Xuhar Herri Plataformak salatu du Tolosako inauterietan, Ertzaintzak jotako pilotakadaren ondorioz, eskubiko begiko ikusmena galdu duela gazte billabonatarrak. Gaztearen osatze prozesua pilotakada jaso eta segituan hasi zen, eta tartean bi ebakuntza egin badizkiote ere, jakinarazi dute azaroaren 15era arte luzatu zen errekuperazio prozesuak ez duela balio izan bere ikusmena berreskuratzeko. «Gaur gaurkoz, ez da gai aurrean duen pertsona nor den ezberdintzeko. Errekuperazio prozesua amaitutzat emanda, alta jasoa du. Hilabete oso gogorrak ari dira izaten psikologikoki Xuharrentzat zein familiarentzat, eta auzia artxibatzeak ere kolpe gogorra eragin die».
Tolosako Epaitegiak auzia artxibatu izana salatu dute herri plataformako kideek; «Ertzaintzak esku-hartzea behar bezala egin zuela iritzita, gerritik gora jotako pilotakada dela kontuan hartu gabe, mediku forentsearen azken informea kontuan hartu gabe eta Xuharren beraren deklarazioa kontuan hartu gabe». Argi utzi dute Xuhar Pazosek ez duela deklaratu, deitu ez diotelako; «prest zegoen deklaratzeko eta are gehiago, deklaratu egin nahi zuen. Epaileak autoan esaten du ez duela Xuhar deitu bere deklarazioa ez delako garrantzitsua. Epailearen iritziz, kaltetuaren deklarazioa ez da garrantzitsua». Auzia artxibatuta dagoenez, defentsak helegitea jarri du auzitegi probintzialean eta helegite horren emaitzaren zain daude gaur gaurkoz. Honen inguruan ariko dira, gaur, 19:00etan, Berdura plazan egingo duten batzar informatiboan.
ELKARTASUN JAIALDIA
Gaztearen auziak izango dituen kostuei aurre egiteko zein kostu medikuei aurre egiteko, Xuhar Herri Plataformak elkartasun jaialdia antolatu du larunbaterako, Biolentzia polizialik ez #badagaraiagauzakaldatzeko lelopean. Honela, helburu ekonomikoez gain, beste behin polizia ereduaren inguruko eztabaida jarri nahi dute mahai gainean. «Babestu behar gaituztenak eraso egiten digute, eta eraso ondoren, gainera, biktima izaera ukatzen digute», gaineratu dute.
Egun horretarako 11 kontzertu iragarri dituzte, 17:00etatik aurrera Errebote plazan, eta ate irekiera 16:00etan izango da. Kaleko Urdangak, Gorroto Bala, Sanngre, Gomaz, Frakture, Bayou La Batre, Añube, Nafarroa 1512, Azken Sustraiak, Arkada Social eta Descontrol izango dira, besteak beste. Sarrerak 20 euro balio du eta dagoeneko 1.200 sarrera saldu dituztela jakinarazi dute. Hala ere, oraindik horiek lortzeko aukera izango da Enterticket.es webgunean. Herritar orori luzatu diote gonbita, eta giro ederra espero dute.