Jostea batere gustatzen ez bazitzaion ere, lan horretan bukatu du Agurtzane Alkaiaga Maiza (Ibarra, 1974) artisauak. Tela ezberdinak hartu eta osagarriak egiten ditu, Agur markaren aterpean: poltsak, motxilak, buruko zapiak, koleteroak... Gehienbat sare sozialak ditu egiten duenaren erakusleiho.
Noiztik datorkizu osagarriak egiteko afizioa?
Nire amak betidanik josi izan du etxean, baina niri ez zait inoiz gustatu. Gaztea nintzen, eta buruan beste gauza batzuk nituen. Olaberriako Carrefourren, gizonezkoen sekzioan hasi nintzen lanean. Galtzei barrenak hartzeko eskatzen zuten askok, baina han lan egiten genuen inork ez zekien josten. Egun batean, nagusia etorri zen josteko makina bat hartuta, eta esan zidan ordutik aurrera nik arduratu beharko nuela barrenak hartzeaz. Lotsa ematen zidan; izan ere, mostradore batean jarri ninduten, denek ikusten nindutela. Ezagunak ikusten nituenean, lotsatu eta mostradore azpira sartzen nintzen. Poliki-poliki ikasten joan nintzen.
Hor piztu zitzaizun josteko harra?
Makina erabiltzen ikasi nuenez, niretzat gauzak egiten hasi nintzen. Etxerako mahai zapiak, gortinak edota inauterietarako gonaren bat egin nituen. Imajinazio handia izan dut betidanik, eta gustatzen zaidan hori neure eskuekin egitea gustatu izan zait. Tela polit batzuk erosi eta gauzak egiten hasi nintzen. Orduan ez zegoen ez Youtube, ez tutorialik. Amari galdetuz eta gauzak josita nola zeuden begiratuz joan nintzen osagarriak egiten. Ikusi nuen egiten nuena asko gustatzen zitzaiela nire ingurukoei. Baina, garai hartan, lana utzi nuen, haurrak izan nituen, beste lan batean hasi nintzen, eta denbora nahikorik ez nuen gauza horiek egiten ibiltzeko.
Hala ere, egiteari ez zenion utzi.
Lan berri bat bilatu nuen eta ordutegia goizez izaten nuen. Hor hasi nintzen berriro josteko makina atera eta niretzako gauzak egiten. Lanera joan eta lankideei nik eginda neramana gustatzen bazitzaien eskatu egiten zidaten beraientzat egiteko. Gero, eskaerak gehitzen joan zitzaizkidan. Horrela, tela gehiago erosten hasi nintzen, aukera gehiago izateko. Hasieran bi modelo egiten nituen, motxilak biak, beltza eta grisa, eta jo eta su aritu nintzen horiek egiten, eta tela berriak erosi heinean modelo berriak sortzen hasi nintzen.
Eta forma eman zenion proiektuari.
Geroz eta eskari gehiago hasi zitzaizkidan iristen, eta egun batean Ibarrako azokan postua jartzera animatu nintzen. Sorpresa ederra hartu nuen, eramandako guztia saldu nuela ohartzean. Hortik, dendetatik deitzen hasi zitzaizkidan, egiten nuena dendetan jartzeko. Nirekin apustu sendoa egin zuena Tolosako Avalon denda izan zen. Sekulako poza eman zidan, horrelako denda batean nik egindako zerbait salgai jartzeko aukera izateak. Eta esaten zidaten jendea apropos joaten zela nik egindako motxilak erostera. Pertsonalki satisfazio handia ematen zidan horrek. Beste denda batzuetatik ere kasu egin zidaten, eta ezezko batzuk eman behar izan nituen. Izan ere, beste lan bat ere banuen, eta estresatzen hasi nintzen.
Denetara ezin iritsi?
Kontua da ni neu bakarrik nengoela eta nagoela gauza guztiak egiteko. Telak erosi, diseinatu, josi... horrez gain, bizitza bat ere badaukat eta zeregin eta ardura batzuk ditut. Eskerrak nire senarrari, bera gabe ezingo nukeelako egiten ari naizen guztia egin.
«Honetaz ez dut aberastu nahi; eta argi dut artisau batek ezin duela aberastu. Egin eta saltzeak egiten nau zoriontsu»
Eta momentu batean artisau izatetik bizitzeko apustua egitea erabaki zenuen.
Proiektua handitzen zihoan eta horretatik bizitzeko hautua egitearen ideia buruan nerabilkien. Iaz langabezian geratu nintzen eta apustua egitea erabaki nuen. Nire paroa kapitalizatzea pentsatu nuen eta probatzera animatu nintzen. Autonomo bezala hasteak sekulako lana eman zidan hasieran, baina gero, erabakiak momentuan hartzen joan naiz. Adibidez, hasiera batean, nire intentzioa web orri bat egitea zen, baina ikusi nuen Instagramekin bakarrik nahiko lan badudala: argazkiak atera, publikatu, bideoak editatu, jendeari erantzun...
Etxean egiten duzu lan. Erraza da lanorduak bestelako lanekin koordinatzea?
Ordutegi finkorik ez daukat, eta lanak pilatzen zaizkit. Etxean txoko bat prestatu dut lanerako, baina, askotan, lanean hasten naiz eta tarte bat hartzen dut labadora jartzeko, berriro esertzen naiz eta atea jotzen didate. Lokal batean egongo banintz bururik altxa gabe lanean, beste gauza bat izango litzateke. Baina lokala ordaindu egin behar da, eta ez dut horretarako aukerarik, daukadanarekin moldatu besterik ez dut. Hala ere, oso pozik ari naiz lanean.
Merkatua sare sozialetan daukazu kokatuta?
Jende asko dabil, esaterako, Instagramen. Ez naiz egunero-egunero post bat igotzen duen horietakoa, baina astean astindu bat eman behar zaiola argazki batzuekin edo bideoren batekin argi dut. Bestela atzera geratzen zara. Jarraitzaileak horrela lortzen dira, eta zenbat eta jende gehiago erakarri, saltzeko aukera gehiago ditugu. Nire salmentak hortik doaz. Iaz garai honetan, esaterako, 2.000 jarraitzaile nituen, eta aurten ia 30.000 ditut. Hor egoteak, hor aritzeak ekarri dit hori.
Eta azoketan parte hartzen duzu?
Ez naiz azokaz azoka ibiltzen. Hala ere, Ibarrako iraileko azokan beti hartzen dut parte, jendeak nire produktua ikusi, ukitu, probatu nahi duelako. Sare sozialetatik saltzen duzunean ezin duzu ez ukitu ezta probatu ere, eta koloreak ere argazkiaren arabera nahasgarriak izan daitezke. Alde horretatik oso ondo daude azokak. Zer gertatzen da? Azoka bat prestatzeak sekulako lana eskatzen duela, ahalik eta gauza gehien eramatea gustatzen zaidalako, nire lana zein den erakusteko. Denbora eskatzen du ordea, eta stocka izatea ere bai. Stocka badut eta ondo badatorkit, animatzen naiz.
Sormenerako ere beharko duzu denbora.
Egia esan ez dut ezer asmatu, dena dagoelako asmatuta. Nik neure kutsua ematen diot egindakoari, neure estiloa. Lehenik niretzako sortzen ditut, eta egin ahala konturatzen naiz zertan hobetu daitezkeen.
Mota askotako oihalak erabiltzen dituzu.
Era guztietako telak erabiltzea gustatzen zait: olana, kotoia, barrubigunak... Eta mertzeria aldetik zinta ezberdinak, kremailera politak erabiltzea dut gogoko, detaileek poltsa janzten dutelako. Adibidez, tela metro gutxi eta desberdin asko erosten ditut. Konbinaketa gehiago egiteko aukera ematen dit. Eta ez dut bildumak osatuz lan egiten. Sormena datorkidanean, poltsa modelo bat egiteko gogoa sartzen zait eta jo eta su aritzen naiz horrekin, denboraldi batez. Eta gero aldatu egiten dut, bestela beti berdina egiten aspertu egiten naiz, eta gainera, ez dut mundu guztia poltsa berdinarekin ibiltzea nahi.
Hasiera batean, zuk egindako motxila asko ikusten ziren kalean.
Lehen motxila jakin bat egiten nuen, eta herri guztia bete zen motxila horiekin. Beste artisau batzuk ere estilo horretako motxilak egiten hasi ziren, eta estilo bereko hainbeste motxila ikusteaz aspertu egin nintzen. Aspertzen naizenean, ez ditut politak ikusten, beraz, behin hori sentitzean, utzi egiten dut egiteaz eta beste zerbaitekin hasten naiz. Eguraldi ona egiten du, eta jendeak buruko zapiak eskatuko dizkit, ba hori egingo dut. Edo euria dator eta bustitzen ez diren poltsak eskatzen dizkidate, edo udaberrian kolore biziak eskatzen dizkidate. Eta gauza bakoitzetik ez ditut gehiegi egiten, asko jota hamar bat osagarri. Horiek saltzen direnean, modelo bezala geratzen dira sare sozialetan, eta norbaitek modelo jakin bat eskatzen badit, berdina egiten diot enkarguz.
Zer sentitzen duzu norbait zuk egindako poltsarekin ikusten duzunean kalean?
Sekulako poza. Orain pixka bat ohitu ere egin naiz, baina ez pentsa. Batzuetan soinean daramana nik egindakoa dela esateko gogoa izaten dut.
Poltsa bakar bat egiteak bere lana izango du.
Motxila bat egiteko denbora bat pasatzen dut. Eta askotan esaten da: «Ze garestia, ezta?». Baina nik motxila hau egiteko denda batera joan eta tela erosi behar izan dut, konbinaketak egin ditut ikusteko ea ondo doazen, josteko denbora hartu dut, argazkiak atera behar izan dizkiot edo bideo bat editatu behar izan dut bezeroak nire produktua ezagutu dezan... Prezioan dena sartzen da. Beharbada lehen nire begiekin ez nuen ikusten, eta behar zena ez nuen kobratzen. Horretan asko lagundu dit inguruko jendeak, eta Tolosaldea Garatzen agentzian ere lagundu ninduten prezioaren kontuarekin.
Osagarrien prezioa jartzen hasi zara Instagramen.
Azken postetan jarri dut, bai, jendeak galdetu egiten duelako. Lehen ez nuen egiten, edonork ikus zezakeelako zure lana zenbat kobratzen duzun. Baina konturatu naiz jendeari lotsa ematen diola galdetzea, eta galdetzen dutenei erantzuteak denbora kentzen didala. Beraz, jartzea erabaki dut, prezioak justuak direlako. Gauza bera gertatu zitzaidan sareetan ni neu agertzearekin. Lehen esku batetik zintzilik jartzen nuen poltsa, baina bezeroak ez zion antzematen poltsa handia edo txikia zen. Beraz, lotsak alde batera utzi eta kamera aurrean jartzera animatu nintzen, proportzioak hobeto ikusteko.
Nora bideratu nahiko zenuke proiektua?
Egin eta saltzeak egiten nau zoriontsu. Nik honetaz ez dut aberastu nahi; momentuz, egiten dudana saldu nahi dut eta soldatatxo bat atera, lasai bizitzeko. Artisau batek ezin du aberastu, hori argi dut.