1924ko Parisko Olinpiar Jokoetako pilotariak omenduko dituzte

Ataria 2024ko abe. 26a, 14:58

Zesta puntan urrezko domina lortu zuten Aquilino Sagarnak, Benedicto Santamariak eta Jose Andres Garatek. Behar Zana elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du larunbaterako eta tartean egingo diete omenaldia pilotariei.

Aquilino Sagarna, Benedicto Santamaria eta Jose Andres Garate pilotari billabonatarrak omenduko ditu Amasa-Villabonako Udalak larunbatean, 18:45etik aurrera udal pilotalekuan. Omenaldia Behar Zana elkartearekin batera antolatu du udalak, 100 urte betetzen baitira Parisko Joko Olinpikoetan hiru pilotariek urrezko domina lortu zutela.

Programa ofizialaren barruan, euskal pilota erakustaldiak egin zituzten 1924ko Joko Olinpikoetan, eskuz, zesta puntan eta larruzko paleta modalitateetan. Hiru pilotari billabonatarrek zesta puntako finalean parte hartu zuten Espainiako selekzioa ordezkatuz, 1924ko uztailaren 24an, Santio egunaren bezperan. Garai hartan hiruko taldeek jokatzen zuten zesta puntan, plaza librean eta 60 tantora. Frantziako selekzioa ordezkatu zuten Camino, Harizpe eta Magescas puntisten aurka lortu zuten garaipena eskualdekoek, 60-52 emaitzarekin eta, honenbestez, urrezko domina preziatua lortu zuten. Garaiko kronikek diote, Joko Olinpikoetarako espresuki sortu zutela frontoi berria Parisko la Porte de Billancourt eremuan eta milaka ikusle bildu zirela bertan.

1924ko Joko Olinpikoen barruan Joko Garbi erakustaldiak ere egin zituzten Ipar Euskal Herrian: han ere beste billabonatar baten arrastoak topatu dituzte, Adrian Berasategirenak. 14 urterekin parte hartu zuen gazteentzat antolatutako erakustaldi batean eta Frantziako Gobernuko ministro batek brontzezko domina eman zion, oraindik ere bere ondorengoek mantentzen dutena.

Hain zuzen, Joko Garbia da pilota joko zaharrenetako bat eta herri gutxitan mantentzen da, tartean, Amasa-Villabonan. Horregatik, mendeurrenaren harira, Behar Zana elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du larunbaterako eta jaialdi berezian protagonismo berezia izango du pilota modalitateak. Partida nagusiaren aurretik, 18:45ean egingo diete omenaldia 1924ko Parisko Joko Olinpikoetan parte hartu zuten pilotari billabonatarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!