrelako ekintza bati, eta Hernanikook hartu genuen aurtengoa antolatzeko konpromisoa. Ahalegin handia eskatuko digu, baina ilusioz gaude».

Bien bitartean, hartubola zabaltzeko zereginean jarraituko dute. Villabonako Olaederra kiroldegian erakustaldia egingo dute ostegunean, 11:30etik aurrera. Lizarazuren eta Arraztioren nahia da adin guztietarako irisgarria den kirol hau ahalik eta gehiena zabaltzea Euskal Herrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!