Bizi ohitura osasuntsuak, kirola eta herritarren parte hartzea sustatzeko konpromisoari eutsiz, kirol hamabostaldia antolatu du Amasa-Villabonako Udalak, herriko kirol elkarteekin elkarlanean.
Apirilaren 13tik 26ra izango dira ekitaldiak, eta egun horietan hainbat kirol egiteko aukera izango da. “Kirola ez da soilik jarduera fisikoa edo lehiaketa, lankidetza sustatzeko, esperientziak partekatzeko eta balioak transmititzeko tresna ere bada”, esan du Beatriz Unzue alkateak. Gaineratu du kirola herriko txoko guztietara eta adin guztietako pertsonengana hurbiltzeko asmoz antolatu dutela hamabostaldia.
Eñaut Zelarain kirol zinegotziak ere azpimarra egin du ideia horretan: “Adin guztietarako aproposak diren jarduerak daude egitarauan, bizitzaren etapa guztietan kirola egitera bultzatzeko. Kirola herritar guztiei hurbiltzea da helburua, parte hartzea erraztuz, egoera fisikoa, adina edo bizilekua kontuan hartu gabe”. Gainera, herritarren parte hartzea bermatzeko helburuarekin, jarduera guztiak doakoak izango direla azpimarratu du Zelarainek: “Ez dugu nahi inor parte hartu ezinik geratzea”.
Profesionalek eskainitako hitzaldiak, prestakuntza tailerrak, ikasteko eta hausnartzeko espazioak sortuko dituzte hamabostaldian, eta gainera hainbat kirol praktikatzeko aukera ere izango da, besteak beste, errebotea, esku pilota, futbola, martxak, krosa, boloak, triatloia, txirrindu gynkana, halterofilia, pilates, cycling, zumba eta bike birtuala.
Berrikuntza gisa Realak jokatuko duen Kopako finalaren zuzeneko emanaldia aipatu du Zelarainek; Malkar plazako pantailan jarraitu ahal izango da apirilaren 18ko partida.
Horrekin batera, unerik berezienetako bat apirilaren 24an izango dela esan du kirol zinegotziak. Gurea antzokian, Amasa-Villabonako kirolariak eta kirol klubak omenduko dituzte ekitaldi batean.
Amaitzeko alkateak eskerrak eman dizkie hain zuzen herriko klubei hamabostaldia antolatzeko eman duten laguntzagatik. Gogoan izan ditu, aldi berean, Olaederrako kiroldegiko langileak eta Aitziber Murua udal kirol teknikaria, haien lanari esker aterako baita aurrera egitaraua.
-
Apirilak 13, astelehena
- 16:45 - 17.45. Kirol anitza, multiekintzak Eskola Kirola LH 1-6ekoentzat, Erreboteko plazan, eguraldi txarrarekin Olaederra kiroldegian.
- 17:00 - 18:00 / 18:00 - 19:00. Behar Zana pilota elkarteak antolatuta erakustaldiak. Erreboteko plazan: joko garbia eta errebotea. Olaederra kiroldegian: paleta eta esku pilota. LHko 1-2-3-4 mailakoentzat.
- 17:30. LH 3-3koentzat Arroako plazan futbol taldeen erakustaldia Billabonako FKE eta Aiztondo Neskide kirol taldearen eskutik.
-
Apirilak 14, asteartea
- 16:45 - 17.45. Kirol anitza, multiekintzak Eskola Kirola LH 1-6ekoentzat, Erreboteko plazan, eguraldi txarrarekin Olaederra kiroldegian.
- 17:00 - 18:00 / 18:00 - 19:00. Behar Zana pilota elkarteak antolatuta erakustaldiak. Erreboteko plazan: joko garbia eta errebotea. Olaederra kiroldegian: paleta eta esku pilota. LHko 1-2-3-4 mailakoentzat.
- 17:00 - 18:15 / 18:30 - 19:45. Mugitu hobeto, min gutxiagorekin bizi formakuntza-tailer praktikoa Subijana etxean, Arindu fisioterapiaren eskutik. Sarrera doakoa da, izen emateko:www.labur.eus/arteamugimenduan
-
Apirilak 15, asteazkena
- 11:00. Erreboteko plazan helduentzako Ibilian Ttipi-Ttapa ekimena.
- 11:00 -14:00 / 16:30 -19:30. 100 aldiz begiratu sentsibilizazio kanpaina helduentzat Berdura plazan eta Salbadora jubilatu elkartean.
- 17:15. LH 6 mailara artekoentzat haurrentzako krosa eta merienda Erreboteko plazan. Izena emateko: www.labur.eus/haurrentzakokrosa.
- 18:30 - 19:30. Bolatokian Behar Zana pilota elkarteko bola taldearen erakustaldia.
- 19:00. Triatloi Mix kirol taldearen eskutik Erreboteko plazan social running.
-
Apirilak 16, osteguna
- 11:30. Olaederra kiroldegian helduentzako Hartubol, adin gabeko kirola.
- 16:45 - 17.45. Kirol anitza, multiekintzak Eskola Kirola LH 1-6ekoentzat, Erreboteko plazan, eguraldi txarrarekin Olaederra kiroldegian,
-
Apirilak 17, ostirala
- 17:00. Danena txirrindularitza elkarteak txirrindu ginkana egingo du 5 eta 14 urte arteko gazteentzat Erreboteko plazan. Bizikleta eta kaskoa eramatea beharrezkoa izango da.
-
Apirilak 18, larunbata
- 21:00. Malkar plazako pantailan Espainiako Errege Kopako finala zuzenean jarraitzeko aukera.
-
Apirilak 20, astelehena
- 17:30 -19:00. Gabriela Retana Bronte farmazialariak eta nutrizionistak hitzaldia emango du: Elikadura emakume kirolariengan. Subijana etxean emango du hitzaldia.
-
Apirilak 22, asteazkena
- 11:00. Ibilian Ttipi-Ttapa ekimena Erreboteko plazatik abiatuta.
- 12:30. Helduentzat eta haien zaintzaileentzat Salbadora jubilatu elkartean Osasun zentroko erizain eta fisioterapeuta batek tailerra zuzenduko du: Erorketen prebentzioa. Autozaintza, etxeko arriskuak eta ariketak.
- 17:00. Osasun zentroko fisioterapeutak hitzaldia emango du adin guztietako emakumeentzat Subijana etxean. Emakume kirolaria. Gorputza zainduz adin guztietan aktibo gaia izango du hizpide.
- 17:00. Denok Danena Halterofilia taldeak erakustaldia eskainiko du Erreboteko plazan. Irekia izango da ekitaldia.
- 17:00 -18:00 / 18:00 - 19:00. Erreboteko plazan eta Olaederra kiroldegian neka kirolarien eguna: joko zuzenak, errebotea eta esku pilota erakustaldiak egingo zaizkie LH 3-6 maila arteko neskei.
-
Apirilak 23, osteguna
- 19:00. Osasunerako indar entrenamendua hitzaldia emango dute Ander Alkortak eta Sonia Muñozek Subijana etxean.
-
Apirilak 24, ostirala
- 19:00. Gurea antzokian Amasa-Villabonako kirolari eta kirol elkarteei aitorpen eta omenaldi ekitaldia. Amaieran Oinkari dantza taldeko dantzariek Agurra dantzatuko diete omenduei.
-
Apirilak 25, larunbata
- 08:15 - 13:30. I. Ibilaldi inklusiboa egingo dute Inklusioaren aldeko UPSALA elkartekoek, Aizkardi mendi elkartea eta Irrintzi elkartearen laguntzaz. Erreboteko plazatik abiatuko dira. Basagain herrixka eta Mendigain tontorra zeharkatuko dituzte beteak beste. Asegurua egin ahal izateko izena eman behar da aurrez www.upsalasenderismo.com helbidean.
- 10:00. Xake elkartearen jaialdia Berdura plazan.
- Egun osoan. Olaederra kiroldegian Aiztondo Neskide taldearen eskutik infantil mailako mutilen bolei txapelketa.
-
Apirilak 26, igandea
- 10:30. Loatzoko XXXII. Igoera-jaitsiera. Uxo Toki elkartean egin ahal izango dira izen emateak 09:00etatik aurrera. 9,73 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek eta amaieran zozketak egingo dira. Uxo Toki elkarteak eta Amasako Martina kultur elkarteak antolatutako ekimena.
- 10:00 - 13:00. Oria ibaia Nordic Walking elkarteak ekimena antolatu du Maiatzaren Lehena plazan. Aurrena tailerra egingo dute eta ondoren ibilaldia. Luzapenak musikaz girotuta egingo dituzte.
- 11:00 - 13:00. Billabona FKEk antolatuta Arratzaingo futbol zelaian futbol taldeen txapelketa mistoa egingo da, 2017, 2018 eta 2019 urteetan jaiotakoentzat.