Erroskillaren erretzearekin agurtu dituzte Santio Jaiak

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 1a

Zortzi eguneko jai egitaraua izan dituzte Villabonako Santio Jaiak eta amaiera ezinhobea eman zioten atzo, garai batean egiten zen erroskillaren erretzearekin. Horren ostean, festetako irudien proiekzioa egin zuten Erreboteko plazan.

Uztailaren 24an abiatu zituzte billabonatarrek Santio Jaiak eta zortzi egunetan zehar izan dute zertaz gozatu. Atzo izan zuten festarako azken eguna, eta amaiera ezinhobea eman zioten aurtengo Santio Jaiei. Hain zuzen, garai batean jaien azkeneko egunean egiten zen erroskillaren erretzearekin agurtu zituzten festak.

Txupinazoarekin batera, festak hasi ziren egunean udaletxera igo zuten Jon Iñaki Ormazabal herriko artistak egindako erroskilla. Bertan egon zen, atzo, erroskillaren hileta ospatzeko jaitsi zuten arte.

Herritar talde batek hartu zuen erroskilla, eta horiek kultura ezberdinetako heriotza errituez mozorrotuta zeuden. Lehen, ohitura katolikoari jarraituz, denak beltzez jantzita ateratzen ziren. Atzo mozorrotzeko deiarekin bat egin zuten herritar ugari animatu zen heriotza errituez mozorrotzera. Honela, erroskilla eskutan hartuta, herriko kaleetan zehar kalejiran ibili ziren, Lasko txarangak girotuta.

Errebote plazara iritsita, herritar ugari zituzten esperoan, eta plazaren erdigunean zegoen sutzarrera bota zuten erroskilla aurtengo Santio Jaiei amaiera emanez. Horren ostean, ohi bezala, Santioetako irudien proiekzioa egin zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!