Aitzondo elkartea eta Agurtzane Alkaiaga irabazle, azoka jendetsuan

Ataria 2024ko irailaren 14a

Ikusmina piztu du, beste behin, Villabonako Irrintzi elkarteak Errebote plazan antolatutako 29. Azoka Bereziak. Ohiturari jarraituz, isats gisatu lehiaketa egin dute eta Asteasuko Aitzondo elkarteak irabazi du; azokako postu onenaren saria, berriz, Agurtzane Alkaiaga ibartarrak irabazi du.

Beste urte batez, Villabonako Irrintzi elkarteak antolatuta, Azoka Berezia egin dute goizean, Errebote Plazan. Eguraldia lagun izan dute ekitaldiaren 29. edizioan, eta horri esker, herritar nahiz bisitari asko bildu da plazan.

Ohiturari jarraituz, bi lehiaketa egin dituzte. Batetik, isats gisatuarena. Zortzi elkartek parte hartu dute aurten, eta epaimahaiaren iritziz, Asteasuko Aitzondo elkarteak kozinatutakoa izan da onena. Behar Zana elkartea izan da bigarren, eta Amasako Uxo Toki hirugarren.

Bestetik, azokako postuen lehiaketa ere egin dute. Hiru postu onenek jaso dute epaimahaiaren saria. Mikel Berastegiren postua sailkatu da hirugarren, Gonzalo Garciarena bigarren, eta Agurtzane Alkaiaga ibartarrarena, txapeldun izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!