Elkartasun Sarearentzat jostailuak bilduko dituzte herriko ikastetxeetan

Ataria 2024ko abe. 12a, 17:00

Zubimusu ikastolan eta Fleming herri eskolan bilduko dituzte jostailuak eta beharra duten herriko umeen artean banatuko dituzte abenduaren 20 eta 24aren artean.

Eguberrietarako jostailuak biltzen ari da Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Egunotan ari dira bilketa egiten Zubimusu ikastolan eta Fleming herri eskolan eta abenduaren 20an bildutako jolas guztiekin argazki bat aterako dute sareko kideek eta ikas-komunitatekoek. Jostailuen banaketa abenduaren 20 eta 24aren artean egingo dute. «Bilketaren helburua da ahalmen ekonomiko txikia duten familietako haurrek ez nabaritzea gabeziarik, herriko ume guztiek izan dezatela Olentzeroren bisita aurtengo Eguberrietan», esan du Julen Zelarain Elkartasun Sareko kideak.

Abenduan antolatutako ekimen hau eta urtean zehar egiten dituzten gainerakoak bi ikuspegirekin planteatzen dituztela aipatu du Zelarainek: «Alde batetik, orainari begira, momentuan sortzen diren premiak asetzen saiatzen gara eta, bestetik, etorkizunera begira jarri eta herrian baldintzak sortu nahi ditugu egoera hauei ahalik eta egokien erantzuteko». Gabonetako ekimenarekin bi helburuak beteko direla uste dute Elkartasun Sareko kideek: «Bi komunitate hain indartsuk parte hartuta seguru gaude behar diren jostailu guztiak bilduko direla, baina ez hori bakarrik, herriko bi ikastetxeen bueltan hainbeste jende dabilela ikusita, badakigu ekimen honek zirimiriak bezala bustiko duela herria. Jende askorengana iritsiko gara eta hori da bigarren ikuspegi horri erantzuteko modua; sentsibilitatea eta kontzientzia sortzea da bidea, etorkizuneko inbertsio bat da».

Pozik daude Elkartasun Sarekoak helburu nagusi hauek betetzearekin batera beste txikiago batzuk ere lortzen dituztelako: zabor gutxiago sortzea, berrerabiltzea edota ekonomia zirkularra bultzatzea, esate baterako. Iaz, gaztetxearekin batera egin zuten jostailu bilketa eta oso arrakastatsua izan zela aipatu dute, herriko ume guztien premiak ase baitziren. Soberan ere geratu zitzaizkien hainbat jostailu: «Banatu gabe geratu ziren horiek, Irrika aisialdi taldearekin batera antolatutako merkatu txikian jarri genituen». Aurten soberakinak egongo direla aurreikusi dute sareko kideek, eta dagoeneko hitz egin dute Irrikakoekin udaberrian beste merkatu txiki bat antolatzeko.

Ikastetxeak gogotsu

Fleming herri eskolako zuzendari Jexux Quesadak eskerrak eman dizkie Elkartasun Sareari bilketa hau antolatzeagatik eta, bide batez, urtean zehar antolatzen dituzten ekimenengatik. «Dena den Amasa-Villabonako komunitate osoaren laguntzeko jarrera da eskertzekoa, haiek dira benetako protagonistak». Ilusioa ere nabarmendu du herri eskolako zuzendariak, jostailua jasotzen duten haurrena nahiz premia duten familiena.

Zubimusu ikastolako ikasleek azaldu dutenez Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako proiektu komunitarioan landu dute gaia eta jostailu eta baserritar jantzien bilketa egin dute. Jostailu asko bildu dituztela nabarmendu dute eta dagoeneko utzi dute jasotako materiala Elkartasun Sarearen eskutan. «Espero dugu Eguberri zoriontsuak pasatzea eta gure ekarpenak horretan laguntzea», esan dute ikastolako ikasleek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!