Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

Prest dago finala

Ataria 2024ko abe. 10a, 12:59

Iturria: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea

Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera, eta bertan ariko da Amasako Oihana Iguaran Barandiaran.

Finalerako lau egun baino falta ez direnean, Donostia Arenan izan da finaleko zortzikotea, finala aurkezten. Zortzi bertsolari hauek izan dira, beraz, Illunben: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aneer Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Garmendia Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran amasarra. Beraiekin batera izan da Ane Ezenarro Beristain ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileen ordezkari izateaz gain, txapelduna iragartzearen arduraduna izango da larunbatean; eta harekin batera izango da Alegiako Iker Iriarte Iribar, gaiak ematen.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi zela lau hilabete beteko dira larunbatean, bere azken saioan, hain zuzen ere. Urte osoko jardunaren ondotik helduko da finala, eta gogotsu agertu dira bertako protagonistak. Guztiek hartu dute hitza, beteranoek zein lehen aldiz finalera heldu direnek, eta ilusioa eta gogoa nabarmendu dituzte.

Prentsaurrekoan egon direnez gain, beste parte-hartzaile batzuk ere izango ditu finalak. Esan bezala, Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar ariko dira finala aurkezten eta gaiak ematen. Epaitzen, aldiz, sei epaile hauek ariko dira eta idazkaria Alegiako Aratz Irazustabarrena Garmendia izango da.

Bertso-eskolak, sari emaile

Pasa den astean jakinarazi genuenez, Arantzazu Loidi Garitano izango da Gipuzkoako txapeldunari txapela janztearen arduraduna. Almen bertso-eskolaren izenean, bertako ikasle, bere belaunaldiko lehen emakume bertsolari eta bertsoaren zirrikitu ugaritan ibilitakoa da Loidi. Berarekin batera, irakasle izan zuen Patxi Goikolea Zabala izango da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emango diona.

Biek bietara, duela 50 urte sortutako bertso-eskola haren ordezkari dira, geroko bertso-eskolen unibertsoaren oinarri. Hain zuzen ere, aurtengo txapelketako irudian nola, hala irudikatuko da sari emaileetan ere unibertso hori: Gipuzkoako bertso-eskoletako ordezkariek emango dituzte gainontzeko sariak ere.

Larunbatean jende, joan-etorri eta bestelako ugari espero dira eta antolakuntzatik zenbait ohar luzatu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!