Langile eta pentsiodun guztiei bizi baldintza duinak bermatuko dizkieten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko larunbatean manifestazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan; Donostiakoa 17:30ean abiatuko da Bulebarretik. Soldata eta pentsio duinak, orain, hemen eta denontzat leloa eramango du mobilizazioak.
Asteroko hitzordua baliatu dute eskualdeko pentsiodunek manifestaziorako deia egiteko. «Epe luzera gizartearen mesederako izango diren neurriak behar ditugu. Herritarron artean antolatuz gero ahal dugu, ez da politika edo alderdien kontu bat, eskuzabaltasun eta duintasun kontua baizik», esan du Inma Arroyo pentsiodunak.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko parlamentuan Herri Ekimen Legegile bat kontuan har dezaten eskatzeko sinadura bilketa egiten ari dira azken asteotan pentsiodunak; 110.000 jaso dituzte, dagoeneko. Pentsioak osatzeko sistema propioa sortzeko eskatzen ari dira bilketarekin. Iñaki Elduaien pentsioduna: «Estatistikek diote legez aldaketa eginez gero hiru probintzietan 100.000 mila pentsiodunek izango luketela onura, eta horietatik, 70.000 emakumeak dira». Mugimenduko kideek funtsezkoa ikusten dute gutxieneko soldatetan eta pentsioetan genero-arrakalarekin bukatzea.
1.148 eurokoa da gutxieneko soldata eta Europako batez bestekotik urruti geratzen da. Are urrunago geratzen dira pentsioak. Horregatik, Arroyok nabarmendu du aberastasun ekitatiboan oinarritutako gizartea eraikitzea denon esku dagoela: «Guk uste dugu posible dela. Aberastasunaren banaketa justua egiteko adina aberastasun badagoela uste dugu, eskuzabaltasuna behar da ordea. Ez dugu jausi nahi gerra datorrenaren diskurtso faltsu horietan. Armamentu gutxiago eta eskubide sozial gehiago eskatzen ditugu».
Larunbateko deialdia sindikatu guztiekin adostutakoa dela azpimarratu du Elduaienek eta presioa egiteko balioko duela, Confebask eta CEN Nafarroako Enpresarien Elkartea negoziatzera eseri daitezen, lanbide arteko gutxieneko soldata duin bat ziurtatzeko eta hori bermatuko duen arau esparrua zehazteko. «Belarritik tira egin behar zaie enpresari elkarte horiei. Jarrera horrekin ez dute ezer lortuko. Eser daitezela eta sindikatuekin negoziatu dezatela».