Elkartasun Sarearen jostailu bilketak «arrakasta handia» izan du

Ataria 2024ko abenduaren 19a

Egunotan eguberrietarako jostailuak biltzen aritu dira Zubimusu ikastolan eta Fleming herri eskolan; bi ikastetxeek egindako «lan bikaina» eskertu nahi izan du Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak.

Eguberrietarako jostailuak biltzen aritu da Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Zubimusu ikastolan eta Fleming herri eskolan egin dituzte bilketak egunotan eta «arrakasta handia» izan duela esan dute Elkartasun Saretik. Horregatik, bi ikastetxeek egindako «lan bikaina» eskertu nahi izan dute.

Zuzendaritzaren, ikasleen eta gurasoen inplikazioari esker, Amasa-Villabonako haur guztiek Olentzeroren bisita jasoko dutela ziurtatu dute, egoera ekonomikoa horretarako oztopo izan gabe. Hain justu, ostiraletik datorren asteartera bitartean egingo dute jostailuen banaketa.  «Ziur gaude zuen ekarpenak irribarre bat baino gehiago marraztuko duela haur eta familia askotan», gehitu dute.

Horrez gain, hori bezain garrantzitsua iruditzen zaie Amasa-Villabonako ikasleei jostailuen bilketa honetan transmititu zaien balioen antzekoak irakastea. «Orainaldian ereiten duguna etorkizuneko gizarte batean jasoko duguna izango da. Eta zentzu horretan, hezkuntza-eragile nagusien inplikazioa funtsezkoa iruditzen zaigu. Guztiagatik, zorionak eta eskerrak eman nahi dizkizuegu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!