ELKARRIZKETA

«Musikak sekulako ahalmena du jendearekin konektatzeko»

Imanol Garcia Landa 2025eko irailaren 12a

Villabonan kontzertua ematea zein emakumeak oholtza gainean egotea bultzatzeko egitasmoan parte hartzea ohorea dela dio Iraia Cambra musikariak.

Iraia Cambrak (Amasa-Villabona, 2003) parte hartuko du bihar Villabonan egingo den Gure Eszena jaialdian. 

Zer suposatzen du Gure Eszena emanaldian parte hartzeak?

Ohore bat da, Villabonan, nire herrian, abestuko dudalako. Nire lehenengo kontzertua ematen hasi nintzenean, bertan hasi nintzen, Villlabonako udaletxe parean. Beti da berezia zure herrian jotzea. Egia da presio handiagoa ere badela, jende gehiago ezagutzen duzulako. Eta emakumeak oholtzan izatea, eta feminismotik hori bultzatzea oso beharrezkoa da, eta niretzat horrelako zerbaitetan parte hartzea ohore handia da.

 

Zein izan da orain arteko zure ibilbidea musikan?

Musika betidanik gustatu izan zait. Musika eskolan hasi nintzen, lehenengo biolina jotzen. Baina beti gustatu izan zait abestea. Nire amak esan izan du oso gaizki abestu izan dudala beti. Ez nekien nota bat ondo ematen, solfeoan desastre bat nintzen. Bat-batean ahotsa aldatu zitzaidan, abesten hasi nintzen eta nire ama harrituta geratu zen: «Eta hau nondik dator?». Erniobea institutuan gitarra erakusten ziguten, eta han hasi nintzen ikasten. Nire osabak gitarra bat oparitu zidan, etxean izateko, eta hor hasi nintzen 14 urterekin nire lehenengo abestiak sortzen. Ingelesez hasi nintzen, eta orduan hasi zitzaidan musikarekiko grina, konposizioan muturra sartu nuen; izan ere, beti gustatu izan zait idaztea. Oso txarra izan naiz nire emozioak kanporatzen, eta beti abestien bidez egin dut lan hori. Abestiak sortzea eta idaztea terapia moduko bat da niretzat. 

Gero, hasi nintzen gitarrarekin abestiak igotzen sare sozialetara, bai bertsioak eta baita nire abestiak ere. Eta udaletik idatzi zidaten; azoka bat egin zen, eta hori girotzeko eskatu zidaten. Hor hasi nintzen. Hortik urtebetera talde bat sortu genuen musikari batzuen artean eta pixkana goaz. Aurreko urtean kontzertu batzuk eman genituen, eta aurtengoa lasaiago hartu dugu, konposizioak egiteko, disko bati begira-edo.

Zer izen du taldeak?

Taldeak ēkana izena du. Lehen nire izenean joaten ginen, eta bideoklip bidez argitaratuta ditudan bi kantak nire izenean daude, baina hori aldatzea ere pentsatzen dugu. Ikusiko dugu zer-nolako hibridoa egiten dugun. 

Bakarlari bezala eta taldean aritzen zara, beraz.

Bai, bietatik egiten dut. Gauza txikiak direnean bakarka egitea gustatzen zait. Kasu honetan, ordu erdiko kontu bat denez, hobeto moldatzen naiz ni neu gitarrarekin, egitura eta entsegu gehiegirik gabe, nire etxean lasai arituz. Bost pertsona entsegu gela batean elkartzea nahiko zaila da ordutegi aldetik. Beraz, horrelakoak bakarka egiten ditut. 

Zer da musika zuretzat?

Niretzat terapia da, bai entzuterakoan, bai letren bidez. Asko gustatzen zait letrekin konektatzea eta jakitea artista horrek zer esan nahi duen. Gainera, askotan oso poetikoak dira eta pila bat gustatzen zait zentzu bat bilatzea, nahiz eta ez den berak eman nahi dion zentzua, nik nirea propioa bilatzea, alegia. Musikak sekulako ahalmena du jendearekin konektatzeko. Beti nahiago izan dut audioa irudia baino, konektatzeko beste modu bat du, nire ustez. 

Nolakoa da emakumeen presentzia eszenatokietan?

Inoiz ez da nahikoa. Gogoan dut kontzertu honetan parte hartzea eskaini zidatenean, gradu amaierako lana bukatzen ari nintzela, eta, hain justu, Emakumeak oholtzan podcasta izan da lan horren emaitza. Asko aztertu izan ditut lan horretarako emakumeak oholtzan, eta batzuekin hitz egiteko aukera izan dut. Egia da denetik dagoela, baina orokorrean denok gaude ados oraindik asko dagoela egiteko: eszena orokorrean oso urria dela eta bai gizonezko taldeei eta baita gizonezko bakarlariei ere oihartzun handiagoa gehiago ematen zaiela. Ez hori bakarrik, asko landu genuen emakumeek oholtza gainean eman behar duten irudia. Gizon bat ateratzen bada oholtza gainean ez da kritikatuko janzkerarengatik, jarrerarengatik, edo oholtzan egin duenagatik edo kantatu duenagatik. Emakume bat ateratzen bada, asko kritikatuko da: zer duen jantzita, zer-nolako jarrera izan duen, asko mugitu den eszenatokian, alai zegoen edota serio zegoen. 

Podcastean jaso zenuen adibideren bat?

Nogen taldeko Ane Negueruelak esaten zidan bere taldeko mutil bati norbait gerturatzen zaionean, gitarra zer ondo jotzen duen esaten diola, asko gustatzen zaiola nola egiten dituen soloak, eta berari gerturatzen zaizkionean esaten diotela zer soineko polita daraman, zer guai eramaten dituen jantziak, edo zer ahots polita duen. Hor nabaritzen da zer-nolako ezberdintasuna dagoen. Nik ez dut hori igarri, artista txikia zarenean, kontua delako deitzen zaituzten ala ez. Baina beti komentatzen dugu: ziur asko, gizonezko batek aterako balitu nire kanta berdinak, beharbada oihartzun handiagoa izango luke edo toki gehiagoetatik deituko liokete. Badago sekulako saltoa. Egia da Euskal Herri mailan ez dela hainbeste nabaritzen txikia delako, eta iruditzen zait musikariek elkarri laguntzen diotela. Baina Euskal Herrian ikusten bada salto bat gizonezkoen eta emakumezkoen artean, zer esanik ez nazioartean edo lurralde handiago batean. 

 
Erlazionatuak

Oholtza emakumeentzat

Imanol Garcia Landa ira 12 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!