Aurtengo jaietan «giro atsegina, ona eta alaia» nagusitu direla esan du Amasa-Villabonako Udalak, jaien osteko balorazioan: «Esan dezakegu, jai jendetsuak izan direla, guztion arteko elkarbizitza oso ona izan dela eta errespetua gailendu dela».
Herriko mugimendu feministak egindako prebentzio lana azpimarratu eta txalotu du udalak: «Aipagarria da ez dugula inolako eraso matxistaren berririk izan, oraingoz ez da salaketarik egon eta ez da talde feministekin osatutako protokoloa aktibatu beharrik izan. Horrek ez luke albistea izan behar, baina zoritxarrez berri pozgarria dela adierazi behar dugu».
Era berean, garrantzia handiko gertakari tamalgarririk ez dela izan gehitu du: «Saihestezinak izaten diren liskar txiki, lapurreta saiakera eta jokabide desegoki batzuk egon dira, baina zorionez ez dute ondorio larririk izan. Hala ere, gure elkartasuna adierazi nahi diegu larunbat arratsaldean barraka batean izandako zorigaiztoko gertakari batean zauritutako haurrari eta bere familiari».
Egitarauan jasotako ekintza «ia guztiak» aurrera atera dira, «salbuespen bakarra bertan behera geratutako Eresargi gazte abesbatzaren kontzertua izan da». Izan ere, festetako azken egunean Eresargi gazte abesbatzak kontzertua eskaini behar zuen Berdura plazan, baina taldearen barne-arazoak zirela medio, bertan behera geratu zen.
Hala ere, herritarren parte hartzea eskertu dute, baita ekintzak antolatzen eta aurrera eramaten lanean aritu diren elkarte guztien laguntza ere. «Ezin ditugu aipatu gabe utzi udaleko langileak; kale garbitzaileak, udal brigadako langileak, Udaltzainak, kultur teknikariak... dena behar bezala atera zedin lan bikaina egin dute beste behin».
Bukatzeko, udalak argi utzi nahi izan du jaien balorazioa egitea Santio Jai Batzordeari dagokiola eta horregatik irailean jai batzordeak balorazio bilkura bat egingo duela. Bertan aztertuko dira jaietan zehar ondo eta gaizki egindakoak, beti ere datorren urteko Santio Jaiei begira irakaspenak atera eta hobekuntzak proposatzeko helburuarekin.