Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako artikulua.
Parisko 1924ko Olinpiar Jokoen programazio ofizialaren barruan euskal pilotaren erakustaldia egin zuten hiru modalitatetan: eskuz, zesta-puntan eta larruzko paletan. Espainiaren izenean jokatu zuten euskal pilotariek urrezko dominak irabazi zituzten. Zesta-punta modalitatean, Villabonako Jose Andres Garatek eta Benedicto Santamariak jantzi zuten domina, eta ehun urte bete direnez, Amasa-Villabonako Udalak haiek omentzeko jaialdi bat antolatu du abenduaren 28rako, Behar Zana pilota elkartearekin.
Jose Andres Garate Beraza (Amasa-Villabona, 1907-Kalifornia, AEB, 1995) familia pilotazale batean sortutako puntista ezaguna izan zen. 17 urterekin parte hartu zuen 1924ko Olinpiar Jokoetan, eta Txinako, Kubako eta AEBetako frontoietan ere ibili zen gerora. Urte askoan aritu zen Tijuanako (Mexiko) pilotalekuan kudeaketa lanetan, bere anaia Pedrorekin. Benedicto Santamariak (Amasa-Villabona, 1904-1969), berriz, 20 urte zituen Parisen urrezko domina irabazi zuenean. Ameriketan egin zuen ibilbidea gero, pilotari profesional gisa, berriro Euskal Herrira itzuli zen arte.
Sao Paulon (Brasil) jaio zen Santamariaren alaba Yara Santamaria Gurrutxaga, eta esan du aita pilotaria zen garaiko oroitzapen gutxi dituela gogoan. «Euskal Herrira itzuli ginenean, beste langintza batean hasi zen aita, eta atzenduta geratu zitzaizkigun pilota kontuak». Dena den, ondo gogoan du 1955ean Villabona-Amasako Udalak aitari egin zion omenaldia, Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi eta 31 urtera. Egun hartan domina bat eman zion udalak Yara Santamariari, aitortza gisa, eta opari hori gordetzen du oraindik. Aurten ere Parisen izan dira Olinpiar Jokoak, eta Yarak tiraderatik atera du udalak emandako medaila. Harro erakusten du paparrean.
1955eko ekitaldi hartan Santamaria eta Garate omendu zituzten, eta haiekin Parisen aritutako Aquilino Sagarna donostiarrak ere jaso zuen aitortza egun hartan; haren eskertza gutuna udaletxeko artxiboan dago egun. Hain zuzen ere, Arantza Lopez zinegotziak eskertza gutun hori ikusitakoan izan zuen hiru pilotari olinpiarren berri. «Pilotari haiei buruzko informazioa bilduz joan ginen pixkanaka, eta iruditu zitzaigun oroitzeko moduko lorpena izan zela, eta are gehiago aurten, Olinpiar Jokoak berriro Parisen izan diren honetan», esan du Lopezek. «Gaur egun, herritar batek gauza bera lortuko balu, izugarrizko ospakizuna egingo genuke».
Tradizio pilotazalea
Behar Zana pilota elkartea 1943an sortu zen, eta bertako helduenek gogoratzen dituzte Santamariak eta Garatek Parisen egindako balentriak. Udal ordezkariek elkarteko zenbait kiderekin hitz eginda osatu dute orain ehun urteko argazkia, eta jakin dute Olinpiar Jokoen programaren barruan ez zirela Parisko erakustaldiak bakarrik egin, joko garbiko partidak ere jokatu baitzituzten 1924an Ipar Euskal Herriko pilotaleku batean. Han ere beste billabonatar baten arrastoa topatu dute: Adrian Berasategi Zabaletarena (1910-1970). Gazteentzako antolatutako erakustaldi batean parte hartu zuen, 14 urte baino ez zituela.
Berasategiren alaba Asun Berasategik duela urte batzuk jakin zuen aitak orain ehun urteko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuela. «Bi ahizpa gara, eta biotako bakar batek ere ez dugu gogoan aitak Olinpiar Jokoei buruzko ezer aipatu izana», adierazi du Asun Berasategik. «Duela urte batzuk etxean domina bat topatu genuen, eta orduan jakin genuen guztia». Brontzezko domina bat da etxean dutena, Berasategi zenari Frantziako Gobernuko ministro batek emana. Berasategiren alabek pozik jaso dute udalak abendu amaierarako antolatu duen ekitaldia: «Villabonan tradizio handia du pilotak, eta harro gaude gure aita horren parte izan zelako».
«Ez dut gogoan aitak Olinpiar Jokoei buruzko ezer aipatu izana. Duela urte batzuk etxean domina bat topatu genuen, eta orduan jakin genuen guztia»
ASUN BERASATEGI Adrian Berasategi pilotariaren alaba
Behar Zana pilota elkarteko Iñaki Lizasok uste du herriko taldea «indartsu» dagoela gaur arte hainbat pilotarik egindako ahaleginari esker. «Aurtengo gure talde argazkian 150 pilotari ageri dira, eta hori salbuespena da 6.000 biztanleko herri batean. Tradizio horri eusteko ahalegina eta lanketa handia dago atzean».
Joko garbia pilota joko zaharrenetariko bat da, eta Villabona da kirol hori mantentzen duen herri gutxietako bat. Horregatik, abenduaren 28ko jaialdian protagonismoa eman nahi diote kirol horri. «Goizean umeen pilota topaketak egingo ditugu, eta 16:30ean hasiko da jaialdia», esplikatu du Lizasok. «Eskolako umeak hasiko dira, gero Behar Zanako gazteen taldeen txanda izango da, eta ondoren Zubieta eta Oiartzungo taldeek desafioa jokatuko dute». Horren segidan egingo diete omenaldia 1924ko Olinpiar Jokoetan domina lortu zutenei, eta, jaialdia amaitu aurretik, Ipar Euskal Herrian onenen kategorian aritzen diren pilotariek jokatuko dute.