Amasamendi Bizirik taldeak 1.548 sinadura bildu zituen uztaileko azken bi asteetan eta Amasa-Villabonako Udalean entregatu abuztuaren 6an. Poligono eolikoaren proiektua bertan behera uztea eta Premier Group enpresarekin harremanak etetea eskatzen dute sinatzaileek.
Egitasmo honen aurka lanean jarraitzeko asmoa agertu dute Amasamendi Bizirik taldeko kideek: «Ez dugu interes pribatuen mesedetan gure mendiak kaltetzea onartuko».
Irailaren 21ean, igandea, Amasamendira mendi martxa antolatu du taldeak. Amasako plazatik 09:00etan abiatuko dira eta proiektuaren behin-behineko kokapena bisitatuko dute, poligono honek eragingo lituzkeen kalteen inguruan elkarrekin hausnartzeko.
Amasamendi Bizirik taldeak dei egin die herritarrei ekimenarekin bat egin dezaten.