Abenduaren 4an onartu zuen Amasa-Villabonako Udalak 2026ko aurrekontua, 8,6 milioi eurokoa. Udal gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontua EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin onartu zuten.
Gobernuaren iritzian, herritarrei hitz emandako hainbat egitasmo aurrera ateratzeko urtea izango da datorrena eta Beatriz Unzue alkateak azpimarra egin du, bereziki, gastu sozialean. Aurtengoarekin alderatuta % 10eko igoera izango du Gizarte Zerbitzuen sailak: «Inor atzean utziko ez duen herri parekidea izan nahi dugu; pobreziarik, bazterketa sozialik edota indarkeria matxistarik gabeko herria».
Datorren urteko aurrekontuaren kopuru osoaren % 10,15 hartuko du Gizarte Zerbitzuen sailak –aurten % 6,3koa izan da portzentajea– eta udal gobernuak nabarmendu du sail honek % 213,6an egin duela gora 2019tik hona. «Datuek agerian jartzen dute udal gobernu honek politika sozialekin duen konpromisoa».
Esku hartzeak arloka
Ingurumenarekin lotutako hainbat gai jorratzeko 721.638 euro bideratuko ditu udalak 2026an, eta, besteak beste, hondakinen gaikako bilketaren gainbeherari aurre egingo diote, baita ibai eta erreken garbiketari ere. Horrekin batera, Amasamendiko kudeaketa planaren lehen 10 urteetako garapena baloratu eta 2036ra bitarteko plangintza diseinatuko dute datorren urtean. «Gure norabidea garbia da, interes ekonomikoen gainetik, gure mendien birnaturalizazioan sakonduko dugu bertako ekosistema naturalak berreskuratu eta XX. mendeko landaketa artifizialak behin betirako desagertzeko».
Gai hauekin batera, udal gobernuak esan du kezka berezia duela herriko merkataritzak bizi duen egoerarekin. Sektore hau sustatzeko eta biziberritzeko politikak indartuko dituzte; horretarako ia 100.000 euro bideratuko dira Merkataritzan Ados mahai irekian zehazten diren ekimenak garatzeko.
Etxebizitzaren problematikari aurre egiteko konpromisoa ere azaldu du udal gobernuak eta aurreratu du Amasa-Villabona tentsio eremu deklaratzeko eskaera egingo duela, alokairuen prezioei muga jartzeko. Etxebizitza hutsei kanona aplikatzeko prozesua abiatu eta etxeak alokairura ateratzeko obrak egiteko lerro berria ere martxan jarriko dute.
Bide batez, udalak diru laguntzak banatuko ditu datorren urtean kultura, kirola, aisialdia eta alor sozialeko elkarteei bultzada emateko, aurreko urteetan egin duten bezala. «Balioa eman nahi dugu herrian dugun elkartegintza sare zabal eta anitzari; elkarte hauetan boluntario gisa lan egiten duten ehunka herritarren ekarpena ordainezina da».
Gauzatzeko egitasmoak
Udal gobernuak datorren urtean bururatu nahi ditu haien kudeaketa planean eta herri programan jasotako egitasmo handienetako batzuk. Tartean dira, Txermin eta Etxeondo auzoen eraberritzea, Agaraitz industrialdeko saneamendua edota Fleming herri eskolako instalakuntzetako obrak. 2026an gauzatuko da, baita ere, udal liburutegia handitu eta eraberritzeko proiektua, 800.000 euro inguruko aurrekontua duena. Ezohiko inbertsio hau udal gerakinetik finantzatuko dela esan dute udal arduradunek.
Aldi berean, 700.000 euroko diru funtsa prest du udalak Villabona eta Amasa arteko errepideko obrarentzat. Bidea zabaldu eta alboan espaloia eraikitzeko proiektua adostu du aurten udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, «urteetako lanketa eta negoziazioaren ondoren».
EAJren ezezkoa
EH bilduk uste du 2026ko aurrekontuak udalaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duela eta onartu duten hau «orekatua eta zuhurra» dela, «anbiziotsua eta eraginkorra». Koalizio abertzalea kexu agertu da, hala ere, oposizioak «pisu espezifikorik gabeko» zuzenketak aurkeztu dizkiolako aurrekontuari: «Ez dute inolako interesik udal politika propositibo bat garatzeko eta, ondorioz, ez dute aurrekontua hobetzeko eta pisuzko ekarpenak egiteko ahaleginik egin nahi izan».
EAJ eta PSE-EEko udal taldeek ezezkoa eman diote aurrekontu proposamenari. Jeltzaleen esanetan zenbait proiektu gauzatzeko partiden diru-hornidurak ez dietelako benetako beharrei erantzuten. Aldi berean, EAJk salatu du proiektu hauek gauzatuko badira, aurreko urteetako gerakina erabili beharko dela. Adibidetzat jarri ditu kiroldegia, Arroako plaza, Txermingo aparkalekua eta liburutegi berria.
Lau zuzenketa aurkeztu zituzten jeltzaleek abenduaren 4ko bilkuran: Amasa-Villabonako ikastetxeetako hezkidetza programari buruzkoa; landa auzoetako herritarrak erdigunearekin lotzeko taxi zerbitzuari lotutakoa; udal arreta zentroaz ari dena; eta herriko merkatarien belaunaldi arteko traspasoaren ingurukoa. «Inertzia hutsak gidatzen du EH Bilduren jarduna, ez baitu beharrei aurre egiteko era egokian planifikatzen, ezta kudeatzen ere», esan du EAJren udal taldeak.