'Faisaien irla' pelikula eskaini eta solasaldia egingo dute Gurean

Ataria 2025eko maiatzaren 16a

Villabonako antzokian eskainiko dute filma, igandean, 19:30ean. Ondoren, Irungo Harrera sareko kide den Oihana Galardik solasaldia izango du bertaratutako ikusleekin.

Faisaien irla filma eskainiko dute igandean, maiatzaren 18an, Villabonako Gurea aretoan 19:30etik aurrera. Bidasoko mugan ematen ari den larrialdi humanitarioaren inguruko pelikula da eta horregatik, behin emanaldia bukatuta, Irungo Harrera sarean aritzen den Oihana Galardi hizketan arituko da antzokira gerturatutako ikusleekin. Irun eta Hendaia arteko mugan jasotako datuen berri emango du, besteak beste; 2021eko apiriletik hona bederatzi pertsona hil dira: bost itota, hiru trenak harrapatuta eta bat urkatuta.

Asier Urbietak zuzentzen duen filmak 10.000 ikusletik gora izan ditu zinema aretoetan apirilaren 25ean estreinatu zenetik. Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) dira filmeko protagonistak. Faisaien irla paretik paseatzen doazela ibaia zeharkatu ezinik bi pertsona igerian ikusten dituztenean hasten da pelikularen trama. 

SINOPSIA

«Zer da muga? Bi herrialde bereizten dituen marra imaginario bat? Gizakiak sorturiko fikzio bat errealitate bilakatu dena»

«Bidasok modu naturalean muga bat sortzen du ibaiaren alde bakoitzera. Muga horri beste bat batu diogu. Bi estaturen arteko frontera izatea»

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!