Atzo Antxon izandako hilketa matxista erabat gaitzetsi eta «saminik sakonena» adierazi du Pasaiako Udalak. Honen aurrean hiru eguneko dolua ezarri du, gaurko 00:00etatik astearteko 23:59era bitarte. Ondorioz, bertan behera utzi ditu egun hauetarako aurreikusitako ekitaldi guztiak.
«Bizi duguna, eta bizitzen ari garena, oso lazgarria da, eta gure herrian eragindako kolpea, oso gogorra. Indarkeria matxista lehen mailako gaitza da. Jendarte osoari eragiten dio, egunero dugu horren berri, eta gaur gertatutakoa horren adibide garbia da», esan du udalak, ordezkaritza duten talde politiko guztien izenean. Honenbestez, babesa eta elkartasun osoa adierazi diote emakumearen senideei, eta «egoera gertutik bizi izan duten herritarrei». Udal baliabideak haien eskura jarri ditu udalak.
«Herri bezala» erantzutera deitu dute, eta hala, gaur eguerdian Pasaiako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egin du udalak. 12:00etan bildu dira herritarrak, Antxoko Biteri plazan.
Udalak herrian bizi diren pertsona guztien eskubideak bermatzeko ardura duela gaineratu du, «eta, beraz, ahalegin horretan jarraituko dugu, egunero kolpatzen gaituen indarkeria matxistaren kontrako lanean».
Halaber, Amasa-Villabonako Udalak bat egiten du Pasaiako Udalak egindako Adierazpen Instituzionalarekin, eta hilketa hau salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.