Amasa-Villabonako Berdintasnean Ados! mahaiak antolatu du bihar Berdura plazan egingo den Gure Eszena jaialdia, Emakumeak oholtzan lelopean. Villabonako Berdura plazan, 18:00etan hasita, sei emanaldi izango dira oholtzaren gainean, ordena honetan: Iraia Cambra, Olaia Toral, Dudik-p, Alarma Morea, AyVee eta Erreugiñak.
«Musika arloan emakumeen espazioa aldarrikatu nahi dugu», esan du Irune Alfonso Villabonako Udaleko Berdintasun zinegotziak. «Villabonan ere badaude emakume asko musikaren arloan aritzen direnak, eta Berdintasunean Ados! mahaiak ahalmena duenez ekitaldiak antolatzeko, emakume horiei bere espazioa ematea pentsatu genuen: oholtza hartu dezaten, ahotsa hartu dezaten, eta beraiek horrelako gune seguru eta libre bat izan dezaten». Artistak herritarrak zein ingurukoak izango dira. «Azkenean 20 bat emakume izango dira oholtza gainean», esan du Alfonsok. «Erakutsi nahi genuen emakumeok musikan badugula gure lekua, eta animatu nahi dugu jendea jaialdira joatera».
Berdintasun gaiek bere espazio behar zutela ikusiz, Villabonako Udalak oraingo legealdian berdintasunari eta politika feministei leku bat ematea, eta zinegotzi bat izendatzea gai horietarako. Era berean, Berdintasunen Ados! mahaia sortzea erabaki zuten, Alfonsok zehaztu duenez: «Herrian bi talde feminista daudenez, eta feminismoaren inguruan mugimendua dagoenez, udala eta herriko eragileen artean harreman zuzena izateko eta elkarrekin lana egiteko erabaki zen berdintasun mahai bat sortzea. Eragileez gain, edozein herritarrei irekita dago, eta aprobetxatzen dugu gonbita egiteko jendea etorri dadin bileretara».
Egitasmoa iazko otsailean jarri zen abian, eta hilero bilera bat egiten dute, lehenengo asteazkenean, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Berdintasunaren inguruan egun dauden gaiei buruz aritzen dira bertan, Alfonsok azaldu duenez: «Zaintzaren gaia ari gara lantzen eta Farapirekin aritu gara herriko Zaintza Diagnostikoa egiten. Urte osoa lan horretan aritu gara, hainbat dinamika eginez». Horrez gain, asmoa ere badute hezkuntzaren arloa gehiago jorratzeko. «Horrekin batera, mikromatxismoa, maskulinitatea... jorratzen ditugu ere». Bestalde, egutegi bat osatu dute egun garrantzitsuekin. «Martxoaren 8az eta azaroaren 25az aparte, kontuan hartzen ditugu urriaren 15a, Emakume Baserritarren Eguna; otsailaren 11, Emakume Zientzialarien Eguna; maiatzaren 15a, Familia Aniztasunaren Eguna; Ekainaren 28a, LGTBI+ Eguna... Saiatzen gara egun horiek guztiak kontuan hartzen eta horren inguruan lanketak eta dinamikak egiten».
Olaia Toral
34 urteko billabonatarra, txikitatik abesten du, eta bere bokazioa momentu intimoetan abestea da, bere gitarraz lagunduta. Askotan, bere musika Maider Iñurrita biolin jotzaile billabonatarrarekin partekatzen du. Biak izango dira Emakumeak oholtzan egitasmoan.
Dudik-p
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo sei lagunek osatzen dute Dudik-p taldea. Ahalduntzeko bide eman die musikak taldeko kideei. 2018. urte inguruan erabaki zuten taldekideek elkartzea eta beren bide propioa abiatzea. Aurretik, Loatzo musika eskolaren abaroan ibilitakoak dira kide guztiak, eta talde batean elkarrekin jotzea probatutakoak, Anakruxan urte luzetan eta, tarte labur batean, A Contratiempo taldean. Marijo Mendibil (baxua eta ahotsa), Carmen Chivite (bateria), Mertxe Mendizabal (gitarra akustikoa), Olatz Barandiaran (biolina), Pilu Garmendia (gitarra elektrikoa) eta Maialen Mujika (eskusoinua, baxu elektrikoa eta gitarra) dira bertako kideak.
Alarma Morea
Emakumeez osatutako euskarazko runba taldea da, eta 2019an hasi zuen bere ibilbidea Zumarragan. Ahotsak (Ainhoa eta Uxue Plagaro ahizpek), gitarrak (Ainhoa Plagaro), dantzak eta perkusioak (Amets Albisu), kajoiak eta bestelako perkusioa (Uxue Plagaro) eta baxuak (Nuria Cullak) osatzen dute taldea. Estilo nagusia runba flamenkoa den arren, beste hainbat musika estilok ere baldintzatzen dute taldearen nortasuna fusio alternatiboari hegoak emanez.
Emakumearen borroka eta ahalduntzea da taldearen zutabe garrantzitsuenetako bat. Musikaren munduan eta gizartean ematen den genero zapalkuntzari aurre egiteko, musikaren bitartez, letrak, melodiak eta gorputz adierazpenak erabiltzen dituzte kontzientziak lantzeko eta espazioak berreskuratzeko helburuarekin. Ezinbesteko bigarren zutabea, euskararena da. Euskaraz sortu, euskara erabili eta hau zabaltzea da taldearen beste xedeetako bat. Sustraiek eta musika estilo berak egiten dute nahasketa berezi eta apartekoa izatea.
AyVee
Andrea Vitoria, AyVee izenez ezaguna, musikari eta dantzari tolosarra da. Musika urbanoa egiten du eta hainbat Ep argitaratu ditu, azkena Medusa izenekoa, 2023an. Iaz bi abesti argitaratu zituen, Emaidazu eta Agur, aio izenekoak. Doinu dantzagarriak egiten ditu eta entzuleak dantzan jartzea izaten da bere nahia kontzertuetan. Horrela dio bere buruari buruz: «Euskal Herriko musika urbanoaren arauak apurtzeko prest. Indartsua, eguneratua, identifikagarria eta sentsuala».
Erreugiñak
Nafarroako mendialdean jaiotako reggae bikotea, Saioa eta Oihane Ventura ahizpek osatua. Euskal kantu zaharrak Jamaikako doinu eta erritmoekin uztartzen dituzte. Reggae sesioak egiteaz gain, akustikoan ere aritzen dira, gitarra, txirula eta ahotsekin.





