Dantza taldeko kideek ez dakite kalkulatzen 50 urteotan zenbat jende pasa den Oinkaritik; gutxi gorabeherako kontua aterata uste dute Amasa-Villabonako herritarren, gutxienez, % 70k izan duela harremana dantza taldearekin. Horietako asko zuzenean aritu izan dira eskolan dantza ikasten, eta beste asko modu batera edo bestera zipriztindu ditu taldeak, seme-alabengatik ez bada, dantza saioen antolakuntzan laguntzeagatik edo Oinkariren konpartsetan parte hartzeagatik.
Haiekin denekin ospatu nahi dute orain mende erdia. Herriko jendeak sortu zuen Oinkari eta herriko jendeak mantendu du bizirik urte guztiotan. Duela urtebete inguru elkartu ziren lehenengo aldiz taldetik pasatako hainbat kide urtemuga prestatzeko, eta bilerara hurbildutakoen prestasuna ikusita, ospakizunetarako lehenengo geltoki bat antolatzea pentsatu zuten: maiatzaren 10ean egin zuten Lorezainen konpartsa herrikoia, giroa berotze aldera. Eguraldia ez zuten lagun izan ordea, eta kiroldegian egin behar izan zuten plazan eskaini asmo zuten emanaldia; arratsalderako atertu, eta kalejirarekin amaitu zuten eguna. Azaroko ospakizun nagusirako aho zapore ona utzi zien maiatzekoak.
Indar horrekin antolatu dituzte datorren asterako ekitaldiak, eta askotarikoak izango diren arren, azpimarra berezia egin dute urtemugaren antolatzaileek azaroaren 21ean, Olaederran egingo duten 50 urte dantzan ikuskizunean. Ez da nolanahiko saioa izango Oinkaritik pasatako 170 dantzarik hartuko baitute parte. 40 inguru taldeko gaur egungo kideak izango dira, baina gainerako guztiak kide ohiak, garai batean aritu zirenak.
Belaunaldika prestatu dituzte saioan eskainiko dituzten dantzak; guztira, zortzi taldetan banatuta. Belaunaldi bakoitzak erabaki du Olaederrako saioan zein dantza egin, betiere haien egoera fisikora egokituta. Haien arteko haria lotzeko gidoia prestatu du Oihana Iguaranek, eta hark zuzenduko du ikuskizuna; Hodei Arrastoa, Oihan Carramiñana eta Agurtzane Intxaurraga aktoreak arituko dira taula gainean; aldamenean hamabi musikarik jardungo dute, lau finkoak izango dira eta piezaren arabera aldatzen joango dira gainerakoak. Ikuskizunerako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai entseguko ordutan, Txermingo egoitzan. Emanaldi egunean ere Olaederran izango dira eskura, baldin eta soberan geratzen badira.
Iragana eta oraina uztartuko dituzte ostiraleko emanaldian, baina belaunaldi berrienek, dantza eskolan dabiltzan neska-mutilek hartuko dute plaza larunbat goizean. Auzoetatik zehar kalejiratxo bat egingo dute, Dantzari Txiki egunetan ohi den bezala, eta gero frontoian egingo dute emanaldia 11:30ean.
Handik aurrerakoak festarako baliatuko dituzte. Adunako Aburuzan bazkalduko dute elkarrekin, eta arratsaldean Erreboteko plazan erromeria egingo dute Gozategi taldearekin. Afalorduan Urrizpe tabernan bilduko dira oinkaritarrak. Afari legea egingo dute eta DJak arituko dira tabernan bertan. Dantza taldekoek nabarmendu dute ez dela festa pribatua izango, eta herritar guztiak daudela gonbidatuta.
Sintonia bat urtemugarako
50 urte behin baino ez dira betetzen, eta urtemugak arrastoa uztea nahi dute Oinkariko kideek. Aspaldiko ametsa zuten dantza taldearen kantu bat sortzearena, eta okasio polita iruditu zaie mende erdiko ospakizuna. Ideia xumea zena, dimentsio handiko proiektuan bihurtu da, ordea.
Oinkarirekin lotura estua duten bi pertsonek osatu dute kantua: Korrontziko Agus Barandiaranek jarri du musika eta Oihana Iguaranek asmatu ditu hitzak. Kalejira bat sortzeko agindua baino ez zioten eman musikari bizkaitarrari, eta hark ederki laburbildu du dantza taldearen esentzia, bertsolari amasarraren hitzak biltzeko doinuan. Kantuaren errepika, oihartzun bat bezala zabalduko denaren ziurtasuna dute Oinkariko kideek: Eskuak zapi, zapiak soka,
kate bat begiz begi pausoka…
URTEMUGAKO EKITALDIAK
- Azaroak 20, osteguna
- 18:00. Txokolatea Txermingo ikastola azpian.
- 19:30. Dantza-poteo herrikoia, Txermingo ikastolatik abiatuta.
- Azaroak 21, ostirala
- 22:00. 50 urte dantzan ikuskizuna. Oinkariko dantzari eta dantzari ohiek prestaturiko ikuskizuna, Olaederra kiroldegian.
- Azaroak 22, larunbata
- 10:30. Kalejira herrian zehar, Oinkari dantza eskolaren eskutik.
- 11:30. Oinkari dantza eskolaren emanaldia, Bearzana frontoian.
- 14:30. Bazkaria Aburuza sagardotegian.
- 20:00. Erromeria Errebote plazan, Gozategi taldearekin.
- 21:30-23:00. Afaria Urrizpe tabernan.
- 22:00. DJ Fer Urrizpe tabernan.
- 00:30. DJ Zigor DZ Urrizpe tabernan.