Lehengo astelehenean Topic aretoan estreinatu zen dokumentala. Jende ugari bildu zen Tolosaldea Sahararekin elkarteak 25 urteotan egindako ibilbideari errepasoa emateko Leyre Carrasco Vazek (Villabona, 1999) prestatu duen dokumentala ikustera. Ikus-entzunezko lana datorren astean ikusgai egongo da, Ataria.eus webgunean.
Nondik nora iritsi zaizu dokumental hau egiteko proposamena?
Proposamena Tolosaldea Sahararekin elkarteak egin zidan. Aurrez ere banuen harremana haiekin, elkartea Atarian praktiketan nenbilela ezagutu bainuen. Gogoan dut nola elkarrizketatu nituen Said Boushad sahararra eta Gregorio Eizagirre leaburuarra. Geroztik harremana mantendu dut elkartearekin eta ahal dudan neurrian komunikazioaren arloan lagundu izan diet.

Aurretik ezagutzen al zenuen Mendebaldeko Sahararen problematika?
Ez. Saidekin eta Gregoriorekin egon nintzenean aitortu nien gaiaren inguruan ez nekiela ezer eta hasieratik ondo-ondo azalduko beharko zidatela guztia. Asko eskertzen diet dena esplikatzeko hartu zuten lana, haien eskutik jakin bainuen gatazkaren berri, Mendebaldeko Sahara okupatu zuten garaitik, Marokorekin duten gerratik pasa eta errefuxiatu kanpamenduetako gaur egungo egoerara iritsi arte. Said han bizi izandakoa da eta bere ahotik bizipen horiek entzuteak asko hunkitu ninduen eta, horrelakoa naiz, zerbait barrura iristen zaidanean buru-belarri sartzen naiz gai horretan.
Zein ardura izan dituzu Tolosaldea Sahararekin elkartearen barruan?
Komunikazioan lagundu dut gehienbat. Kazetaritzako azken urtean nengoela webgune bat sortzeko proiektua garatu behar nuen eta elkartekoei proposatu nien haien elkartearentzako ataria sortzea, ordura arte, Facebook-a baino ez zutelako erabiltzen. Bolada batean aritu nintzen webgunea elikatzen, baina denbora faltagatik, orain tarteka baino ez ditut elkartearentzat lanak egiten. Dena den, ahal dudan neurrian, behintzat, jarraitzen dut laguntzen.
Bi alditan izan zara errefuxiatu kanpamenduetan. Nola sortu zitzaizun hara joateko aukera lehenengo aldiz?
Oso denbora tarte txikiarekin proposatu zidaten eta, ez nuen zalantzarik izan, baietz erantzun nien, joango nintzela haiekin. Karabanan joan ginen, 45 ibilgailutan. Bidaia gogorra izan zen bidean gora-behera handiak izan genituelako. Nahi baino denbora gutxiago eman genuen kanpamenduetan eta esperientzia gogorra baina polita izan zen. Merezi izan zuen.
Espero al zenuena topatu al zenuen han?
Neurri handi batean bai, joan aurretik hango bideo asko ikusi nituelako eta ideia bat baneukalako buruan. Gauez iritsi ginen kanpamenduetara eta hurrengo goizean esnatu eta haimatik ateratzerakoan kolpea jaso nuen. Baina, egia esan, espero nuena baino inpresio hobea jaso nuen, gauzak oso ondo antolatuta baitauzkate kanpamenduetan. Oso baliabide gutxirekin bizileku bat eraiki dute basamortuaren erdian eta mirestekoa da. Jende eskuzabalarekin egin genuen topo, denek ematen zizuten zeukaten apur hori.
Kontzientzia handiko herritarrekin egin zenuen topo?
Bai. Txikitatik daukate mamituta zer gertatu zaion euren herriari eta argi dute helburua, beren lurraldera bueltatzea. 15-16 urterekin mutilak gerrara joateko mentalizatuta egoten dira. Oso pertsona kontzienteak eta militanteak dira.
Konpromiso politiko hori ikusten al da dokumentalean?
Neurri handi batean bai. Hangoena eta baita hemengo jendearena ere. Elkarteak, aurten, 25 urte betetzen ditu eta beti esaten dute ez dagoela ospatzeko motiborik, horrek esan nahi baitu Mendebaldeko Sahararen egoerak bere horretan jarraitzen duela, baina data borobila izanik egokia iruditu zitzaien urteotan egindako lana 40 bat minutuko dokumental xume batean biltzea.
Nola egituratu duzue dokumentala?
Elkarteak denbora honetan aurrera eraman dituen proiektuak jaso ditugu. Horietako bat da Oporrak Bakean programa, kanpamenduetako haurrak hona Euskal Herrira udan bi hilabete pasatzera ekartzen dituena. Pentsatu genuen hemen egondako ume horiei keinua egin behar geniela; hona etorritako hainbeste haurren ordezkari gisa, urte bakoitzeko ume bat hartzea izan da asmoa.
Eta lortu duzue?
Kostata baina bai. Azkena egin den material bilketa errefuxiatu kanpamenduetara eramateko bidaia bat antolatu zuten elkartekoek eta okasioa baliatu nuen haiekin joateko, eta ume horietako gehienak elkarrizketatzeko. Aste Santutan joan nintzen beste hiru kiderekin, Ana Elosegirekin, Ana Arangurenekin eta Ines Urkolarekin. Ume horien kontaktua bageneukan baina ez zen erraza izan haiekin harremana egitea; zenbait kasutan izena baino ez genekien. Eskerrak han txofer bezala gurekin bili ziren Saidek eta Mohak lagundu ziguten. Galdezka ibili behar izan genuen batean eta bestean umeak topatu arte. Abentura bat izan zen.
'Ataria'-n ere publikatu zenituen bidaiaren kronikak.
Bai. Saiatu ginen kontakizun moduko bat egiten, nahiz eta ez zen erraza izan, Interneteko konexioa eskasa zen oso. Harea ekaitzak ere izan genituen bi egunetan eta horrek zaildu egiten zituen hartu-emanak. Gutxi-asko argazki batzuk eta bideotxo batzuk bidaltzeko aukera izan nuen.
Zein atal ditu dokumentalak?
Umeen testigantzak jaso eta gero tartekatu ditugu elkartearen hainbat proiektu hala nola Maiatza Borrokan, Bueltaka ekimena, maratoia, bidaiak, janari bilketak, hango proiektuak... Boluntario bezala elkartean ibili direnen ahotik jaso ditut egitasmoen ingurukoak eta artxibo irudiak erabili ditut. Nola ez, tarte bat eskaini nahi izan diot Agustin Agote zenari. Ekarpen izugarria egin zion elkarteari eta niri ere asko lagundu zidan bere garaian. Oso polita geratu da zati hori.
Lagundu dizute elkarteko kideek gidoiarekin, baina kazetari lanak eta filmaketaren arloa zure gain geratu da, baita muntaiarena ere.
Bai. Estu samar ibili naiz, baina gogoz eta ilusioz egin dut lana eta horrek asko lagundu dit.
Zein hizkuntzatan dago dokumentala?
Euskaraz, nagusiki, baina gaztelania eta hassaniera ere entzuten da. Azpitituluak ere jarri dizkiogu jende guztiak uler dezan, bertakoek baina baita hangoek ere.
Aurretik egin izan duzu horrelako lanik?

Puntualki. Niri, gehienbat, argazkilaritza gustatzen zait. Ikus-entzunezko lanetarako laguntza eskatu izan didate eta zer edo zer egin dut, baina ez asko. Horregatik niretzako erronka bat izan da dokumental hau egitea. Gogoa piztu dit, ordea, eta asmoa dut arlo honetan ikasten jarraitzeko. Lantxo batzuk ere eskatu dizkidate bideogintzan, hortaz, ari naiz pixkanaka. Unai Sorrarain alkizarrak asko lagundu dit horretan eta Atarian aritzen naizenez, baliabideak ere eskura izan ditut.
Zer suposatu du zuretzat lan hau prestatzeak?
Ikasteko eta Tolosaldea Sahararekin elkartearen alde nire hondar aletxoa jartzeko aukera eman dit. Dokumentala xumea da, ez da izugarrizkoa, baina ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz. Maitasun osoarekin egina da.