Villabonako jaiak 2025

Zortzi eguneko etenik gabeko festarako prest

Jon Miranda Labaien 2025eko uztailaren 15a

Villabonako Santio festak aurkezteko agerraldia egin dute udal ordezkariek eta festa batzordeko kideek.

Amasa-Villabonako udal ordezkariek festa batzordeko kideekin batera Erreboteko plazan aurkeztu dituzte aurtengo Santio jaiak. Uztailaren 24tik 31ra ospatuko diren jaietako egitaraua prestatzen aritu diren norbanako, elkarte, eragile eta taldeen lanari aitortza egin nahi izan dio Beatriz Unzue alkateak aukezpen ekitaldian: “Lan egiten duten herritar, norbanako, elkarte, eragile eta talde guztiei eskerrak. Jai herrikoiak ez lirateke posible izango horien guztien ekarpenik gabe”.

Publiko eta gustu guztientzako egitaraua prestatu dutela nabarmendu du alkateak eta Joxean Cubero udaleko kultura teknikariak eman ditu aurtengoaren inguruko zertzelada nagusiak. Aurten Erromeri eguna ez da larunbatarekin izango, Santio egunean baizik. Izan ere, larunbata Santana egunarekin tokatzen da aurten, eta aurreko urteotako ohiturari jarraituz, Zunbeltz elkartearen konpartsa aterako da egun horretan; aurten, AEB izango dute mozorrorako aitzakia.

Orain arte, Erromeri egunarekin batera ateratzen zen Santiotan Kantari ekimena. Aurten, egun ezberdinetan izango dira bi ekitaldiak: Erromeri eguna uztailaren 25ean, eta Santiotan Kantari, berriz, uztailaren 27an, igandean.

Igandean, hain zuzen, beste ekimen garrantzitsu izango. Gizonezkoen eta emakumezkoen Antton Pebeten omenezko elite mailako eskuz binakako pilota txapelketaren finalak jokatuko dira udal pilotalekuan. Gizonezkoen partida ETBk eskainiko du.

Gazteen Eguna, aurten, astelehenarekin ospatuko da eta gauean Mirua eta Toc taldeekin kontzertuak izango dira. Eta, asteazkenean, Kuadrillen Eguna egingo dute. Azken egunean, uztailaren 31n, Remi Ayestarani egindako ekitaldiaren ondoren, Burrunba elektrotxaranga izango da Villabonan. 

Iaz bezala, aurten festetan ez da suziririk botako, pertsona zaurgarriekiko eta etxeko animaliekiko errespetuz. Botako den bakarra, festen hasierako txupinazoa izango da. Aurten, urtemuga ospatzen duten herriko bi eragilek botako dute elkarrekin: Oinkari dantza taldeak eta Salbadora jubilatu elkarteak. 

Bi elkarteek mende erdia betetzen dute aurten eta Unzuek esan du festetan merezi duten aitortza jasoko dutela: “Bakoitzak bere alorrean egin duen lan bikainak merezi du errekonozimendua”.

Errespeturako deia

Villabonak berdintasunean sinesten duela nabarmendu du alkateak, festak aurkezteko ekitaldian. “Ez dugu inolako indarkeria matxistarik onartuko ez Santiotan ez inon”. Udal ordezkariek elkartuko diren pertsonen arteko errespetua, gizalegea eta elkarbizitza sanoa aldarrikatu dute. “Alaitasuna eta enpatia nagusitu daitezela beti”.

Indarkeria matxista, jarrera eta jokabide homofobo, arrazista eta bortitzek, delikuentziak eta intolerantziak tokirik ez dutela izango esan du alkateak. “Jaiak bakean, askatasunean eta segurtasunez gozatu nahi ditugu. Horrela izatea espero dugu. Villabona gozatzen eta dibertitzen dakien herria da, zaintzen dakiena, partekatzen dakiena eta horretara gonbidatzen zaituztegu”.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!