Herri plataformako kideek esan dute pilotakada «istilu batzuen aitzakiapean» egin zela eta ondorioz, Ertzaintzak Amasa-Villabonako gazteari begian kalte ezeztaezinak eragin dizkiola, «lente kristalinoa apurtuz, besteak beste». Gaztearen osatze prozesua pilotakada jaso eta segituan hasi zela, baina errekuperazio prozesua azaroaren 15era arte luzatu dela esan dute –pilotakada otsailaren 12an jaso zuen–; «Donostiako ospitalean azaroaren 15ean hartu du alta, baina alta jaso badu ere, ebakuntzek eta errehabilitazioek ez dute balio izan Xuharri otsailaren 12an eskuineko begian galduarazi zioten ikusmena berreskuratzeko». Plataformako kideek nabarmendu dute gazteari ikusmena Ertzaintzak galduarazi diola eta alta jaso badu ere, azken astean pilotakadaren ondorioak jasaten aritu dela begia puztu egiten zaiolako eta horrek mina eragiten diolako. «Xuharrek eskuineko begitik ez du ezer argirik ikusten, ez da gai bizitza normala egiteko, ez da gai aurrean nor duen ere antzemateko», gaineratu dute.
Xuhar Herri Plataformak esan du anbulantzian, ospitalean zein zirujauak egindako txostenetan «argi» azaltzen dela Xuharri begian kaltea eragin diona poliziaren gomazko pilota bat izan dela. «Ertzaintzaren ikerketa aurrera joan ahala, akusazio partikularrari argazki eta bideoak helarazi zaizkio non argi ikusten den Xuhar tirokatua izan zela, eta Ertzaintzako agenteek ez zutela inondik inora 16 urteko gaztea artatu, hasiera batean Josu Erkorekak esan ez bezala».
Epaitegiko bideak «gora behera handiak» izan dituela esan dute eta adibide batzuk eman dituzte: «Kasuarekin zerikusirik ez duten bideoak (Xuhar tirokatu eta ordubete beranduagoko bideoak pasa zaizkio akusazio partikularrari), Ertzaintzaren
abokatu aldaketa bat medio deklarazioa atzeratzea (ondoren, akusazio partikularrari deklarazio bera atzeratzeko eskaera ukatu zaionean), edo Xuharrek berak deklaratu aurretik kasua artxibatzea».
Salatu dute epaileari nahikoa izan zaiola Ertzaintzak atzo egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. «Otsailaren 12an karga poliziala agindu zuen ertzain buruak eta Xuharri tiro egin zion ertzainak deklaratu zuten asteazkenean Tolosako epaitegian eta egindako deklarazioa soilik kontuan hartuta artxibatu du kasua epaileak». Ertzainek egindako esku-hartzea proportzionala izan zela deklaratu zutela esan dute eta gehitu zutela beraien segurtasuna jokoan zegoela eta tiroz kargatu zutela. «Antza, epaileari ere nerabez goraino zegoen kale batean tiroka astea bidezkoa iruditu zaio».
Plataformako kideek gogoratu dute otsailetik daramatela #badagaraiagauzakaldatzeko leloarekin indarkeria poliziala salatzen, «baina antza, aldatu ez dena ez da poliziaren jokabidea soilik. Epaitegiei ardura eskatu nahi diegu, behar
bezala ikertu dezatela kasua eta auziak eskatzen duen seriotasunarekin epaitu dezatela Ertzaintzaren esku-hartzea. Xuharrek ez du begia galdu, begia galduarazi dio Ertzaintzak».