Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

«Udaberrian ez nintzen gustura aritu bertsotan, eta hori hobetu nahi dut orain»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 11a, 11:58

Txapelketan esperientzia handienetakoa duen eskualdeko bertsolaria da Beñat Iguaran Amondarain amasarra. Gorostarzuk bezala, txapelketaren azken lau edizioetan parte hartu du, baita 2017ko Txapelketa Nagusian ere.

Hain justu, berastegiarrarekin batera kantatuko du final zortzirenetan, Lazkaoko saioan. Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Julen Zulaika eta Oihana Arana izango dituzte oholtzakide.

Nola ikusten duzu zure burua txapelketari ekin aurretik?

Azken bi urteetan, txapelketaren bat hurbiltzen denean, bertso eskolara joateko ohitura izaten dut, baina bestela, ez. Udaberriko fasean askotan elkartu izan ginen, eta uda honetan, geldialdiren bat egin badugu ere, ni saiatu naiz elkartzen, eta irudipena dut udaberrian baino gusturago nagoela.

Zuk, Beñat, udaberrian esan zenuen bi helburu zenituela. Udazkeneko txapelketan aritzea eta bertsotan txukun samar egitea. Bat bete zenuen. Bestea ere bai?

Bertsotan ez nintzen gustura aritu, eta hori hobetu nahi dut orain, txapelketan. Arantza hori kendu nahiko nuke.

Presiorik sentituko duzu?

Ez dut uste. Aurreko edizioan finalerdietan aritu ziren bertsolariak daude tartean, eta izenez, saio hobeak izan beharko lukete berez, baina oraingoz, ez dut presiorik sentitzen, ez behintzat udaberrian baino handiagoa.

Zein helburu duzu?

Helburua baino gehiago, txapelketan aurrera egitea nahi bat da. Lehen fasean, ondo eginez gero, bigarrenera pasako gara, eta gero, ikusiko dugu, baina oraingoz, nik behintzat, ez diot helbururik jarri nahi nire buruari.

Nolako txapelketa izango da zure ustez?

Irudipena dut aurtengo ediziora arte gazteen multzoan sartu izan dudala nire burua, eta aurten, berriz, zaharrenen edo beteranoen multzoan. Bertsolari oso onak datoz atzetik, koadernoa guk baino gehiago astintzen dutenak, eta hori berri oso ona da bertsozaleentzat, baita guretzat ere. Azken hamarkadan ez da egon bertsolari bat gaztetatik asko nabarmendu dena, baina orain, 20-22 urte inguruko gazte multzo bat badago, jauzi handi bat eman dezakeena.

Ba al dago bereziki gustatzen zaizun edo prestatuko duzun ariketarik?

Nik ez dut ariketarik bereziki prestatu. Koplatako ariketa, adibidez, ondo ateraz gero, oso polita da, baina ez da batere erraza ondo ateratzea, gaizki ateratzeko arrisku handia duelako. Aurten, gainera, egin beharreko lanen ordena aldatu dute. Bakarkakoari beti ematen zaio garrantzia, eta aurten ere izango du, baina saioaren erdialdean sartuta, ez dakit ba.

Koplatako ariketa, gainera, saioan egin beharreko azkena izango da.

Bai. Txapelketan ez da oso ohikoa koplatako ariketa egitea. Aurten probatu egin beharko dugu eta ea zer moduzko esperimentua izaten den.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!