EAJk salatu du EH Bilduren arduragabekeria eta aurrekontuen kudeaketa eskasa

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Villabona 2025eko abenduaren 10a

EH Bilduen aurrekontua errealitatetik urrun, aurrekontu hauek ez dira balekoak.

EAJren udal taldeak publikoki adierazi nahi du 2026ko aurrekontuen negoziazio-prozesuan EH Bilduk arduragabekeriaz eta errespetu faltaz jokatu duela. Izan ere, batetik, aurrekontua lantzeko eta eztabaidatzeko EH Bilduk berak ezarririko kronograma ez du bete, eta, bestetik, aurkeztutako zuzenketei ez die inolako erantzunik eman.

Gure taldeak EH Bilduk zehaztutako datan, azaroaren 20an, alegia, helarazi zizkion EH Bilduren gobernuari aurrekontuari aurkeztutako zuzenketak, baina ez zuen inolako erantzunik jaso, ez idatziz, ez biltzeko proposamenik eginez. Azaroaren 27ko Ogasun Batzordean, berriz, EH Bilduren bozeramaileak onartu egin zuen haiek emandako kronograma ez zutela bete.

EH Bilduren aurrekontua errealitatetik urrun

2026rako EH Bilduk bere botoez soilik onartu duen proposamena ez dator bat Amasa-Villabona udalerriko benetako egoerarekin, zenbait proiektu gauzatzeko partiden diru-hornidurak ez baitio benetako beharrari heltzen. Hona hemen zenbait adibide:

Kiroldegia: egoera kezkagarria da, urteak daramatzagulako kontratu berria lizitatu gabe eta hilero kontu-hartzailearen eta idazkariaren kontrako txosnarekin ari direlako ordainketak egiten. Une honetan kiroldegiak duen gastu energetikoaren aurreikuspena 320.000 eurotik gorakoa da, ( 210.000€ ekarpen zuzena + 150.000€ argia eta gasa ) egoera irregular hau gehiago luzatu ezin bada ere.

Arroako plaza: plazaren lanak direla eta, garajeetan ur-filtrazio larriak agertu dira eta horien konponketari aurre egiteko 1.000 euro besterik ez ditu aurreikusi EH Bilduk, argi dagoenean kopuru hori ez dela inondik inora nahikoa izango seguruenik 500.000 euro ingurukoak izango diren kalte-ordainak ordaintzeko.

Txermingo aparkalekua: 2025eko Santioetarako amaituta behar zuen gune honek, argiztapenik gabe eta auto elektrikoentzako kargagailurik gabe jarraitzen du une honetan.

Liburutegi berria: besteak beste, URAren baimenik ez duen eta irisgarritasun arazo larriak dituen gabeziez beteriko proiektu hau gauzatzeko 10.000 euroko zuzkidura besterik ez du aurreikusi EH Bilduk, eta obra honen kostua 800.000 euro baino handiagoa izango da.

Aurrekontu hauek ez dira balekoak

Aurrekontuek ez dute udalaren errealitatea islatzen eta, bertako proiektuak gauzatuko badira, aurreko urteetako gerakina erabili behar izango dira; horrek proiektuen gauzatzea atzeratuko du eta haien ordainketak blokeatuko ditu. Inertzia hutsak gidatzen du EH Bilduren jarduna, ez baitu beharrei aurre egiteko era egokian planifikatzen, ezta kudeatzen ere.

Horregatik guztiagatik ezezkoa eman die EAJk EH Bilduk onartutako aurrekontuei. EH Bilduk bestela adierazten badu ere, aurrekontu hauek ez die herritarren interesei erantzuten, EH Bilduk ez baititu bermatzen Amasa-Villabonak behar duen lidergoa eta eraginkortasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!